Galarretaren eta erremontearen zirrikitu guztietan barrena, bisita

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 2a, 01:00

Erremontearen katedralera eramaten du, Galarreta frontoiko sarrera nagusiak. Ezke­rre­tara, takillak eta harmailetara igotzeko eskailerak; eta aurrez aurre, hurrengo jaialdiko partiduen kartelera. Bertan hasten ditu Endika Barre­ne­txea erremontista hernaniarrak, Jai-Alai Active Experience izenekoaren barruan, bisita gidatuak. Mundu osoko herrialdeetatik etortzen dira erremontea ezagutzera; baina oraingoan, Kro­nikaren bitartez, etxekoei ireki nahi izan dizkie ateak; her­naniarrei: «errealitate bat da, mo­mentu honetan erremontea hernaniarrona dela, eta azkeneko 40 urteotan Her­nani izan dela erremontearen etxea. Bai­na sagardoa gure zerbait sentitzen dugun bezala, uste dut erremontea ez dutela bere sentitzen hernaniarrek. Zer egin da gaizki, hori horrela izateko? Nik ez dakit erantzuna, baina guztiz aldatu nahi dut», dio Barrenetxeak.

Turista atzerritarrekin be­zala, ia hutsetik hasi beharko lituzke azalpenak, hemengo hain­batekin ere, «erremontea zer den ere ez baitakite». Pelota bat hartu eta aurreneko boteak emanda erakartzen du bisitarien arreta, hasteko: «harrituta geratzen dira, ateratzen duten hotsarekin; barruan harri bat izango dutela pentsatzen dute». Eta segidan azaltzen dizkie, jo­koaren oinarrizko ezaugarriak: gorriz ari diren biek elkarrekin jokatzen dutela, eta urdinez ari direnek ere bikotea osatzen du­­tela, esaterako: «batzuek, hori ere ez dute ulertzen, ez dakite zein diren taldeak». Euskal He­rrian bai, gauza ezaguna da, frontoiko modalitateek komunean baitute hori.

Juanito Moya erremontearen sortzaile, «jakin gabe»
Baina gauza komunak bezala, berezitasunak ere baditu erremonteak. Aurreko mendearen hasierakoa da, aurreneko erremontea: «laxoan aritzen zen Juanito Moya izeneko iruñarra, eta oso abila zen, baina txikia. Eta pentsatu zuen, xexto hori lu­zeagoa eginez gero, bere kideek bezain urruti bota ahal izango zuela pelota. Hortaz, Tolosako Elizalderi eskatu zion horrelako xexto bat, 1904 urtean, eta be­rak egin zuen aurreneko erremontea, jakin gabe erremonte bat izango zela. Ikusita xexto harekin nola jotzen zion Moyak, gehiago hasi ziren xexto hori erabiltzen, eta 1907an, modalitate bezela hasi ziren erremontea jokatzen», dio Barrenetxeak.

Garai hartan, erremontean aritzeko frontoi bakarra zegoen, Iruñan. Gaur egun, Ga­la­rre­tan bakarrik jokatzen da, Euskal He­rriko frontoi luzeenean: 54 me­tro da luze. 1970ekoa da: «Iruñan erremontea izaten ari zen arrakastarekin, hedatzea pen­tsatu zuten, eta toki hau ona iruditu zitzaien, beste erreferentzia puntu bat sortzeko. Iru­ñan 1.100 lagun kabitzen ziren, eta hemen 1.500. Frontoi berria izanda, instalazio onak, toki ge­hiago… Iruñan ere frontoi be­rria egitea erabaki zu­ten, Euskal Jai Berri. Baina bitarte horretan, txapelketa ofizial guz­tiak hemen jokatzen hasi ziren, eta indarra hartu zuen Galarretak. Ordutik eta gaur arte, hemen jokatu dira txapelketa garrantzitsuenak».

