Aurreko urtekoarekin alderatuta, antzeko kopuruak jasotzen ditu Astigarragako Udalak pasa den abenduaren 20an behin betiko onartu zuen 2019ko Udal Aurrekontuak. Hau da, 8.934.587,19 eurokoa da aurtengoa; aurrekoa, aldiz, 8.523.553,47 eurokoa izan zen. EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten; EH Bilduk, aldiz, kontra bozkatu zuen.
Ezohiko legealdia
Aurtengo aurrekontuaren inguruko hausnarketa egin baino, «legealdi osoari» erreparatu nahi izan dio Zorione Etxezarragak, Astigarragako alkateak. Hori horrela, nabarmentzen du: «legealdi hau oso ezohikoa da diru-sarrerak ere ezohikoak izan direlako. Ez dut uste Astigarragako Udalak sekula izan duenik halako diru-sarrerarik bere kudeaketa propioaren ondorioz».
Diru-sarrera horiek, bereziki, Foru Funtsaren ondorioz datoz: «2019an 4.244.525 euro jasoko direla aurreikusten da, eta 2018an, 3,7 milioi izan ziren; ia 500.000 euroko igoera da». Eta hori, hain zuzen, populazioaren bilakaerak eragin du. Zifra horrek, esaterako, aurrekontuaren ia %50» suposatzen du.
OHZ edo IBItik ere Astigarragako Udalak kopuru haundi jasotzen du: 1.335.000 euro.
Langileen egituran, eragina
Esan bezala, diru-sarreren aldetik «ezohikoa« den legealdia izaten ari da Etxezarragaren ustetan. «Diru sarrera horiek aukera paregabea dira ahalik eta herriko arlo eta behar gehienetara iristeko, baina Udal egiturak ez du ematen bideratu beharreko proiektu guztiak martxan jartzeko, kontuan izanda administrazioaren kontratazioa epeak ere bete behar direla».
Hala ere, Alkateak dioenez, «poliki-poliki, Udala biztanleria kopuruetara egokituko da pertsonal aldetik», eta horretan hasiak direla onartzen dute.
Hain zuzen, pertsonalaren atalak aurrekontuaren laurdena hartzen du: 2.223.208,81 eurokoa izango da aurten. Udal gobernuak azaldu duenez, %18,2ko igoera izan da legegintzaldi honetan.
2018an egindako hainbat aldaketek daukate eragina hemen. Batetik, «2018ko urtarriletik, erregistroan bi langile daude lanaldi osoan; lehen, bat eta erdi zegoen soilik. Horrek lagunduko du hazten dijoan herri baten harrera hobetzen». Eta bestetik, «bi teknikari berri sartu dira: berdintasun, partehartze eta elkarbizitza teknikaria, eta enplegua, turismoa eta merkataritzakoa, biak lanaldi erdian».
Berdintasun teknikariari dagokionez, Udalaren asmoa da partehartzea, berdintasuna eta elkarbizitza indartzea: «haunditzen eta populazioz hazten eta aldatzen dijoan herri batek kohesioa behar du eta guk kohesio hori landu nahi dugu elkarbizitzaren eta parte-hartzearen bidez».
Eta 2019an, aldiz, liburuzaina hartu nahi dute lanaldi osoan. «Gure asmoa liburutegia goiz eta arratsaldez irekita egotea da», azaldu zuen. Horrez gain, 9 hilabetez artxiboko langilea lanaldi osoan edukiko dutela aipatu zuen, lan puntual bat egiteko.
Herriari, diru-laguntza bidez
Igoera altuena izan duen atala, hain zuzen ere, diru-laguntzena izan da. Udalak dioenez, «legegintzaldi honetan %36a igo da, eta horrek igoera ikaragarria suposatzen du Udalarentzat». «Zergarik igo gabe, tasak eta guzti berdin utzita, Udala ahalegin haundia egiten ari da herriko bizitza sustatzeko, herriko eragile eta elkarteak lagunduz», onartzen du alkateak.
Eta horietako batzuk aipatzen ditu. Adibidez, Mundarro kirol elkarteak, 18.000 euro jasotzetik 75.000 euro jasoko ditu aurten. Harituz elkarteak 20.000 euro jasoko ditu. «Ez da bakarrik Harituz-ek 'Madejas' proiektuarekin herri mailan egiten duen lanaren garrantzia; horrez gain, Astigarraga herria munduko mapan jarri du», nabarmentzen du Etxezarragak.
Guraso Elkartea, Sagardun Partzuergoa eta Astiko elkartea ere diru gehiago jasotzen joan izan dira legealdi honetan zehar. Alkateak dioenez, «udal gobernua herriko elkarte guztien eskaerak entzuten saiatu da, denak ekarpen garrantzitsua egiten baitute».
