Entrenamenduak ikasturte hasieran hasi zituzten Hernani Gimnastika Klubeko 140 bat gimnastek; bai gimnasia erritmikoan eta baita akrobatikoan ere. Orain arte ikasitakoa erakusteko garaia iritsi zaie, eta otsailaren 2an txapelketen denboraldian murgildu aurretik, jendaurreko erakustaldia egingo dute bihar, kiroldegian, 11:00etatik 12:30etara; gimnastek 09:30etarako egon beharko dute prest.
Patricia Perez entrenatzaileak eta Eider Blanco koordinatzaileak azaldu dute «aurten erakustaldian denek parte hartuko» dutela, «hemen egiten dugun lana ondo ikustea» helburu; denak ez baitira lehiaketetan aritzen.
130etik gora gimnasta, bi modalitatetan
Hernaniko klubean 140 gimnasta inguru aritzen dira, bi modalitatetan; erritmikoan eta akrobatikoan. Gazteenak 6 urtekoak dira, eta helduena 23 urtekoa; Patricia Perez entrenatzailea bera.
Biharkoan klubeko gaztetxoenetatik hasi eta jubeniletara arte dauden guztiek izango dute aukera erakustaldia egiteko. «Aurten erakustaldian denek hartuko dute parte», azaldu dute Perez eta Blancok. Izan ere, «hemen egiten dugun lana ondo ikustea» dute helburu, eta txapelketetan ez da beti horretarako aukera izaten. Batetik, denak ez direlako aritzen txapelketetan. «Akrobatikoan talde bat daukagu. Hirugarren urtea du. Baina txapelketetan ez dira aritzen, «Gipuzkoako Federazioak ez dauka ezer antolatuta. Espainian txapelketa gutxi daude: Galizian, Madrilen, Valentzian eta Andaluzian egiten dira. Gasteizen hasten ari dira».
Erritmikoan ari diren guztiak ere ez dira aritzen txapelketetan. «Euskadiko Txapelketan aritzeko kadetea izan behar da, edo bestela, infantil A mailakoa. Gurean ez dago A mailako infantilik. Alebinetatik aurrera, 10-11 urterekin hasten dira lehiaketetan, eta aurreneko urtean Udaberri mailan edo B mailan hasten dira, entrenatzailearen kriterioaren arabera, eta gero, txapelketako epaileek zehazten dute beherago edo gorago jarri».
Helburua, bakoitzak berea
Bakoitza desberdina delako, helburua ere kasuan kasukoa jartzen dutela azpimarratzen dute entrenatzaile eta koordinatzaileak. «Sei eta hamar urte artekoak ez dira txapelketetan aritzen. Taldean funtzionatzea, musikara egokitu eta sinkronizatzea, liskarrik ez izatea... Txikietan garrantzitsuagoa da hori, teknika baino».
Gero, txapelketetan hastean ere helburuak asko izan daitezke. «Klubean helburu haundiena da Euskadiko txapelketara iristea. Baina badakigu gimnasta edo talde bakoitza nolakoa den, eta batzuetan helburua da sailkatzea, eta besteetan dominaren bat irabaztea». Bakarka edo taldeka ere, ez da gauza bera. «Bakarka lan egiteak ordu asko, lan haundia eskatzen du, eta Federazioak ere mugatu egin zuen kategoria bakoitzeko klub bakoitzak bakarkako bi aurkeztea».
Hor, hainbat balore lantzeko aukera izaten dute. «Askok uste du malgutasuna edukitzea hobea dela bakarka aritzeko. Baina gehiago baloratzen dugu entrenatzea, jarrera... Eskola mailan, garrantzitsuagoa da lagunekiko edo entrenatzailearekiko jarrera, eta gainera, aurrera begira nabaritzen da horrela gehiago hobetzen dutela». Txapelketetan hastean, berriz, bestelako lanak egin behar izaten dira. «Nahiz eta txapelketan ezer lortu ez, egindako lanarekin pozik egotea da garrantzitsua. Gimnasian minutu eta erdiko probak egiten dira, eta akatsen bat eginez gero, akabo. Izan dezakezu egun txar bat, hilerokoaren eragina, urduritasuna. Hasieran hori dena kudeatzea zaila izaten da, baina landu behar da».
«Uztekoa nintzen, baina berotu naiz eta...»
Gazte, 6 urterekin hasten dira gimnasian. «Dantza, psikomotrizitatea, tresnekin jolastea... lantzen dira». Baina, pixkanaka, lanak zailtzen dira, eta kirol askotan gertatzen den bezala, gimnasian ere, batxillerra ikasten hastean, edo unibertsitate garaian, utzi egiten dute askok.
Ez, ordea, Patricia Perez entrenatzaileak. Lanean ari da, eta gaztetxoen entrenatzaile ere bada, baina ateratzen du tartea, gehiagorako. «Bost bat urte daramazkit seniorretan, jubilatzeko nago!», dio. Bakarkako lana egiten «berandu» hasi zen, kadete edo jubeniletan. Baina gora egin du pixkanaka. Iaz, Gipuzkoako sailkapen orokorrean aurrenekoa izan zen, eta Euskadikoan bigarrena, eta A mailara igotzea lortu zuen. «Orain utzi dezaket!», egiten du barre. Blanco koordinatzaileak ez dio sinesten. «Lortu du helburua, langilea eta egoskorra delako. Eta aurten ere...». Aurten ere, nola-hala moldatuko da. «Uztekoa nintzen, baina berotu naiz eta... Ordubete badut astean. Moldatuko naiz!».
«Taldean funtzionatzea, sinkronizatzea, liskarrik ez izatea... Txikietan garrantzitsuagoa da hori, teknika baino»
Ikasle gaztexoentzat Patricia eredu dela uste du Eiderrek, eta horregatik, azpimarratzen du: «adinak, fisikoak eta generoak ez du inporta! Kirola ezagutzen ez duenak pentsatzen du elastikoa izan behar dela, edo argala edo... Edozeinek egin dezake!». Gonbidapena, egina dago.