Frontoiko lur beltzaren probak, Txantxillan
Galarretako kantxa da partidu horien eszenatoki; eta sa­rre­-ra­tik, bertara eramaten ditu bisitariak zuzenean, Ba­rre­ne­txeak: «batzuk sartzeko beldur izaten dira, eta galdetzen dute ea sartzerik daukaten». Kaio­la­ko atea pasa, eta kontrakan­txaren egurrezko lurra zeharkatuta iristen dira kantxaren zoru beltzera; oso material berezikoa. Erremontearen eboluzioaren faktoreetako bat izan da hori: «2010ean, kantxa egokitu behar genuen, lurra desastre bat eginda zegoelako. Eta berritzeko garaian, erremonte jokoan aldaketa bat era­gin nahi izan genuen, ikusleari gustatzen zaion horretara. Harmailetako jendeari gusta­tzen zaio tantoak luzeagoak eta interesgarriak izatea, eta ho­rre­tarako, pentsatu genuen pelotaren botea murriztea, altuera gutxiago hartzea, erremontistak aukera gehiago izateko pelo­tari emateko. Hori lortu ge­nuen lurrarekin. Txantxillan egin genituen probak, lur diferenteen muestrak probatuz, eta azkenean, oso nahasketa berezia aukeratu genuen. Gutxi go­ra­behera, dira 20 zentimetro zementoa harriarekin, bes­te bost zentimetroko zemento kapa bat, eta gainean, teimperra, aurreneko aldiz erabili zena frontoi batean. Hori da kolore beltzekoa».

«Ezetz bota pelota eskuarekin, errebotetik goiko koltxoira?»
Lur beltz horren gainean ematen dizkie Barrenetxeak, bisitariei, jokoari buruzko azalpenak: sakea 12 eta erditik, lauean falta, zazpian pasa, goiko eta beheko txapak, alboko marra… Eta beste joko bat proposatzen die segidan: «erremontistek, entrenamenduen ondoren, as­kotan daukagun pike bat da, ea zein iritsiko den, pelota eskuarekin botata, errebotetik goiko koltxoira. Eta saiatzeko proposatzen diet bisita gidatuetan. Ezinezkoa iruditzen zaie, oso urruti dago eta. Izaten da ba­ten­bat, frontisera iristen denik, baina hortik aurrera… Eta aurreko batean, Imanol Ansari eskatu nion berak egiteko, eta zuzenean bota zuen koltxoira. Aritz Zubiri goizuetarra, eskuinarekin zein ezkerrarekin da koltxoira iristeko gai, pentsa!».

Eta jarraian, erakusten die, xextoa hartuta, zeinen erraz iris­ten den, ia indarrik egin gabe. Aho zabalik geratzen dira denak. Eta noski, probatzeko gogoa izaten dute: «plastikozko xexto batzuk dauzkagu prestatuta, probatu dezaten. Eta pelotak, tenisekoak dira, baina kan­potik larrua josita, bestela ez duelako xextoan irristatzen». Probatu eta probatu aritzen dira, baina… «Ez dira gai izaten frontisera pelotarik jotzeko. Be­hin edo behin izaten dugu sor­presarik, eta badakizue zer? Normalean emakumezkoak iza­ten dira hain azkar asma­tzen dutenak».

Hasi nahi duenari, erraztasun guztiak
Frontisa jotzeko zailtasun ho­riexek izaten dituzte denek, hasten direnean: «erremonteak hasiera dauka txarra. Pelo­ta­kada bat jotzen ikasteko, agian 15 egun edo hilabete behar ditu gaztetxo batek, eta bigarrena jo­tzeko, beste horrenbeste. Baina denek ikasten dute teknika az­kenean». Horretarako, erraztasun guztiak eskaintzen dituzte Galarretan: «pelota eskolako sa­ioak dauzkagu astelehen, as­teazken eta ostiraletan, arra­tsaldeko 15:00etatik 20:30etara. Entrenamenduak doakoak dira, xextoak guk jartzen ditugu, pe­lotak, aldagelak, monitoreak… Dena gure kontu. Bakarrik ero­si behar dute kaskoa, eta soka bat xextoa eskura lotzeko. Etor daitezela galdetzera eta proba­tzera; arratsaldeko 17:00ak al­de­ra izan daiteke ordu onena».