Talde bat zintzilik geratu zaiela ere onartzen dute: «Astigarragako Gazte Asanbladarekin egin nahi genuen hitzarmen izendun bat, 10.000 euro ingurukoa, beraiekin jarduera batzuk adosteko, baina oraindik ez dugu jaso beraien aldetik horren inguruko erantzunik», dio Zorione Etxezarragak.
Aurtengo aurrekontuaren inguruko hausnarketa baino «legealdi osoari» erreparatu nahi izan dio alkateak.
Inbertsio potenteenak, «2019an ikusiko dira»
Abenduko datuen arabera, %16ko gauzatze-maila dauka Astigarragako Udalak 2018ko aurrekontuan. Udaberrian egiten den aurreko urteko likidazioan diru kopuru haundia txertatu baita azken 4 urteetan. Beraz, gauzatze maila nahiz eta txikia izan, «ejekuzio hori Astigarragako Udalak inbertsioetarako daukan ohiko kopuruaren antzekoa edo haundiagoa da, Udalaren gaitasunak mugatzen baitu nahi bezain inbertsio extrak bideratzea».
2018tik datozen inbertsioak, beraz, gauzatu ez direnak, automatikoki txertatuko dira 2019ko aurrekontuan. Horiek dira, adibidez, Haurreskola berriarena: «BEZa ordainduta dago, eta bakarrik falta da proiektua idatzi, ejekutatu eta gauzatzea». Jangelaren haundipena ere idatzita dago, eta «eskola komunitatearen zain» dago Udala, ejekutatzeko. DBHa egiteko lurren erosketa ere, negoziatzen dabiltza.
Baita Arrobitxuloko igogailua ere, nahiz eta «hornitu beharko dugu kopuru haundiagoarekin».
Hortaz, 2018tik datozen inbertsioak «poteenteenak» dira, baina «2019an zehar ikusiko dira».
Kopuru txikiagoa, aurten
Aurrekoak kontuan izanda, jaitsi egin da inbertsioen atala, eta hain zuzen, 544.512,33 eurokoa izango da. Tartean dira, Zarkumendegiko aldagelak berritzea (60.000 euro) edo Ergobiako plazaren peatonalizazioa: «plaza ez da erabat publikoa, bere garaian, biziberritu zenean, ez zirelako atari-aurre edo antepuerta guztiak erosi», dio Etxezarragak. Arazoa konpontzeko, Udalak plazako jabegoa hartuko du, eta ekimen horretara 57.000€ bideratuko ditu. Plaza berritzeaz gain, aparkalekua ere egokituko dute.
Bestalde, Urumea Berriko ibai-parkea hornitzeko, dagoeneko martxan dagoena eta ofizialki udaberrirako zabaltzea aurreikusten dena, partida bat jaso dute inbertsioetan. 2018ko aurrekontu partehartzaileetan gehien bozkatutako bizikleta-parkeari dagokionez, 2019an egingo da ere bai, baina ibai-parkean beharrean, kantxen ondoan kokatzea hobestu da.
Baita Putzuetako bidea hobetzeko ere. Jon Arregi, ogasun eta obra eta zerbitzuetako zinegotziaren azalpenetan, «errepidea eta argiteria» hobetuko dira aurten
Kopuru haundiena, gastu arruntak
Horren guztiaren gainetik, gastu arruntera bideratuko da, aurten ere, aurrekontuaren erdia: 4.319.927 euro (%19,6 euroko igoera). Herriak dauzkan oinarrizko beharrei erantzuten dio partida honek: konponketak, mantenua, lorezaintza, argiteria, garbiketa, estolderia...
Eta horiek, gainera, haunditzen dijoaz biztanleriak gora egiten duen heinean: «jende gehiago bizi gara, konponketa gehiago daude, zerbitzu gehiago behar dira, mantenu eta garbiketa-lanak haundiagoak dira.. eta horiek, uste dugu, kontrolpean dauzkagula», diote.
Udalaren eskutik kanpo, beste hainbat kontu
Herritarren kezkak hareago dijoazela ere badakite Etxezarraga eta Arregik: «zerbitzu batzuk badaude gure ez dagozkigunak eta horiek dira: DHA, autobus-zerbitzua, tren geltokia eta anbulategiaren zerbitzua bikoiztea. Udalak dirua eduki arren, ezin ditu hornikuntzak edo zerbitzuak kontratatu».
Horietan, elkarlanerako bideari ekin diote: «erakundeen arteko lana egin behar da, eta horretan ari gara Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin».
