Urtea hasi denetik korrika dabiltzanak, desiatzen izango dira, urteko aurreneko krosak iristeko, inguruan. Eta otsailean izango dira aurreneko biak, zita klasikoak hernaniarren egutegietan: Urnietako Salesiarren On Bosko krosa; eta etxeko lasterketa, Sagar Lasterra.
Krosa eta ipar martxa, datorren igandean
On Bosko krosa izango da aurrenekoa, datorren igandean, Salesiarren ikastetxean. Joan den urtean bezala, aukeran izango dira krosa eta ipar martxa txapelketa, eta goizeko 11:00etan abiatuko dira, zazpi kilometroko ibilbidea osatzeko, Urnietako herrigunean.
Izenematea zabalik dago, www.herrikrosa.eus webgunean, 10 euroan. Ipar martxan, dagoeneko askogatik gainditu dute iazko kopurua: 60 izan ziren, eta ia 100 daude orain. Motelago doaz kroseko izenemateak, oraingoz.
Joan den urtean, hiru hernaniar izan ziren txapeldun: Eva Esnaola krosean, eta Agustin Urretabizkaia eta Marijo Villalba ipar martxan. Oparia, ordea, partehartzaile guztiek jaso zuten, aurten bezala, eta zozketa ugari izango dira, denen artean.
Sagardotegien ibilbidea, otsailaren 23an
Hernaniko lasterketen artean, berriz, Sagar Lasterrak irekiko du denboraldia, otsailaren 23an. Goizeko 11:00etan Ibarluze poligonotik abiatuta, 8,9 kilometroko ibilbide klasikoa egingo dute, sagardotegietan barrena, Ave Maria parkean bukatzeko.
Izenemateak zabalik daude, aurten bi webgune ezberdinetan: www.kirolprobak.com edo www.rockthesport.com. 10 euro dira, eta barne izango dute kamixeta, irteerara joateko autobus zerbitzua, aldagelak eta dutxak kiroldegian, eta oparien zozketan partehartzea.