Orain arte, 16 urterekin hasi dai­tezke erremontea proba­tzen; baina plastikozko xexto horiekin eta teniseko pelota fo­rra­tuarekin, 10-12 urterekin hasi daitezen nahi dute: «eskola po­tente bat sortu nahi dugu, 100 gazterekin edo. Horrela, posible litzateke  txapelketak antolatzea mailaz maila, adibidez».

22 gazte daude orain, baina oso garai oparoak izan zituen Galarretako eskolak: «ni hasi baino lehen, 60 gazte zeuden entrenatzen, baina gauzak ez ziren ondo egin. Oso klasista zen. Profesionaletara iritsi au­rre­tik, larunbatetan etorri behar zuten, goizeko 07:00etan, pro­­fe­­sionalekin batera. Eta in­ten­den­teak erabakitzen zuen en­tre­na­tzeko ordena; onenetatik hasi, eta mailaren arabera. Hor­taz, egon zintezkeen 07:00e­tatik 14:00etara zain, eta entrenatu gabe alde egin. Horrek ekarri zuen, gero eta gutxiago anima­tzea erremontean. Nire gara­ian 25 bat ginen, eta momentu batean beherakada haundi bat izan zen, duela sei urte arte edo, 10 gazte bakarrik zeudela Galarretan entrenatzen, askok debutatu genuelako urte gutxitan. Ate irekien saio pare bat egin ditugu, eta horrekin lortu dugu berriro pixka bat susper­tzea; 22 gazte animatu zaizkigu, debutatu dugun gazteen ingurukoak eta», dio Barrenetxeak.
 
«Apustuak %15era jaitsi dira, 2010 urtetik gaur arte»
Bisita gidatuarekin jarraituz, eta probak atzean utzita, harmailetara igotzen ditu bisitariak. Harmailetako giroaz hitz egiten die, eta baita apustuetaz ere, «bisitarien artean ez baldin badago adin txikikorik». Gaur egun, asko gutxitu da apustuen mugimendua; baina garai ba­te­­an, izugarria zen: «kontatzen du­te, Galarretak urtebetean errekuperatu zuela obran egindako inbertsioa. Beraz, imajinatu nolako diru kopuruak mu­gitzen ziren», nabarmendu du Barre­ne­txeak. Oso urte onak izan zituen Galarretak, 80ko eta 90eko hamarkadetan ere, eta 2000 urtera iritsi aurretik, beste norabide bat hartzea erabaki zuten: «estrategikoki oso gaizki hartu zen erabaki bat, baina beharbada, gutako edozeinek hartuko zuena. Diru asko mugitzen zen eta apustu asko egiten ziren; batzuk apustu txikiak ziren, beste batzuk oso haundiak. Eta erremontea elitista izatea erabaki zen, sa­rreraren prezioa garestituz, eta apustu minimoa 100 eurokoa ezarriz. Aurreneko urteetan oso emaitza onak izan zituen; harmailetan hainbeste jende ez egon arren, jokatzen zen diru kopurua haunditu egin zen. Baina krisi ekonomikoarekin batera, 2007tik 2010era, estanpida bat izan zen, eta dena goitik behera erori zen».

Orduan, enpresak erabaki zuen ezin zuela aurrera jarraitu: «ni profesionaletan debutatu berria nintzen, eta jokalarioi ez ziguten planteamendurik egiten. Itxi egingo zutela eta kitto. Hori aitari kontatzen nion etxean, eta berak bazekien Galarretak nola funtzionatzen zuen, urte askotan jokatutakoa baitzen. Soluzio bat planteatu nahi izan zion enpresari, baina ordurako, lau bazkideak elkarrekin haserretuta zeuden, eta ez zegoen atzera bueltarik. Orduan hasi zen aita, bere so­zio­ekin, planteamendu bat lan­tzen, eta aurrena pelotariekin hitz egin zuten. Galarretako diru sarrerak aurkeztu zizkieten, eta azaldu, beraiei or­dain­tzen zitzaienak gainditu egiten zuela hori; eta gutxiago kobratu behar zutela aurrerantzean. Pelotariok ez geneukan besterik, eta ni bezala debutatu berri zeudenei, ez zitzaien inporta. Baina gehiago kobratzen zuten pelotari askok, erabaki zuten uztea, ez zelako nahikoa haien ustez. Beharbada gaizki ohituta zeuden, ordura arte izugarrizko soldatak izan baitzituzten. Hala ere, zorionez gurekin geratu ziren pelotari esanguratsuenak; Koteto, Zeberio, Etxe­berria, Urrutia…».

