Ostiralean eman zuen prentsaurrekoa Etxerat elkarteak, Hernanin duen egoitzan, espainiar eta frantziar estatuetako espetxe politikaren bilakaera baloratzeko, pasa berri den urteko balantzea egiteko eta aurrera begirako hausnarketaren berri emateko.
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek nabarmendu zutenaren arabera, «gobernuek egindako mugimenduak ez dira esanguratsuak izan, estatuen ekimena ez da nahikoa». Hain zuzen, normalizazio eza salatu zuten. «Egindako mugimendu eskas horien ondorioz, senideok okerrago gaude. Sortutako itxaropena urduritasuna eta frustrazioa bilakatu dira guretzako. Egunek aurrera egin ahala, gure egoera txarragoa da».
Bestalde, «esker ona adierazi» nahi izan zioten «joan zen larunbatean Baionan eta Bilbon Orain presoak lelopean kalera atera zen jendeari. Salbuespenezko espetxe politika behingoz alde batera uzteko aldarriarekin bat egiten dugu».
Sei hilabetetan, preso bakar bat ere ez Euskal Herrira
«Mugimendu eskas» horien erakusgarri, nabarmendu zuten, besteak beste, Espainian PSOEk agintea hartu eta espetxe politikan aldaketak egingo zirela iragarri zutenetik 6 hilabetera, «kolektiboko 16 euskal presoren gerturatzea iragarri eta 14 gauzatu» zirela. «Bakar bat ere ez, Euskal Herriko espetxeetara».
Denera, EPPK kolektiboko 264 preso daudela gogorarazi zuten. «261 euskal preso politiko 55 espetxetan sakabanatuta; 2 gaixo larri espetxe arinduan; eta bat Ipar Euskal Herrian epailearen kontrolpean».
«Senideok okerrago gaude; sortutako itxaropena urduritasuna eta frustrazioa bilakatu dira guretzako»
Horien guztien artean, «4 euskal preso politiko daude Euskal Herrian espetxeratuta; 210 espainiar estatuko 40 espetxetan; 46 frantses estatuko 11 espetxetan; eta bat Portugalen». Horrez gain, azpimarratu zuten, estatu espainiarrean preso daudenen %64,50 daudela Euskal Herritik 1.100-600 kilometrotara, %26,50 590-400 kilometrotara, eta %9, Euskal Herritik 400 km bitartean. Frantziar estatuan, berriz, presoen %35 daude 1.100-750km bitartera dauden espetxetan; %6, 590-400 km bitartekoetan; eta %59, 400 km bitartean. «2018ko aurreneko sei hilabeteetan, estatu frantsesean 25 euskal preso gerturatu zituzten Mont de Marsan eta Lannemezango espetxeetara. Oraindik euskal presoen %41 daude etxetik 400-1.100 km bitarteko distantziara».
Bestelako datuen artean, baita ere, azpimarratu zuten oraindik «egiteke» dagoela «emakumezko 10 preso Rennesko espetxean (800km) elkartzea, Euskal Herritik gertu espetxe duin baten aldeko konponbide partzial gisa», edo «68 aita eta ama kartzelan» daudela, «100dik gora seme-alaba dituztenak». Adinari erreparatuta, «2 preso 70 urtetik gorakoak dira; 12, 65 urtetik gorakoak; eta beste 19, 60 urtetik gorakoak».
Bestalde, gogorarazi zuten «50 euskal presok baino gehiagok 20 urtetik gora» daramazkitela preso, eta «15 presok 25 eta 30 urte arteko zigorrak bete» dituztela.
«Bakearen alde»
Datuak ikusita, argi azaldu zuten: «ez dago euskal preso guztiak Zaballara ez hurbiltzeko, eta gaixo dauden eta adin nagusikoak diren presoak ez askatzeko arrazoi bakar bat ere. Sektore jakin batzuen presiopean, amore ematen dute frantziar eta espainiar estatuek, eta ondorioz, sufrimendua mantentzen da eta bakea, konponbidea eta elkarbizitzarako bidean aurrera egitea eragozten dute».
Dena den, «bakearen alde eta pertsona guztien giza eskubideen alde lan egiteko konpromisoa bete» dutela adierazi zuten, eta aurrerantzean ere beteko dutela. «Gatazka konponbiderako zuzenduta dauden ekimenetan parte hartu eta hartuko dugu».