«Onak gara ekoizten, baina pentsatu behar dugu nola saldu; ezberdindu egin behar gara»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 23a, 01:00

Hirugarren saioa izanen du gaurkoa, Goizuetan Lan eta Bizi egitasmoak; eta oraingoan, ber­taratuek ezagutuko dute Kris­tina Saralegi abeltzain eta talo­­gile leitzarraren esperientzia, eta Aitor Azkaraterena, Aniz ja­ioterrian Jauregia Esnekiak enpresa familiarrean ari dena.
Arratsaldeko 18:00etan iza­nen da saioa, Goizuetako uda­letxeko batzar aretoan, bes­te­en esperientziak ezagutuz ika­si nahi duten guztiei zuzenduta. Bertan kontatuko dutenaren aurrera­pen bat egin diote biek, Kroni­ka­ri.

«Adorerik ez nuen izan, nire bidea hartzeko; baina orain ez nuke aldatuko»
Arro baserrian, bere fami­lia­re­nean, egiten du lan Sara­le­gik, eta mota guztietako azien­­dak dauzka bertan. Hori ez zen bere asmoa: «administrazioa ikasi nuen nik, bulegoko lana ere gustatzen zitzaidalako, eta ez neukan inongo asmorik ba­se­rriko lanetan hasteko. Bai­na gauzak okertu ziren, eta bizi­tzak eraman ninduen hone­tara, duela 23 urte, aita hil ze­nean. Negu gorria zen, ama eta biok bakarrik gelditu gi­nen baserrian, eta berari la­gun­tze­ko hasi nintzen, gero uzteko intentzioarekin. Baina ez nuen adorerik izan nire bidea har­tzeko, eta hor jarraitzen dut. Orain ez nuke aldatuko. Seku­lako askatasuna da», dio.
Onartzen du, dena den, bere alde txarrak ere badituela: «ez duzu hilero 2.000 euroko sol­da­ta jasoko; egiten baduzu ja­soko duzu, eta askotan, eginda ere, ez duzu jasoko. Baina ez da etsi behar, segi egin behar da aurrera, nolabait».
Hori horrela, uste du po­si­ble dela, norberaren herrian lan egin eta bizitzea, «zalantzarik gabe. Baina lan asko egin behar da, eta borondatea izan horre­tarako». Abeltzaina ez ezik, ta­lo­gilea ere bada Saralegi: «aita­ri ikasi nion hori ere. Jaio nin­tze­nerako, urtero joaten zen San­to Tomasetan, Donostian pos­tua jartzera. Eta guk ere hala egiten dugu, dozena erdi bat festatan edo», azaldu du.

«Herriak eskaintzen dizkizun gauzak, ez dauzka hiri batek»
Aitak hasitako bidetik jarraitu du Azkaratek ere. Behiak zi­tu­en hark Anizen (Baztan), eta Kai­ku­ri saltzen zion esne guztia. Behitegia haun­ditu, eta inten­tsi­borako bidea hasi zuten gero, baina ikusi zuten hori ez zela etorkizuna: «esnetegia jartzea pentsatu, eta gaztak eta yo­gu­rrak egiten hasi ginen. Horre­la, gauzak aldatzen joan gara pixkanaka, eta jende berria har­tzen; zazpi gara orain».
Estatuko aurreneko esne makina ere, beraiek jarri zuten, Elizondon: «aspaldi ari ginen pentsatzen, nola egin zu­zeneko salmenta; eta ana­iak ekarri zuen ideia, Italiara egin­dako bidaia batetik. Espero ez genuen oihartzuna izan zuen».
Baztanen bada, Azkarateren ustez, nekazaritza eta abel­tzan­­tzarako ohitura, baina gaz­te­ek, oro har, ez dute horren hautua egiten: «ilusioa izan behar da, lana baino gehiago, bizimodu bat delako hau. Eta hortik au­rrera, gauzak ondo egiteko go­goa. Uste dut baduela etor­ki­zu­­na, baina ezberdindu egin be­har gara, espezializatu; eta gizar­te­ak eskatu egiten du. Onak gara ekoizten, baina pentsatu behar dugu nola saldu. Eta horretan, gazteak prestatuago datoz, eta ikusi dute etorkizuna hortik eto­rri daitekeela», uste du.
Azkaratek garbi dauka: «zure herrian lan egin eta bizi nahi baduzu, apustua egin behar duzu. Ez zaizkizu etorriko lan­postua eskaintzera, zuk sortu behar duzu, eta sinetsi posible dela. Herriek badute poten­tzia­­la horretarako. Errazagoa da hiri batera joan eta beste ba­ten kontura lan egitea, bai­na herriak eskaintzen dituen gau­zak, ez dauzka hiri batek».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!