Hernanik Errege Kopako bere historiako laugarren finalerdia jokatuko du bihar, 12:00etan, Landaren, Barça Rugbiren kontra. 32 urte pasa dira azkena jokatu zutena eta lehenengo aldiz nahi du finalera sailkatu historia eginez. Lau aldiz jarraian izan zen azpitxapeldun Liga 1980 eta 1984garren urte artean, baina ez du inoiz Kopako finalera sailkatzerik izan. Aurten aukera dute Barçaren aurka.
Finala, apirilaren 28an, jokatuko da Madrilen eta hernaniarrek bertan egon nahi dute. Ez da erraza izango Barcelona bosgarren sailkatu baita sailkapenean, baina orain hilabete eskas, abenduaren 16an, Landaren bertan Hernanik ongi irabazi zion Ligako jardunaldian. Beraz, irabazteko aukerak ditu eta zelaiaren egoera ordukoa bezala edo antzekoa izango da, lastuna lokatzarekin.
Pasa den igandean La Vila gainditu zuten hernaniarrek eta jokalari ia berberak jokatuko dute. Hiru laurdeneko lerroko jokalari garrantzitsuak berreskuratu ditu Polidorik azken hilabetean eta hori nabari da.
«1979ko finalerdian Landarek inoiz eduki duen sarrerarik hoberena eduki zuen»
Hernanik bere historian hiru finalerdi jokatu ditu aurretik. Lehenengo izan zen gogoaingarriena dio Juan Rodriguez presidenteak eta orduko jokalariak. «1979an jokatu genuen R.C. Valenciaren kontra. Orduan joanekoa eta itzulerako partiduak jokatzen ziren. Valentzian 15-0 galdu genuen eta itzuleran, Landarek, inoiz izan den jendetzarik haundiena jaso zuen. izugarria izan zen Landareren itxura. Ez dut gogoratzen hainbeste jende gure zelaian. Etxean 7-0 irabazi, baina kanporatuak izan ginen 15-7».
1980an berriz ere R.C. Valenciak kanporatu zuen Hernani finalaurdenetan eta 1981 bigarren finalerdia jokatu zuen. Oraingoan Canoeren kontra. Landaren 7-4 irabazi eta gero Madrilen 29-12 galdu eta finalerako atarian gertau ziren.
1982, 1983, 1984 eta 1985ean ez zen finalaurdenetako langa pasa eta 1982an F.C. Barcelona bera izan zen Hernani kanporatu zuena. Hala ere, 1986an hirugarren eta bihar arte azken finalerdia jokatu zuen Hernanik. Oraingoan R.C. Valencia ezagun zaharren aurka eta valentziarrak, berriro ere, kanporatu zuten Hernani bi partiduak irabazita; 34-15 eta 12-14.