Denboraldia aurrera dijoa, eta asteburu honetan ere, herriko futbolarekin gozatzeko beste aukera bat izango dute zaleek. Baina gozatu bakarrik ez, futbolariei indarra emateko ere izango dira bertan.
Beharrezkoa izango dute, bereziki, Jubenil mailako Nazional Ligako mutilek. Realaren bigarren taldearekin lidergotza jokatzen ari den Athletic izango dute aurrez aurre bihar Zubipen, eguerdiko 12:00etan hasita.
Nahiz eta badakiten garaipena eskuratzea zaila izango dela, punturen bat lortzeko asmoz zelairatuko dira hernaniarrak, oraingo honetan.
Emakumezkoak gaur, etxean
Etxean jokatuko dute, baita ere, Euskal Ligako emakumezkoek, Ainitze Rodriguezen gidaritzapean. Erandioko neskak hartuko dituzte bisitan gaur, 16:00etan. Horren ondoren, 18:00etan, jokatuko dute Preferente mailako gizonezkoek, Vasconiaren kontra.
Erregional maila, kanpoan
Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek, aldiz, kanpoan jokatuko dute gaur. Bergararen kontra jokatuko dute han, arratsaldeko 16:00etan hasita, hau ere.