«Finalaren aurretik zin egin beharrik ez genuen izan»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 26a, 01:00

Ekain eta Eñaut Lizeaga Otaño anaiek pasa den asteburuan Gipuzkoako Trinketeko finala jokatu zuten elkarren aurka Irurako trinketean. Ekainek, anai zaharragoak, 30-18 irabazi zion Eñaut anai gazteari. Biak ere kadeteak; Ekain 2003ko urrian jaioa da eta Eñaut hilabete berean jaio zen urte bete beranduago, 2004an. 

Sorpresarik ez Eñauten ustez. «Espero nuen», hala ere Ekai­n ez da iritzi berekoa. Hori bai, partidua hasi aurretik ez zuten zin egin behar izan bere garaian Jesus eta Anjel Garcia Ariño anaiek egin behar izan zuten bezala buruz buruko finalerdian. Beste garai batzuk dira. «Horre­la­korik ez. Bakoi­tzak duen guztia eman zuen eta irabaztera irten ginen. Anaiak bai, oso ongi eramaten gara, bai­na elkarri irabazi nahi dio­gu» diote bai batek, zein besteak. 

1.92 metroko garaiera dute 15 eta 14 urterekin Lizeaga eta Petritegi sagardotegiko semeek
Izugarrizko planta dute biek ere. 1.92 metroko garaiera eta oraindik 15 eta 14 urte dituzte. Abizenek salatzen dituzte; Lize­aga Otaño. «Aita Lizeaga sagardotegikoa da eta ama Petri­tegikoa». Hala ere, nahiz eta txo­tx garaian sartuak egon ez ditugu barrika artean ikusiko beraien pasioa eta zaletasuna pelota baita. «Frontoian igaro­tzen ditugu ordu gehien. Aste­buruetan partiduak joka­tzen ditugu eta astelehenetik asteazkenera entrenatzen du­gu. Oste­gunean eskuak errekuperatu eta ostirala eta igande artean jokatzen dira partiduak».  

Atzelari eta aurrelari jotzaileak, nahiz eta jokaldiak gustoko izan Eñautek
«Ni aurrelaria naiz» dio Eñaut gazteak eta «ni atzelaria» eran­tzuten du Ekainek. Ezau­garriak ere desberdinak dituzte nahiz eta biak ere indarreko pelotariak izan. «Jokal­dia egitea gustatzen zait» argitzen du aurrelariak, «ni berriz jotzailea naiz. Pelota atzeratzea da nire ezaugarri nagusia» Ekainen esanetan.

Etxean biak animatzen di­tuzte eta mezu argi bat dute: «on­gi pasatzeko» esaten diete. «Eta ahal duguna egiteko» go­go­ratzen du Eñautek. Pelota asko bizitzen dute eta bide horre­tatik jarraitu nahi dute. 

Hodei Exposito eta Joxe Mari Zubiarrain dituzte entrenatzaile Mundarroko taldean. Lagun­tzaile Petritegi sagardotegia dute eta faltan botatzen dutena jende gehiago pelotan aritzea da. «Jende gu­txi dabil, kantitate aldetik oso exkax gaude eta herriartekoan bertan justu osatzen ditugu bikoteak. Kade­teetan bikote bakarra gaude eta jubeniletan ere beste bikote bat bakarrik. Gustatuko litzaiguke jendea animatzea pelotan joka­tzera» aipatzen du­te. Orain­dik ere urruti egon arren herriartekoan elkarrekin jokatzeak ilusio berezia egiten die. «Aurreko urtean bi partiduak irabazi genituen, nahiz eta lehendabizikoan joan ginen kalera». 

Eñaut Lizeagak gustokoena duena lau t’erdia da. «Gehien hor gozatzen dut. Banaka eta lau t’erdi barruan». Ekain berriz erosoago dago «binaka eta atzelari bezela». Dudarik gabe gertutik jarraitu beharreko anaiak dira Ekain eta Eñaut Lizeaga.

«Trinketean ez dugu entrenatzen eta nahiago dugu ezker pareta»

«Txapela ateratzeak ilusioa piztu digu eta Euskal Herrikoan ere jokatu nahi dugu»

Trinketean edo frontoi luzean aritzen dira Lizeaga Otaño anaiak. Pasa den astean elkarrekin Euskal herriko Liga hasi zuten jokatzen eta erraz irabazi zieten Tolosako bikoteari, 22-4. Trinketean elkarren aurka ari­tu dira finalean, Gipuzkoako Txa­pelketan, nahiz eta asko ez jokatu trinketean. «Nahiago dugu frontoi luzean jokatu, trinketean baino. «Entrena­menduak Txomiñenean egiten ditugu eta trinketean partiduak bakarrik jokatzen ditugu». Behin bakarrik entrenatu omen zuten finalaren aurretik. Eñau­tentzat esperientzia berria izan zen. «Izena eman genuen eta ongi gindoazela ikusi genuen» azpimarratzen du Ekainek eta «txapela ateratzeak ilusioa piz­tu zigun» gehitzen du Eñautek. 
Aurrerantzean ere trinketean jokatzeko intentzioa dute. «Euskal Herrikoan ere nahi dugu jokatu». Hori bai, elkarrekin jokatzeko gogo biziz daude. «Nik aurreko urtean binaka jokatu nuen baina Eñaut oraindik ez zen kadetea eta ezin ge­nuen elkarrekin jokatu. Orain bai» azpimarratzen du Ekainek. 

Gipuzkoako Txapelketan, fron­toian binaka, elkarrekin hirugarren amaitu zuten eta orain Euskal Herrikoan gogo haundiak dituzte beste herrialdetako bikoteekin lehiatzeko. «Elkarrekin oso ongi moldatzen gara. Gainera lehendabiziko ur­tea da batera gaudela. Infan­tiletan bakoitzak beste bikotekidea genuen». Banakakoan frontoi osoan Ekain finalerdietara iritsi zen Eñaut berriz finalaurdenetara. «Ez nintzen gustora aritu» dio gazteenak. 

Txapelketa pribatuetan ere hara eta hona ibiltzen dira. «Na­farroan hasi gara jokatzen eta finalaurdenetan gaude. Bi­tik bi partidu irabazi ditugu. Beste herrialdeetakoen aurka lehiatzeko gogoa dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!