Urtero bezala, bazkide berriak egiteko deia luzatu du Umore Ona elkarteak aurten ere. Herritar guztiei egin diete gonbidapena, Goizuetako elkartearen parte izateko.
Bi sarrera kuota, adinaren arabera
Gazteei zein helduei egin diete deia, Umore Onako kide egiteko. Betiere, ezinbestekoa izanen da 18 urtetik gorakoa izatea, elkarteko bazkide egin ahal izateko, baita sarrera-kuota bat ordaintzea ere.
Adinaren arabera eginen da ordainketa hau. Horrela bada, 18 eta 25 urte bitartekoek 300 euroko sarrera-kuota izanen dute; ordainketa bakarra egin daiteke edo, bestela, 25 euroko 12 kuotatan.
25 urtetik gorakoek, aldiz, 510 euroko sarrera-kuota izanen dute. Hamabi zatitan ere ordaindu ahal izanen da: 70 euroko aurreneko kuota bat, eta 40 euroko beste hamaika.
Ezinbestekoa izanen da 18 urtetik gorakoa izatea, baita sarrera-kuota bat ordaintzea ere.
Otsailaren 16ra arte, eskaerak
Dagoeneko egin daiteke eskaera bazkide berri izateko; elkartean bertan apuntatu ahal izanen da. Otsailaren 16ra arte izanen da aukera horretarako. Izena emateaz aparte, egungo bi bazkideren babesa ere beharko dute bazkide berriek.
Martxoaren 16an, elkartearen batzar orokorra
Umore Ona elkartetik jakinarazi dute, baita ere, gutxienez hilabete itxaron beharko dutela izena ematen dutenek, onartuak izan diren ala ez jakiteko. Izan ere, martxoaren 16an izanen da aurten, elkartearen batzar orokorra.