Dena airean zegoela joan zen aurreneko zatia atzo, Landaren; balantza Hernaniren alde erortzeko puntuan, zehazki. Baina borrokak luze segi zuen bigarren zatian, eta azkenean, arerioak irabazi zuen. Bartzelonak jokatuko du Errege Kopako finala, atzo Hernaniri Landaren 10 eta 22 irabazita.
Entsegu gutxi, lokatz artean
Ondo hasi ziren etxekoak, erasoan gogor. Baina ez zegoen erraza zelai lokaztuan hankak sendo finkatu eta indarrez bultz egitea. Dena den, zigor kolpe batekin aurreratu zen markagailuan Hernani, 28garren minutuan. Bi minutuan berdindu egin zuen, ordea, Bartzelonak, eta atsedenaldira iristerako aurretik jarri, 3 eta 6, bigarren zigor kolpe bati esker.
Kemenik falta ez duen taldea da, ordea, Hernani, eta aurreneko zatia atzetik zijoaztela bukatu bazen ere, partiduko aurreneko entsegua etxekoena izan zen, bigarren zatia hasi eta berehala. Hor jarri zen berriro markagailuan aurretik Hernani, transformazio eta guzti: 10-9. Baina hortik aurrera, Bartzelonak bakarrik lortu zituen puntuak: zigor kolpe batekin 10-12 aurreratu zen aurrena; entsegua eta transformazioarekin 10-17 gero; eta bukatzeko, 10-22, beste zigor kolpe bati esker. Horrela, Errege Kopako finalerako paseak ihes egin zion atzo Hernaniri, eta Bartzelonak jokatuko du.
Kemenik falta ez duen beste taldea, Hernaniko afizioarena da. Halaxe erakutsi zuen atzo beste behin, euri jasaren azpian ahal zen moduan babestuta, Hernani animatzen jarraitu baitzuen. Partidua bukatzean, hernaniar nahiz kataluniarrak txalotu eta zoriondu zituzten.
Finalean, Alcobendas
Atzo Hernaniri irabazita, Bartzelonak jokatuko du Errege Kopako finala, apirilaren 28an Madrilen. Alcobendas izango du aurkari, atzo El Salvadorri 18-9 irabazi baitzion.