«Neska gazteei eman nahi izan dizkiegu emakume erreferenteak, arlo desberdinetan»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 26a, 01:00

Bere aurreneko liburua argitaratu berri du Kalaka komunikazio taldeak: Nerea Uria hernaniarrak diseinatu, eta Ilazki Gainza donostiarrak idatzi. 12 emakume edo kolektiboren biografiak bildu dituzte bertan, eta ariketak ere bai bukaeran, «irakurketatik haratago bideratzeko, liburua esku artean daukana». Liburutegietan dago eskuragarri, Hernanin eta Asti­garragan adibidez; eta hainbat puntutan salgai, 10 euroan: Her­­nanin, Pitxin den­dan; eta in­ter­neten, kalaka.eus eta pi­ka­ra­ma­­gazine.com web orrietan. Sare sozialetan ari dira eguneratzen, salmenta puntuak zein diren.

Emariak liburua argitaratu duzue. Emaitzarekin pozik?
Oso pozik geratu gara, bai. Lan­keta haundia egin dugu, asko kostatu zaigu, eta lehengo urte osoa eskaini genion liburuari. Azal gogorra jarri diogu, liburu itxura txukunagoa ematen ziolako. Eta espero dugu, jendeari ere gustatzea eta eragin minimo bat izatea herritarrengan, guraso eta irakasleengan…

12 emakume edo talderen biografiak bildu dituzue liburuan, euskeraz.
Bai, 12 biografia dira: bi kolektibo eta 10 emakume norbanako. Horietatik bi dira euskaldunak, eta beste hamarrak na­zio­ar­tekoak. Emakumeei buruz topatu ditugun bilduma asko, erderaz izan dira. Zorionez, egiten ari da ikerketa lan hori, eta gero eta emakume gehiagoren ekarpenen berri daukagu, bai liburuetan eta bai sarean. Baina gehienak erderaz daude, euskeraz ez dugu horrelakorik topatu. Eta guk, euskerari ga­rrantzia ematen diogun aldetik, inportantea ikusten dugu euskeraz ere horrelako baliabideak eskaintzea.

Helburua izan da, emakumezko erreferenteak ere azaleratzea. Gizonezko erreferente asko dauzkagu, eskolan zein eskolatik kanpo jasotzen ditugunak; baina emakumezkoak gutxi dauzkagu, eta gaian interesa dugunok bakarrik ezagu­tzen ditugu. Eskolan eta bestelako formakuntzetan ez da haien berri ematen. Liburu ho­nekin, hutsune hori bete nahi dugu pixka bat, eta euskal jendarteari baliabide bat eskaini. Jatorri, arlo eta garai ezberdinetako emakumeak bildu ditugu, ez delako gauza bera kimikaria izatea orain edo duela 100 urte, Europan edo Afrikan…

Zeinenak dira, jaso dituzuen biografiak?
Bi kolektiboetan aurrenekoa da, etxeetan lan egiten duten emakumeen kolektibo anitz hori, leku guztietan dagoena. Eta bestea, sufragistena, emakumeen bozka eskubidea lortu zutenena. Giza eskubideen bo­rrokaren atalean sartu ditugu biak. Eta hamar norbanakoetan, saiatu gara hain ezagunak ez zaizkigun emakumeak jaso­tzen. Izan ere, zorionez, badira ezagunak ditugun idazle edo pin­­tore batzuk, Simone de Beau­voir edota Frida Kahlo esa­terako. Hori horrela, esaterako, Leona W. Chalmers sartu dugu, kopa menstruala asmatu zue­na. Berari buruzko informazioa lor­tzea asko kostatu zaigu, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Beste bat da Melitta Bentz ekintzaile alemaniarra, borroka haundia egin zuena berak sortutako kafe filtroa patentatu ahal izateko. Bi euskaldunak, berriz, dira Elbira Zipitria, euskeraren eta hezkun­tza metodologia aurreratuekin lan haundia egin zuena; orain daukaguna, hein haundi batean berari esker delako. Eta Jo­sefa Molera kimikaria, bo­rro­­ka haundia egin zuena, doktore­tza egiten zuen bitartean klase partikularrak eman zi­tu­e­na bizirauteko. Gainerakoak dira, Alexandria­ko Hipatia zien­tzia­la­ria, Junko Tabei alpinista, Hedy Lamarr elektronika ingeniaria, Alice Guy zinegilea, Miriam Makeba abeslaria, eta Wangari Maathai ingurumenaren aldeko ekin­tzaile eta politikaria.