Ordutik, saiatu dira Gala­rreta eraberritzen, eta apustuei garrantzia kenduta, herritarrengana gerturatzen: «2010ean oraindik apustuek indarra zuten, baina bederatzi urtetan, %15era jaitsi dira. Mantenduko da, tradizioaren eta frontoien parte delako. Berreskuratu ge­ni­­tuen 10 euroko apustu txikiak, eta orain, apustuak ez dira dirua irabazteko, zerbitzu bat gehiago eskaintzeko baizik; jen­deak eskatu egiten du. Bai­na guri ez zaigu gustatzen, eta ez dugu promozionatzen hori». Eta apustuen beherakadarekin batera, etorri da harmailak pixka­naka gehiago betetzea, «nahiz eta oraindik ez den guk nahi bezainbeste».

Erremontisten arma sekretua, txokorik ezkutuenean
Eta harmailetatik, azkeneko pi­sura igotzen ditu Barre­ne­txeak, bisitariak: «berritu gabe dagoen bakarra da Galarretan, eta aurrez esaten diet hori, ez izutzeko igotzen garenean. Bai­na asko gustatzen zaie, kon­tu­ra­tzen dira frontoiko zi­rrikitu guztiak ezagutuko dituztela». Eta txokorik ezkutuenean, dago erremontisten arma sekretua: xexteria. Bertan egiten ditu xex­to guztiak, Juan Pedro Ugar­te Mastiarrena xexteroak, gera­tzen den xextero bakarrak; eta berak azaltzen die prozesu guztia, bisitariei.

Garai bateko erremonte be­getal eta haus­kor haiek atzean utzi, eta 1990 urtetik, bidriozko fibraz egiten du xextoaren uztaia, egurrarekin beharrean: «horrekin lortu zen, askoz ere gehiago irautea xextoak. Au­rre­koek, agian partidu bat baino ge­hiago ez zuten aguantatuko». Gerora, 1997an, erremonte osoa lotzen duen zu­mitzaren partez, hasi ziren erabiltzen paketeak lotzeko jar­tzen den prezinto txuria; «beti hortzekin puska­tzen sa­iatzen ga­ren hori, baina azkenean gu­­raizeekin moztu behar du­gu­na». Eta horrekin, lortu zuten xextoak oso iraunkorrak izatea.

Oraingo erremontistak, «atletagoak»
Eta behin txoko ezkutuenaren sekretuak ezagututa, kantxara bueltatzen dira, jaialdiaz gozatu aurretik. Bertan ezagutzen di­­tuzte, aurreneko partidua jokatuko duten erremontistak, eta argazkiak ere ateratzen di­tuzte beraiekin. Haiek ere izan dute eboluziorik, frontoiak, xextoek eta jokuak bezala, eta horiek eraginda: «guztiz aldatu dira erremontisten ezaugarri­ak. Garai batean, pelotakada gutxi­agoko tantoak ziren, eta beraz, baziren 100 ki­lo­ko erremontistak, ez zutelako zertan izan fisikoki onak. Orain, tantoak askoz ere luzeagoak dira, abiadura ge­hiagorekin, eta pelota gehiagotara sar­tzen gara, xextoak ge­hiago aguan­tatzen duelako. Horrek eskatzen du, fisikoki oso prestatuta egotea. Atleta­go­ak gara orain», dio Barrenetxeak.

