Kopako zoramenetik, Ligako errealitatera bueltatuko da gaur Hernani, eta Burgosen jokatuko du, igo berriaren zelaian. Baina edozein ahulezia esperantzatatik urrun, oparirik ez dute egingo etxekoek: kontrario haundiak menderatu ditu Burgosek, San Amaron; El Salvador eta Independiente, besteak beste.
Hori horrela, partidu gogorra izango da, 12:30etatik aurrera trikoloreek jokatuko dutena. Bere aurreneko urtean, play off postuak puntu bakarrera dauzka Burgosek, baina Hernani ere ez dago horren urruti: zortzi puntura dauka Burgos, eta aurreko jardunaldian La Vilari irabazita, tarte txiki bat egin du, atzekoekin.
Azkeneko urteotan baino irekiago dago dena, eta liga bukaera honetan bere maila onena emanez gero, gauza politak egin ditzake Hernanik.
Aurreneko puntuak gaur bilatuko ditu, etxean haundi egin den kontrario baten aurrean. Landaren, 8-6 nagusitu zitzaizkien trikoloreak; Burgosen, zergatik ez?
Zaleen laguntzarik ez du faltako behintzat, autobusa antolatu baitute joateko. Hernanin geratu direnek, interneten ikus dezakete, zuzenean: www.hernanirugby.eus.