«Astigarragako Udalak lanean jarraitzen du herriak ahalik eta azkarren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikastetxea izateko», adierazi du Udal Gobernuak prentsa oharrean. Gobernu Taldearentzat «proiektu estrategikoa da Astigarragarentzat, oraindik ere gehiago biztanle kopuruaren gehitzea kontuan hartuta eta horrek gazteak kanpora irtetea derrigortzen dituenean ikasketekin jarraitzeko».
«Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eskumena duen erakunde bakarra da eta erabakitzen duena DBHko ikastetxea eraiki edo ez Astigarragan, aurreikusten du eraikin bat epe ertain-luzean bideratzea bigarren hezkuntzarako Astigarragan. Aldiz, ez du premiazkotzat ikusten», diote Udaletik.
Gobernu taldearen ustez, «lur saila edukitzea eta Eusko Jaurlaritzaren eskura uzteak ez du bermatzen ikastetxea berehala eraikitzea. Baina, kokapen egokia izatea, Hezkuntzaren irizpideen arabera lehenengo pausoa da ikastetxearen eraikuntzan».
«Dagoen Plan Orokorrak DBHrentzako lursail bat aurreikusten du hilerriaren azpikaldean. Hezkuntzak ez du kokapen egokia ikusten, mendi-magal eta erreten baten ondoan. Gainera, ildo berrien arabera hirigintza alorrean gomendatzen dute hiritartutako lekuak aprobetxatzea eta herriari gune berdeak ez kentzea. DBH ren eraikitzeak, aipatutako lekuan, suposatuko luke ingurune natural bat kaltetzea eta gainera, etxebizitza batzuren inguruan tentsio haundiko dorre bat jartzea, beste jarduera agresiboen artean», dio Udalak.
Prentsa oharrean diote; «Hezkuntzak kokapena desegokia ikusten duenez eta, gainera, proiektua premiazkoa ikusten ez duenez, Gobernu taldea lanean ari da kokapen egokia bilatzeko. Gobernu jeltzaleak Hezkuntzari eskaini nahi dio ikastetxearen alternatiba erakargarri bat inbertsioetan Astigarraga etorkizun motzean kontuan edukitzeko».
Udal Gobernuak «astigartar familiekiko bere konpromezua errepikatzen du eta beraien eskubidea kalitatezko hezkuntza zerbitzua edukitzeko; horregatik, Gobernu taldetik kezkaz ikusten dute nola politizatzen den Astigarragako hezkuntzaren eztabaida, jakinda Gobernu taldeak ez duela DBHrekiko erabakitzeko gaitasunik eta helburu argi baten alde lanean ari denean: guztien ongizatea».
«Herri Eskola, Martuteneri lotua»
Astigarragak ikastetxe bakarra du, Herri Eskola, eta Haur Hezkuntza (2-5 urte) eta Lehenengo Hezkuntza (6-12 urte) ditu. 2014 urtera arte Martuteneko Arantzazuko Amaren parte zen. «Astigarragako ikastetxea eta Martutenekoaren arteko loturak, gertutasuna ere kontuan hartuta, herritik kilometro batera eta bidegorriarekin, esplikatzen dute Eusko Jaurlaritzak premiazkoa ez ikustea Astigarragan DBHko ikastetxe bat».
Txalaka-Ergobian, kokapena
Udal Gobernua serioski ari da kontuan hartzen Ergobian lur saila eskaintzea Eusko Jaurlaritzari. «Hiritartutako gunea da eta beharrezko azpiegitura guztiak ditu: autobus geltokia, bidegorria, oinezkoentzako sarbideak.... Horregatik, alkatetzatik konfidantza dute Hezkuntzak begi onez ikustea, gaur egungo kokapenarekin alderatuta, eta honela beharrezko tramiteak arintzeko. URAk ezagutzen du proposamena eta kolaboratzeko disposizioa erakutsi du. Lursaila lortzea Urumea-Berri promotorarekin kudeatzen ari gara, jabetza erraztuko du eta posible egingo du Udalak uholdeen aurkako babes neurrien inbertsioari aurre-egitea Ergobian eta Astigarragan, 4 milioi eurora igotzen dena».