EH Bildu: «EAJk aurrekontua gauzatzeko erakutsi duen ezintasuna salatu behar da»
Ezezko botoa eman zion 2019ko Udal Aurrekontuari Astigarragako EH Bilduk, oposizioko talde nagusiak. Eta boto hori azaltzeko arrazoiak ere eman ditu. Hasteko salatu dute, «inongo partehartzerik gabe» egindako aurrekontuak direla, «Idazkariak berretsi moduan, berriz ere parte-hartze arautegia urratu dute».
Gainera, diote «onartezina» dela «banketxeei egiten dieten oparia»: «Udalak dituen maileguak itzultzeko, 2019an bankuei 50.000€ ordaindu beharko lieke. EAJk aldiz, 195.000€ aurreikusi ditu. EAJk herrian inbertitu beharrean, bankuei 145.000€ aurreratzea lehenetsi du». Horren aurrean, «EH Bilduk 145.000€ horiek Anuskan inbertitzea proposatu zuen baina EAJk eta PSE-EEk bankuei mesede egin eta herritarrei bizkarra ematea adostu zuten».
Herriarentzat «estrategikoak» diren hiru proiektu desagertuta daudela ere kritikatzen dute: DBHa, uholdeen aurkako lanak eta brigadaren lokala.
Izan ere, hezkuntzari dagokionez, «inbertsioetarako soilik 6.500 euro aurreikusi dira eskolak behar duen megafonia bat erosi ahal izateko». Eta DBHrako, ordea, «ez da ezer aurreikusi»: «EH Bilduk gogorarazi nahi du, udal osoko bilkurak onartu bezala, 2019rako DBHko lurrak eskuratuta eta hiritartuta beharko luketela baina EAJ beste urte batez DBH zokoratzera doala».
Uholdeen aurkako lanei buruz dio: «Ergobian uholdeak modu esanguratsuan murrizteko, URA Agentziak Ergobiako zubitik Akarregiraino uholdeak ekiditeko proiektua dagoeneko idatzi du. Proiektu horren arabera, Astigarragako Udalak lur batzuk erosi beharko ditu URAren esku uzteko baina hau ere ez da lehentasunezkoa izan EAJrentzako eta desagertua dago ere aurrekontuan».
Eta brigadaren lokalaren inguruan, azkenik: «2016ko azaroan onartutakoa da. Legealdia amaitu aurretik, Udalak Brigadarentzat lokal bat eskuratuko zuela onartu zuen udal osoko bilkurak. Aldiz, EAJk ez du ezer aurreikusi». EH Bildurentzat, aldiz, estrategikoa da: «Brigadaren lokala egun kiroldegi azpian dago; espazio hori libratuz gero, kiroldegia haunditu eta gazte lokalarentzat espazio egokiagoa bermatu ahal izango litzateke. Gainera, haur eta gazte mugimendu haundia dagoen inguru horretan brigadaren joan etorriak sortutako arrisku egoerak saihestuko lirateke».
Dena den, EH Bilduk onartzen du dena ez dela negatiboa: «Udal pertsonalaren atalean bakarrik aurki daitezke alderdi positiboak; alde batetik aurreko legealdian sortu zen berdintasun saila indartuko da eta bestetik, komertzioa eta enpleguaz arituko den pertsona kontratatzeko zenbatekoa aurreikusi da».
Kritikatzen duten horren aurrean, «EH Bildu saiatu da EAJren aurrekontu proiektua hobetzen». Horretarako, «23 proposamen aurkeztu zituen baina 3 besterik ez ziren onartu; eta bata, PSE-EEk, eta bestea, EAJk ere aurkeztu zutelako. Beraz, esan daiteke EH Bilduren proposamen bakarra onartu zela: EAJk gustuko ez duen parte-hartze politiketarako 10.000 euro».
Horietatik kanpo geratu dira, azaldu dutenaren arabera: komertzioaren sustapena, Perurena, Santiagomendi, Anuska, alokairurako laguntzak, larrialdi-laguntzak, baserrien atarien argiztapena…
EH Bildu: «Idazkariak berretsi moduan, berriz ere parte-hartze arautegia urratu dute»
EH Bildu kexa da «EAJk behin eta berriro» errepikatzen duelako «EH Bilduk udal gobernuaren lana zapuztu nahi duela»: «Badaki hori gezurra dela. EAJk herrirako proiektuak izango balitu, aurrera egiteko eragozpenik ez luke izango, EH Bilduk ez baitu hori egiteko gehiengorik». Alderantziz dela dio: «[EAJk] EH Bilduren lana gutxiesten du. Herriaren kalterako dela jakinda ere, EH Bilduk proposatutako guztiari ezetza ematen dio».