Erremontistekin argazkia atera ondoren, igotzen dira har­mailetara, lau partiduetaz gozatzera. Sarritan, txapelketaren bateko partiduak izango di­ra tartean, zazpi jokatzen bai­tituzte bertan, urtean zehar: «gu­retzako, denboraldia hasten da Erremontearen Eguna­re­kin, aurten otsailaren 16an egingo dena, eta doako jaialdia izaten dena. Berehala etorriko da Sa­gardoaren Txapelketa, gero Pro­mozio Txapelketa, Binakako Mas­ter Txapelketa ondoren, Bu­ruz Buruko Txapelketa Na­gu­sia, Binakako Txapelketa, eta bukatzeko, Buruz Buruko Mas­terra, oraintxe bukatu dena. Baina txapelketako partidua izan edo ez, beti ateratzen gara irabaztera; ez zaigu gustatzen galtzea. Badira ikusleak, etorri eta ni beti Barrenetxearen alde esaten dutenak. Gustatzen zait horiek pozik ateratzea frontoitik», onartu du hernaniarrak. 

«Erraztasun guztiak jarriko ditugu, 2019an hernaniar guztiak Galarretara etortzeko»

Sevillako ideia bat lantzen ari dira, Endika Barrenetxeak aurreratu duenez.

«Gu hemen gaude, sentitzen dugulako euskal ondarearen zati bat daukagula esku artean, eta ardura haundia daukagula. Ahal dugun guztia egingo dugu, modalitate hau galdu ez dadin», dio Endika Barrenetxeak. Eta horretarako, hernaniarren inplikazioa ere bilatzen dute: «2019 urtean, dauzkagun baliabide guz­tiak jarriko di­tugu, hernaniar guztiak etor daitezen Gala­rre­tara. Eta erraztasun haun­diak emango dizkiegu, herna­niar izate hutsagatik, jakin dezaten erremontea beraien ondare ere badela».

Zehazki, Sevillatik hartu duten ideia bat ari dira lan­tzen: «han, kulturarekin lo­tu­tako edozein ekimenetan, sa­rrera doakoa dute edo %25a bakarrik ordaintzen dute bertakoek. Horrelako zerbait jarri nahi dugu martxan».

Lortu nahi dute, hernania­rrek beraien seme-alabak, bilobak... eramatea: «ez baitut ulertzen, Hernaniko Institu­tu­ra joan, eta ikasleen %20ak baino gutxiagok jakitea zer den erremontea. Horren errua ez da gurea; zerbait deskuidatu da, eta niri larria irudi­tzen zait. Tematuta nago, eta lortuko dut soinketa klaseetara joan, eta banan-banan erakustea zer den erremontea. Baina hori ez da gure lana».

Nor izango ote da, aurreneko emakume erremontista?

Emakumerik ez da izan inoiz erremontean: «batenbatek hartu behar du lekukoa, eta lau baldin badira batera, hobeto».

«Behin eta berriro esan dugu, eta beste behin egingo diet deialdi berezia emakumeei. Ez da inoiz izan emakumerik erremontean, eta batenbatek hartu behar du lekukoa. Eta lau baldin badira elkarrekin, ho­beto, lasaiago hasi daitezen», nabarmendu du Endika Ba­rre­netxeak. Ziurtatu du, erraztasun eta baliabide guztiak es­kainiko dizkietela; eta «hartu-eman haundia» izan nahiko lu­ketela beraiekin, «jakiteko zer ikusten du­ten behar dutela, zer aldatu behar den haiek ere erremonteaz dis­frutatzeko...».

Zentzu horretan, edozein aldaketa egiteko prest daude: «xexto txikiagoak behar dituztela? Egingo ditugu. Pelotaren pisua jaitsi? Jaitsiko dugu».

Xextoaren teknika, askoz ere azkarrago emakumeek
Zentzu horretan, ez da kan­txa­koa bakarrik, aldatu nahi du­ten itxura: «harmailetan ere, %95a gizonezkoak izaten dira; bada garaia hori aldatzeko». Izan ere, Barrenetxea seguru dago, ez dela gustu kontua: «Jai-Alai Active Experiencera etortzen direnak, erdia izaten dira neskak, gutxi gorabehera; eta asko disfrutatzen dute». Baina ikusi bakarrik ez, jokatzeko ere, abilezia izango luketela ziurtatu du: «konturatu gara, bisita gidatuetan, neskek askoz ere azkarrago hartzen diotela xextoaren teknikari».

