«Etxekoak ditugu biak, sagardoa eta pelota»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 19a, 01:00

Nola jaso zenuten omenaldiaren albistea?
Endika Barrenetxea: Niretzako oso poz­ga­­rria izan da, eta ohore bat, herna­nia­rra izanda, Hernaniko txotx irekieran par­te hartzea. Sekulako gozada. Gai­ne­ra, familia ere sagardozalea izanda, orain­dik eta gehiago. Pare bat aldiz egon naiz inaugurazio ofizialean, beti giro ederrean. Aurten guri deitzeak poza ematen du, eta beste ba­tzue­kin kon­par­tituta izateak, oraindik eta gehiago.
Garbiñe Tijero: Niri iruditu zait erre­ko­no­zimendu orokor bat pelotari. Zenbat urte Hernanin pelotagatik sufritzen, eta gogoratu dira gutaz.
Rufino Rekalde: Eta gauzarik politena hori da, izan dela orokorra, modalitate guztiak batuz. Omenaldi txikiagoak edo haundiagoak izan ditugu tarteka, mo­dalitate batean edo bestean; baina oso polita da guztiak batera omentzea. Egia esan, nik sorpresa hartu nuen, ez nuen espero. Eta ilusio haundia egin zidan.
G.T.: Honek bultzada bat ematen digu, azkenaldian eskasian gabiltza eta. Gaztetxoek ez dakit, ez ote duten kirol hauetaz jakiten… Ea pixkanaka gehia­go entzuten den eta erakartzen dituen.

Eskasia hori orokorra da guztietan, ezta? Nola ikusten duzue egoera?
E.B.: Nik uste dut, 2018an zuetaz, pala­koez eta esku pelotakoez alegia, inoiz baino gehiago entzun dudala; behar­bada, Pelota Mundialagatik. Eta jaso duzuen oihartzunagatik, akaso aukera erraza zen zuek omentzea aurtengo txotx irekieran. Eta erremontea ere ome­naldian sartzea, guri ere oihar­tzu­na emanez, oso poztekoa da. Asko hitz egin da pelotaz 2018an, eta izatekotan, aurten izan behar zen omenaldi hau.
R.R.: Seguruenik bai, 2018ko arrakasta kontutan hartuko zuten, erabakitzeko aurten pelota omentzea. Eta pentsa­tu­ko zuten, egitekotan orokorra egitea, Her­nanin dauden modalitate guztiei.
Amaia Irazustabarrena: Egia da pelota aipatzean, eskuzkoarekin erlaziona­tzen dela. Baina erremontea eta pala ere kontutan hartu dituzte.
G.T.: Ez da aurreneko aldia izan, Her­na­niko palistak Mundialera joan direna. Baina beharbada, 2018an oihartzun gehia­go izan du, hedabideetan.
R.R.: Orain arte txapelarik ez da lortu, hori egia da. Bigarren geratu izan dira, baina Aitor Gorrotxategirena izan da aurreneko txapela, Mundial batean. Eta horregatik izango zuen oihartzun haun­diagoa herrian. Baina esan zidatenez, hasieratik zeukaten garbi, omenaldi hau pelota munduari egingo zitzaiola. Aspaldidanik gabiltza denak lanean, eta orain, bakoitzak daukagu gure krisia, nolabait esateko.
G.T.: Hala da. Erremontean, esaterako, nik gogoan dut nola etortzen nintzen ostegunetan Galarretara, txistua jotzera, jaialdia zegoenean; Endikaren aitak joka­tzen zuen orduan. Eta egoten zen Gala­rreta bete-betea, pasada bat izaten zen. Ez dut ulertzen nola izan duen horrenbesteko beherakada.
R.R.: Zaila da gazteak mundu honetan sartzea…
G.T.: Telebista behar da. Telebistan ikus­ten dena da indarra daukana.
E.B.: Faktore asko daude. Gizartea ere guztiz aldatu da, gure ohiturak ere bai… Lehen, ostegun eta larunbatetan ez zen beste ezer egongo. Eta orain, dauz­kazu futbola, eskubaloia, saskibaloia, karate, boxeoa, kick boxing… Asko aldatu da dena, eta guk ere, erre­monteari da­go­kionez, gauzak aldatu nahi ditugu da­to­zen urteotan, jendeari erraztasunak emateko Galarretara etortzeko. Herri­ta­rrei konplizitatea sortu nahi diegu erre­montearekin. Izan ere, ulertzen dugun bezala sagardoaren etxea direla Her­na­ni eta Astigarraga, erremontearen etxea ere Hernani da. Azkeneko 40 urteetan jokatu diren txapelketa nagusi guztiak, Hernanin jokatu dira. Eta harrigarria da, Galarretara egunerokoan etortzen direnen ia %80a nafarrak direla. Nafa­rroan badago ohitura oraindik, pelota jarraitu eta frontoira joatekoa; Gipuz­koan, ordea, ez.
