Mugikorrentzako 4G teknologia jartzeko, antenak egokitzen ari dira telefonia operadoreak Goizuetan. Udalak Bando bidez azaldu duenez, «telefono seinale horiek TDT telebista seinaleen frekuentzia berean daudenez, interferentziak sortu ditzakete eta horregatik, baliteke etxeetan telebista seinalea gaizki jasotzea».
Llega800 enpresarekin, harremanetan
Egoera horretan dauden goizuetarrek Llega800 enpresarekin harremanetan jartzeko eskatu diete, bera baita «izaera honetako gertaerak soluzionatzearen arduraduna». Eta jakinarazi du: «Udalak ez du eskumenik gai honetan eta herriko etxeetan telebista ez bada behar bezala ikusten, Llega800 enpresarekin harremanetan jartzea aholkatzen du».
Aurreneko sei hilabeteetako intzidentziak, doan
Gainera, iragarri dutenez, «antenak instalatzen direnetik sei hilabeteko epean jasotzen diren intzidentziak Llega800 enpresak doan soluzionatuko ditu».
Eta kasu honetan, Goizuetarenean, azkeneko antena 2018ko azaroan instalatu zen. Hortaz, «2019ko apirila bitartean jasotako intzidentziak. doan konponduko dira».
Dena den, gogorarazi dute honi guztiari buruzko informazioa etxeetara bidali zuela enpresak berak eskuorri bidez. www.llega800.es web-orrian edo 900 833 999 telefonoan aurkitu daiteke informazioa, baita intzidentzien berri eman ere.