Orain, beste ekintza bat ere badute buruan: «martxoaren 8aren bueltan, astebete edo bi aste lehenago, emakumeari zuzendutako jaialdi bat egin nahi dugu. Guk jarri pelotariak eta baliabide guztiak, baina berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako eragileen esku utzi dena, zer egin jaialdi horretan Galarretan. Ari gara beraiekin harremanetan, eta ea gauzatzerik daukagun. Aur­­ten ez bada, datorren urtean egingo dugu ziur. Aldarrikatu nahi dugu, harmailak horrela ikusi nahi ditugula, emakumeak ere bertan direla».

«13.700 xexto daramazkigu eginak hemen, Galarretan; apuntatuta dauzkagu denak»

Azkeneko xexteroa da Juan Pedro Ugarte; duela 40 urte hasi zen, soldaduskatik bueltan.

Galarretako txoko guztien artean, bukaerarako utzi du Endika Barrenetxeak, bereziena eta kuttunena: xexteria. Bertan ari da lanean, egunero bezala, Juan Pedro Ugarte xexteroa. Bien artean kontatuko digute, nolakoa den lana.
 
Juan Pedro Ugarte: Aurreneko gauza da aroa egitea. Lehen egurrezkoa zen, gaztainezkoa; baina orain bi­dri­oz­ko fibraz egiten dugu, erresinarekin eta beste produktu batzuekin na­hastu eta molde batean jarrita. Bi egunez uzten da hor.

Endika Barrenetxea: Hori za­kar-zakarra ateratzen da, eta asko lijatu, pulitu eta landu be­har da, eta ordu batzuk es­kaintzen dizkio.

J.P.U: Gero, aroaren barruko aldean, egurrezko zazpi saihets zuzen jartzen ditugu erdian, eta hiru saihets oker alde bakoitzean. Denek ez dute balio, arra daukatelako, edo juntaren bat, adibidez.

E.B: Harrigarriena da, makilak zuzen iristen direla hona, eta berak okertzen dituela, urarekin eta baporearekin. Nik hasieran pentsatzen nuen okerrak ekarriko zituela.

J.P.U: Eta behin hori eginda, enpajatzen hasten gara, josten alegia. Lehen zumearekin egiten genuen, baina orain, plastikoarekin egiten dugu. Horretarako, tresna gutxi erabiltzen ditut: puntzoia, labana, zepilo txiki bat eta rasketa. Saihetsak txukuntzeko da ras­keta; egurra berdindu eta le­un­tzeko. Eta leundutakoan, has­ten gara enpajatzen. 

E.B: Egia esan, lujo bat da xexteroa hemen bertan edukitzea, eta denok nahi dugu Juanpe­ren xextoa, gainera. Badakigu nork egiten dituen onenak. Ikusten ditu gauzak, erremontistak konturatu ere egiten ez garenak. Eta badaki zein xexto izango den egokia erremontista bakoitzarentzat. Pertsonalizatuak egiten dizkigu, eta lujo bat da. Gainera, zerbait hautsi eta zuzenean konpontzen digu, egun batetik bestera. Horko hori da nire xextoa, ezta? Gogoratu biharko behar dudala…

J.P.U: Bai, prest edukiko duzu.

E.B: Niri zure hemeroteka gustatzen zait, liburuxka. Kon­ponketa guztiak eta egindako xexto guztiak dauzka apuntatuta.

J.P.U: Hortxe daukat, kajoian. 13.700 xexto daramazkigu eginak hemen, Galarretan. Eta guztiak dauzkagu apuntatuta liburuxka batean. Noiz egin zen, nork, zein erremontistarentzat, zenbat kostatu zen… Ni hasi nintzen duela 40 urte. Soldaduskan nengoela esan zi­daten, hemen bazegoela lan­postu bat, eta handik bueltan hasi nintzen lanean, xextoak egiten jakin gabe. Pixkanaka ikasi nuen, eta Izagirre xexteroa jubilatu zenean, nik hartu nuen ardura. Orain, xextero bakarra naiz.

E.B: Deialdia ere luzatu nahi diogu, eskulangintzan ona den edozeini; etorri dadila ofizioa ikastera. Juanpek erakutsiko dio, eta ateak zabalik dauzkagu. Behar ditugu xexteroak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!