R.R.: Hilda daude frontoiak, esku pe­lo­tako profesionalen mundua ken­du­ta. Afizionatu mailan, frontoiak hutsik egoten dira, toki guztietan. Nik gogoan dut, nola erremonteari bultzada eman nahian, saiatu nintzen bideratzen eskuz hain ondo ez zebiltzan gazteak, erremontea probatzera.
E.B.: Orain ikusi dugu, Urnietako erre­montista batzuek profesionaletan de­bu­ta egin dutenean, 20 gazte urnietar etorri zaizkigula probatzera.

Pelota munduko taldekide eta lagunekin ere joango zarete sagardotegira, ezta?
A.I.: Bai bai, joaten gara palakoak. 
G.T.: Azke­nekoa abenduan egin genuen, Amaiak txapela irabazi zuelako aitza­kian, hain justu.
E.B.: Guk ere ohitura haundia daukagu. Binakakoa jokatu denean, urte guztian irekita dauden horietara joan gara partiduen ondoren, Alorrenea, Petri­te­gi edo Lizeagara. Eta orain, Oialu­me Zar irekitzen duten bezala, ostegu­ne­tan he­mendik atera, eta askotan joa­ten gara, jokatu dugunak, bertan afaltzera.
R.R.: Guk ez daukagu ohitura hori; sozie­dadean egiten ditugu bazkari eta afariak. Baina urtean behin kunplitzen dugu, Petritegi baita Berria Txapel­ke­taren babesleetako bat, eta han egiten baitugu aurkezpena.
E.B.: Nik lotura haundia ikusten diet biei, sagardoari eta pelotari. Herriko pro­duktu bezala ikusten ditut, oso finkatuta daudenak. Sagardoaren etxea dela esaten den bezala, ezin duzu esan pelotaren etxea denik Hernani, Euskal Herri osoan jokatzen baita. Baina  etxe­ko produktu bezala ikusten ditut biak. Hernaniko Pelota Eskolak beti izan du indar haundia, denak pasa gara hortik; eta sagardoak berdin. Azkeneko urte­o­tan, sagardotegiak eraldaketa haundia izan dute, gora etorri dira, eta modan ja­rri dira, sagardotegi jatetxe cool gi­sa­ra. Orain, oso modan dago, oso pijoa izan eta horrelako toki rusti­ko­e­tara joatea, bestela joango ez zina­te­kena. Baina sagardotegia denez, joan egiten dira.
R.R.: Eta guretzako ere aberasgarria da hori. Izan ere, lotura ekonomikoa ere badute sagardotegiek eta pelotak; ondo portatzen dira gurekin, eta dirula­gun­tzak ematen dizkiote pelotari. Hortaz, sagardotegiek indarra edukitzea, ona da guretzat ere.
E.B.: Asko inplikatzen dira, bai. Guk ere, Sagardo Txapelketa daukagu, eta oso harrera ona izan dugu sagardotegi guztietan.

Asko aldatu da sagardotegien mundua, azkeneko hamarkadetan. Eta pelotarena? Nolako ibilbidea izan du, modalitate bakoitzak?
G.T.: Nik gogoan dut txikitan, Tilosetan aritzen ginela neska eta mutil guztiak, eskuz. Gero, adin bat iritsi zen, ezin genuena palaz aritu, eta beste kirol bat aukeratu behar izan genuen; baina beti neukan hor, palaren harra. 1990 urte­an, txapelketa bat antolatu zuten 18 urtetik beherakoentzat, baina Koro Barrene­txeak erreklamazioa aurkeztu zuen, esanez 18 urtetik gora ere asko ginela. Horrela sor­tu zen, aurreneko Gipuz­koa­ko Pala Txapelketa, nesketan, eta ordu­tik ez du hutsik egin. Orduan ikusi nuen, atze­tik ez bazen jendea etortzen, ha­si­e­rako bu­rrun­ba hori itzali egingo zela gero. Neskak bilatu nituen, Tilosetan beti baitzegoen batenbat jokatzen, eta kirol­degian entrenatzen hasi ginen larun­batetan; baina pailazoak zeudela edo beste zerbait zegoela, askotan ezin entrenatu geratzen ginen. Ema­ku­mea Pilotariren sorrerarekin, lortu zuten pala eskola kirolean sartzea, eta horrekin, orduak jarri ziz­ki­gu­ten hemen entre­natzeko. Hori laguntza haun­dia izan zen guretzat. Eskola kiro­letik eto­rri dira ondorengo guztiak, Amaia bezala.
