Gaua iritsi da

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 26a, 01:00

Urtea hasi berri da eta urtarrila telesailez josia datorren hilabetea da. Esan ohi da denboraldia edo high season-a irailean hasten dela, baina azken urteotan, kate nahiz interneteko zerbitzu gehienek urteko lehen hilabete hauetarako uzten dituzte hainbat estreinaldi edo itzulera haundi. 

Horren adibide dira, besteak beste, Catastrophe, You’re the worst, Broad city edota Smilf komediak. Luther edo True detective zaratatsuaren itzulerak. Way­ne, Deadly class eta Future Man ganberroak. Frikis­mora jotzen duten Star Trek: Dis­covery edo sexua oinarri dau­katen Sex Education bezalako telesail gazteak. Zerrenda, amaigabe nahiz ekleptikoa. 

Dena den, izenei be­gi­rada bat bota ostean, hauei buruzko informazio gehiago bi­la­tzea ere gomendatuko nizu­eke. Sorpresa bat baino gehiago eraman dezakezue eta.

Hala ere, gaurko artikulurako, hurrengo astean estreinatuko den telesail bat aukeratu dut, bere zuzendariagatik. Telesai­laren izena, I AM THE NIGHT  da. Eta zuzendaria, Patty Jenkins. 

Egia esan behar bada, ez da oso zuzendari prolifikoa izan. Lan gehienak telebista munduan egin baditu ere, bi dira bere pelikula nagusiak: Monster (2003) pelikula zoragarri nahi gogorra eta famatu egin duen Wonder Woman (2017) filmea. Honi esker lortutako ospea eta dirua dela medio, gaurkoan aipatzen dugun telesaila produzitu eta zuzentzeko aukera eman dio.

Sei kapitulu eta TNT katean ikusgai
I am the night telesailak Fauna Hodel (India Eisley aktore) gaztearen bizitzan sartuko gaitu. Jaioberri zenean adopzioan emana, bere gurasoei buruzko informazio bila abiatuko da. Bidean, Jay Singletary (Chris Pine) kazetariarekin elkartu eta honen laguntzarekin adopzioari buruzko eta beste hainbat sekreturi buruzko ikerketa ha­siko dute 50-60 hamarkadetako Los Angeles hirian. Luxuzko nahiz mundu kriminaleko hainbat jenderekin gurutzatu ostean, konturatuko dira akaso ez direla ikerketa seguruenean abiatu...

Sei kapituluz osatutako telesail labur hau, TNT katean (gurean Movistar Plus plataformako izen bereko katean doblaturik hurrengo hilean) estreinatuko da astelehenean, urtarrilaren 28an.  

Dena den, eta nik ‘gomenda­tzen ez badut ere’, partsea be­gian jarrita interneteko itsasoetan barrena da(ga)biltzan ho­riek, apuntatu dezatela telesail hau, ziur izango da-eta nahitaezko bihurtzen den horietakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!