Erabat lotuta dijoaz urtean-urtean jaiotzen diren haur kopurua, eta eskoletako matrikulazioaren gaiarena. Herri gehienetan herrian jaio direnek, bertan ikasteko aukera izaten dute, eta horretara egokitzen ari da pixkanaka-pixkanaka, Astigarragako Herri Eskola ere.
Izan ere, beren herria izan da, azkeneko hamar urtetan biztanleriaren igoera haundiena izan zuena; eta pixkanaka, bere zerbitzuak ere, horretara egokitzen ari dira: kultur etxe berria egiten ari dira, Haur Eskola ere berritzera dijoaz, eta Herri Eskola berak ere jasan zuen haundipena duela urte batzuk.
2018an, igoera apalagoa
Etxe berriak egitearen ondorioz, eta beraz, herriaren hazkundea dela eta, biztanleriak gora egin du azkeneko urteetan Astigarragan, eta horrek, eragin zuzena izan du jaioberrien kopuruan.
Eustat-en arabera, 70 haur jaio ziren 2010ean, eta Udalak baieztatu du 85 izan direla 2018an bukaerara arte zenbatutakoak. Tartean, kopuru altuagoak ere badaude: 99 haur izan ziren 2014an; 93, 2015; 113, 2016an; 120, aldiz, 2017.
Aurreko urtean, beraz, pixka bat apaldu egin zen hazkundea, baina bide beretik jarraituko dutela diote aurreikuspenek.
Oraingoan, 2017ko jaioberriak daude deituta aurrematrikulazioa burutzera. Horretarako, 90 plaza dauzka Herri Eskolak, bost lerrotan.
Dena den, jaioberri kopurura pixkanaka egokitzen ari dira; 2016an, oraindik, lau lerro eskaintzen zituen Eskolak, hain justu, 69 haurrentzat tokia zegoen.
Goizueta eta Aranon, egonkortuta
Astigarragako gorabeherak alderatzen dira Goizueta eta Aranoko datu egonkorrekin. 9 hau jaio ziren 2016an Goizuetan; eta bosna izan ziren 2017an eta 2018an. Alde haundirik ez da izaten, beraz, bertan. Gauza bera gertatzen da Aranon; han, gainera, jaiotzarik gabeko urteak ere izaten dira. 2010etik hasita, lau urtetan izan zituzten jaioberriak: 2010 eta 2011n, bana; 3, 2013an; eta bakarra, 2017an.
Ondorioz, Goizuetako eta Aranoko datuak kontuan hartuta, 2017ko 6 haur daude deituta aurten, Goizuetako Xalto ikastetxean HH2n matrikulazioa egitera.
Dena den, eskola komunitateak adierazi du ez dutela leku arazorik izaten.
Hernani herri haundiena, aldaketa gutxirekin
Matrikulatzerako garaiean, eskaintza zabalena daukan herria da Hernani, biztanleria aldetik, Urumea Bailarako herri haundiena.
2010. urtetik datuak nahiko paretsuak izan direla ikus daiteke, gorabehera gutxi batzuekin. 2010 eta 2011garren urteetan zeuden 200 jaioberri inguru izatetik (2010ean 212 izan ziren, eta 2011n, aldiz, 214) jaitsi egin ziren 2012an, baina, bestela, 150 inguruan egonkortu dira azken urtetan.
Hortaz, 189 izan ziren 2012an jaiotakoak; 140 izan ziren 2013an; eta 149, 2014an. Zertxobait igo zen kopurua, berriro ere, 2015ean, 175era arte, eta halaxe jarraitu zuen 2016an (178). Eta horren ondoren, berriro ere jaitsiera izan da, azkeneko bi urtetan: 141 izan ziren 2017an; eta 154, aldiz, 2018an, aurreko urtean.
267 gaztetxok, eskolaratzeko aurreneko pausoa
Datu horiek guztiak kontuan izanda, denera Urumea bailarako 267 gaztetxok eman ahal izango dute izena Haur Hezkuntzako 2 urteko gelan. Nahiz eta oraindik, eskolaratzea ez den derrigorrezkoa.