Duela aste batzuk eman zuen Udalak adinekoen egoeraren azterketaren berri, eta horren inguruan aritu da oraingoan, EH Bildu. Ohar baten bidez, «positiboki» baloratu du azterketa hori gauzatzea, eta adierazi du eurek proposatu zutela 2017ko Gizarte Zerbitzuetako batzordean.
«Udalak, udalera gerturatzen diren adinekoen informazioa izan ohi du, baina begibistakoa da, arrazoi ezberdinak medio, adinekoen gehiengo bat ez dela udaletxera gerturatzen», diote. Eta horregatik, «biztanleria honen errealitate ezkutatua identifikatzeko» proposatu zuen EH Bilduk ekimena.
Informazio «errealago bat»
EH Bilduk dioenez, Udala «egiten ari den diagnosiari esker, errealitateari buruzko informazio errealago bat izango du Udalak eta horrela, egoerara egokitzeko udal-politika desberdinak martxan jarri ahal izango dira. Hala nola, diru-laguntza berriak, jarduera erakargarriak, udal-zerbitzu gehigarriak...».
Urte eta erdi ondoren
Hortaz, diote: «pozgarria da, berandu eta gutxitan bada ere, oposizioko lanak fruituak ematen dituela ikustea». Dena den, txanponak beste alde bat ere baduela diote: «EAJren ezintasuna beste behin agerian geratu izana da: urte eta erdi behar izan ditu azterketa martxan jartzeko».
800 herritar, 65 urtetik gora
Astigarragan 65 urte baino gehiagoko 800 herritartik gora daude, eta EH Bildutik azaldu dutenez, «krisia dela edota askok jasotzen dituzten pentsio ziztrinak direla, biztanleria honen egoerak modu haundi batean okerrera egin du edo okerrera egiteko aukerak eman dira».