Bukatzeko salatzen du «3 urte eta erdi hauetan EAJk aurrekontua gauzatzeko erakutsi duen ezintasuna». Proiektuak idazteko agindua emateko gaitasuna baduela onartzen duen arren, «gero gauzatu ezin. Inbertsioen gauzatzea %14,22a izan zen urrian (2016 eta 2017ko hainbat inbertsio oraindik ere gauzatu gabe daude…)».
«Inoiz baino diru gehiago egon arren, ezer gutxi egiteko gai ez den Udal Gobernua izatea egokitu zaio Astigarragari eta Astigarragak ez du merezi», nabarmentzen du oposizioko talde nagusiak.
PSE-EE: «bost zuzenketa partzialak onartu ditu EAJk»
EAJren Udal gobernuak aurkeztutako 2019ko Udal Aurrekontuen alde egin zuen, aldiz, PSE-EEko hautetsiak, Mikel Duranek: «sozialistok aurkeztutako bost zuzenketa partzialak onartu ditu EAJk».
Duranek azaldu duenez, «EAJrekin egindako negoziaketetara elkar ulertzeko jarrerarekin joan ginen; hala ere, uste genuen ezinbestekoa zela arrazoizkoak ziren proposamenak onartzea. Izan ere, herriaren arazoei konponbidea ematen die eta nabarmen hobetzen du udal aurrekontuaren proiektua». Zuzenketen kopurua denera 170.000 eurokoa da.
Aurreneko zuzenketa, PSE-EE udal taldearentzat ekonomikoki «garrantzitsuena» dena da; 50.000 euroko partida da, «irisgarritasuna hobetzera» bideratuta. Hain zuzen, «Potzueta bidearen konponketari eta Ergobiaren sarreraren konponketari» dagokio.
Bigarren zuzenketak, 30.000 euroko partida aurreikusten du, «kiroldegian eskalada-gune bat jartzeko».
PSE-EE: «EAJrekin egindako negoziaketetara elkar ulertzeko jarrerarekin joan ginen»
«Segurtasuna hobetzeko» asmoz, beste zuzenketa batek proposatzen du «mapa bat egitea kaxkoan dauden puntu beltzak identifikatzen dituena, gerora ezabatuak izan daitezen». Horretarako, beste 30.000 euro bideratuko dira PSE-EEren proposamenari esker.
Mundarro Kirol Elkartearen eta Udalaren arteko hitzarmena hobetzeko proposamena ere egin du PSE-EEk, 25.000 euroko partidarekin.
Zuzenketa horiekin, helburua da Mikel Duran bozeramaileak azaldu duenez, «egonkortasuna ematea Udalaren gestioari eta saiatzea Astigarragako aurrekontua ahal den onena izaten».
Zentzu horretan aurkeztu zituen bost zuzenketak: «EAJk aurkeztutako aurrekontuak hobe zitezkeelako». Gainera, EAJrekin izandako negoziaziora «elkarrizketarako jarrera eta negoziaketaren aldekoa izan dugu, ekintza politikoaren ardatz izanda udalerri honetako herritarren bizitza hobetzea».
2019ko UDAL AURREKONTUA
8.934.587,19 euro
Diru-sarrerak:
- Zuzeneko zergak: 2.216.247,04 euro.
- Zeharkako zergak: 295.280 euro
- Tasak eta bestelako zergak: 1.125.785,94 euro
- Transferentzia arruntak: 4.442.462 euro
- Ondare sarrerak: 55.760 euro
- Inbertsio errealen besterentzea: 287.537,21 euro
- Finantza aktiboak: 190.000 euro
Gastuak:
- Pertsonal gastuak: 2.223.208,81 euro.
- Ondasun arruntak eta zerbitzuak: 4.327.096,27 euro
- Finantza gastuak: 1.000 euro
- Transferentzia arruntak: 1.256.545,67 euro
- Inbertsio errealak: 544.512,33 euro
- Kapital transferentzia: 60.300 euro
- Finantza aktiboak: 5.409,11 euro
- Finantza pasiboak: 195.000 euro
INBERTSIOAK
544.512,33 euro
- Proiektua. Sagardoetxea: 20.000 euro
- Informazio-prozesuetarako ekipoak: 15.000 euro
- Lur erosketa Ergobia: 57.000 euro
- Ibai-parkea: 46.012,33 euro
- Azpiegitura-herritarren partehartzea: 100.000 euro
- Putzueta - zolaketa+argiteria: 50.000 euro
- Ergobia - zolaketa: 35.000 euro
- Argiteria: 60.000 euro
- Ur kontadoreak: 35.000 euro
- Herri Eskola - megafonia: 6.500 euro
- Zarkumendegiko aldagelak: 60.000 euro
- Mapa morea: 60.000 euro