Azken batean, neska gazteei erreferente batzuk ere eman nahi izan dizkiegu, beste arlo batzuetakoak. Emakumezko idazleak ezagutuko dituzte, baina zenbat izango dira idazle gero? Horregatik txertatu nahi izan ditugu emakumezkoak, ezagutzen ditugun horietaz gain, arlo ezberdinetan. Ez baldin badauzkate horrelako erreferenteak, zaila izango da ho­rretan pentsatzea eta amestea.

Bide batez, nahi genuke li­bu­rua aitzakia bat izatea, heldu­ek haurrekin hitz egiteko liburu­an aipatzen diren garai eta oztopo horietaz. Eta egunerokotasunean, gustatuko li­tzaiguke parekatzea tratuan, gizonezko eta emakumezkoen lorpenak; hori horrela bada, gazteen arteko tratuan ere onura ekarriko du.

«Gurasoek badaukate gogoa eta interesa, mutil eta neskak beste modu batera hezteko, baina baliabideak falta dira» 

Beraz, helduentzako zein haurrentzako liburua da...
Helduei zuzenduta dago, haiek irakurtzeko moduan; ez hau­rren­tzako egokituta. Baina da­go­eneko etorri zaigu jendea, esanez gauetan ipuin bezala irakurtzen dizkiela biografiak seme-alabei. Guk ez genituen emakumezko erreferenteak eza­gutu eskolan, eta beraz, nola transmitituko dizkiegu haurrei? Baliabideak falta dira, haurrak beste modu batera hezi nahi ditugunean. Horre­ga­tik, jen­dearengana iritsi nahi dugu, eta salgai ez ezik, liburutegietan eskuragarri ere egongo da.

Honek begiak ireki dizkigu, ikusi dugu behar direla horrelako tresnak etxeetan, eta nahi­ko genuke linea honetatik ja­rrai­tu. Buruan daukagu beste zerbait, publiko objektiboa hau­rrak izango dituena, jolas mo­duan edo… Aurreiritzirik gabeko pertsonak dira haurrak, eta gizonezko zein emakume erreferenteak pareko erakusten ba­dizkiegu, hori izango da bidea, normalizatzeko. 

Zein izan zen abiapuntua?
Ideia etorri zitzaigun, duela bi urte hasi ginelako Emariak izenarekin eskoletan hezkide­tza lantzeko plangintza bat pro­posatzen. Ikusi genuen, gaur egungo curriculumean, erabil­tzen diren erreferenteen %75a gizonezkoak direla, eta zerbait egin beharra sentitu genuen. Horregatik, nahi genituen osa­tu fitxa batzuk, eskolan lan­tzen diren arloetako emakumezko erreferenteekin, ikasgaietan txertatzeko irakasleek. Baina hori lortzea ez da erraza. Orduan, ez genuen kontua alde batera utzi nahi, eta pentsatu genuen, behintzat tresna bat sortu, eta etxeetara jotzea. Hor­taz, liburu dibulgatibo bat egin nahi izan dugu, irakurterraza baina arinkerian erori gabe, zertzelada batzuk eman, eta emakumeen izenekin eta egindako ekarpenekin geratzeko.

Zein beste proiektu dauzkazue esku artean?
Hezkidetza familian da asko lan­du dugun zerbait, ipuin parekideen inguruko formakuntza ere eskaini izan dugu, irekiak zein guraso elkarteei zuzendutakoak… Eguesibarren eskainiko ditugu otsailean, esaterako. Badagoelako interesa, eta gurasoek gogoa daukatelako, beste era batera hezteko mutil eta neskak, baina baliabideak falta dituztela. Horre­ga­tik, atera ditugu baita ere pelikula zein ipuin parekideen zerrendak. Eta bestalde, sare sozia­len inguruan ere eskaini izan dugu formakuntza; nola komunikatu genero ikuspegiarekin, alegia. Udaletxeetan ere eskaini ditugu saioak, teknikariei, berdintasun politiken in­gu­ruan edota zeharkakotasunari buruz; Soraluzen ari gara orain. 
Hortik aurrera, diseinua gra­fikoan eta komunikazioan, kanpainak lantzen ditugu, be­ze­ro pribatuentzat zein instituzio­entzat. Eta aholkulari bezala, berdintasun planak ere egiten hasi gara, Emakunderen ho­mo­­logazioa lortu baitugu. Berdin­ta­sun planek daukaten eredu­a­ri, gure metodologia propioa txertatzen diogu, haratago joateko. Bilatzen dugu nola eragin benetan, jendearengan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!