«Hitzetatik ekintzetara» igarotzea erabaki, eta Hernaniko Harrera Sarea osatu dute, herriko zenbait talde eta norbanakok. Eta gaur jarri dute zita, Harrera Sarearen nondik norakoak azaldu, eta bere etorkizunaz hausnartzeko. Biterin izango da aurkezpen irekia, iluntzeko 19:30etan hasita. Gonbitea luzatu diete, sarearen parte izan nahi duten herritar guztiei, edo bere laguntza eskaintzeko prest daudenei.
«Pertsona migratzaileei laguntzeko, ezinbestekoa da herritarren sarea indartzea»
Adierazi dute, munduko txoko ezberdinetan «giza eskubideen atzerakada» ikusten ari garenean, «inoiz baino beharrezkoagoa» dela, pertsonen arteko elkartasuna eta babesa. Eta horren ondorioen artean, bereziki nabarmendu dute «kale egoeran dauden pertsona migratzaileena». Sarearen helburua da, hain justu, haien beharrei erantzutea: elikadura, aterpea, osasuna... Eta horretarako, uste dute ezinbestekoa dela «herritarren artean sarea zabaldu eta indartzea». Laguntzeko prest dauden guztiek, gaur daukate zita, Biterin.