A.I.: Bai, nik gogoan daukadana hori da, Gar­biñe aritzen zela guztioi bultzaka. Ni hasi nintzenean, neska pila bat ginen. Gero, bakoitzak bere bidea egiten du. Baina Garbiñeri esker, neska askok jarraitu dugu palan aritzen.
R.R.: Hernaniko palaren historian, na­bar­mentzekoa da Javier Adarraga ere; Logroñoko frontoiari izena ematen diona, hain justu. Hernaniarra zen bera, eta Pariseko Joko Olinpikoetan hartu zuen parte, palaz; bera izan zen aurre­nekoa. Gero Logroñora joan zen, eta ahaztuta daukagu pixka bat, hemen. Eskuaren historiari dagokionez, berriz, Her­nanik izan zuen aurreneko gora­ka­da, uste dut izan zela Luises Txapelketa, fraileek babestutakoa. Tilosetan joka­tzen zen, eta ikusi ditut argazkiak, jendea zuhaitzetara igota, partiduak ikusteko; dena lepo beteta. Fama haundia zeu­kan, afizionatu mailan. Hurrengo pausoa, izan ziren Herriarteko Txapelketan lor­tutako emaitza onak. Aurreneko final historiko hura, Tolosan, Seguraren kon­tra galdu genuena; eta hortik aurrera jokatutako 10-12 finalak, ia denak ja­rra­ian. Hortik atera ziren aurreneko pro­fe­sio­nalak ere: Iñaki Lujanbio, Iñaki Esnal, Josu Oiaga, Oier Mendizabal… Eta gero, azkeneko urte hauetan atera diren pe­lo­tari guztiak dauzkagu. Eza­gunena behar­bada Gorrotxategi, baina Ioritz Arrieta edota Paul Ojuel ere, izen haundiko pelotariak dira afizionatu mailan.
E.B.: Erremontearen ibilbidea, hiru alderditan banatuko nuke nik. Batetik, harmailena. Nire aurreneko oroitza­pe­nak dira, umetan hona etorri aita jo­ka­tzen ikustera, eta ezin genuela aul­kie­tan eseri gaztetxoek; betea zegoen fron­toia. Jokatzen zen diru kopu­rua ere asko haunditu zen, eta garai on haie­tan, dena deskuidatu zen. Ez zen oinarririk landu, apustuzaleentzako gune bihurtu zen, eta horrek ateak itxi zizkien he­rri­tarrei. Despilfarratu egin zen, ge­hie­gi ordaindu zitzaien erre­mon­tistei, eta gu­txiegi erremonteari berari. Hiru urte­tan dena goitik behera erori zen. Eta ho­rrela, 2010ean geneukan harmai­le­ta­ko argazkia itsusi, eta apustuak behe­rakada geldiezinean. Ordutik, aldaketa egiten ari gara, garrantzia gutxiago ema­nez apustuei eta gehiago herri­ta­rrak erakartzeari; eta pixkanaka ari da harmailetako argazkia politagoa iza­ten, nahiz eta oraindik ez den nahiko ge­nu­keena. Beste aldetik dago, erremon­tis­ten maila. 2000 urtera arte, maila ona zen; baina materialarengatik, modali­ta­teak ez zuen eskatzen fisikoki horren maila altua izatea. Materiala aldatu ze­ne­tik, eraldaketa haundia izan du. Pasa gara batazbeste 10 pelotakadako tan­to­ak jokatzetik, 20koak izatera. Eta ho­rrek eskatzen du fisikoki oso prestatuta egotea. Koteto Ezkurra eta Patxi Zeberio historiako onenak izan dira, baina oro­ko­rrean, beste guztiak maila bajua­go­ko­ak ziren orduan, orain baino. Eta az­ke­nekoa da pelota eskola. Gorabe­hera haundiak izan ditu. Ni hasi baino lehen 60 gazte zeuden entrenatzen, nire garaian 25 bat ginen, eta duela sei urte edo, momentu batean 10 bakarrik zeuden. Eta orain, gazte berriak sartzen eta profesionaletan debutatzen joan garen bezala, ikusi dugu nola gure inguruan ere sortu dugun mugimendu pixka bat. Azkeneko sei hilabeteotan, 22 gazte hasi dira gurekin entrenatzen. Eta orain beste erronka da, emakume bat hastea erremontean, ez delako inoiz emakumerik izan. Guk dena emango diogu, eta neronek erakutsiko diot erre­montean jokatzen. Eta garbi daukagu, hemen ez dela bereiziko neska edo mu­til; bakoitzak bere mai­lan, baina na­has­tuta ariko dira. Eta neska batek maila hartzen duenean profesio­na­le­tan jokatzeko, mutilekin batera ariko da.
G.T.: Ea ezagutzen dugun hori, asko gustatuko litzaidake! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!