Hernaniko Udala, Berriak Merkatarien Elkartearekin eta Eskualdeko Merkataritza Bulego Teknikoarekin elkarlanean, Hernaniko Merkataritzaren Ekintza Plana lantzen ari da. Herriko merkataritza sustatu eta horren biziraupena bermatzea du erronka plan estrategiko horrek. Luis Intxauspe Hernaniko alkateak eta Mertxe Jimenez Berriak Elkarteko ordezkariak aurkeztu zuten plana.
Mertxe Jimenezek gogorarazi zuenez, merkataritza sektorearen aspaldiko eskaera zen horrelako plan bat egitea, «gure sektorearen egoera zehatza eta kontsumo ohiturak ezagutzea funtsezkoa baita kontsumitzaileen behar horietara egokitu ahal izateko». Ikertalde aholkularitza enpresa gidatzen ari da plana osatzeko prozesua, eta bertako adituak merkataritza arloko herriko eragileen zein kontsumitzaileen parte-hartzearekin hasiko dira lanean.
Egoera aztertzeko bilerak eta kontsultak egingo dira
Plana osatzeko lehenengo pausoa da Hernaniko egoera aztertzea: zeintzuk diren merkataritzaren ezaugarriak (alde positiboak, hutsuneak...) azken urteotan nolako bilakaera izan duen, zeintzu saltoki-gune nagusi dauden herrian, herriak zenbateko potentziala duen, zeintzuk diren hernaniarren kontsumo ohiturak...
Diagnostiko horretarako behar duten informazioa lortzeko bilerak eta kontsultak egiten hasi dira jadanik, bai merkatariekin, bai Udal ordezkari eta teknikariekin, eta kontsumitzaileen informazioa lortzeko, ordea, inkestak egiten hasiko dira laster.
Plan Estrategiko honek ahalbidetuko du herriko merkataritzaren argazki zehatz bat izatea eta, hori oinarri hartuta, proposamenak egingo dituzte. Proposamen horiek bi helburu izango dituzte: Herriko saltokien eskaintza eta kalitatea hobetzea. Herriko merkataritza kontsumitzaileen egungo ohiturei eta eskakizunei egokitzea Halaber, Plan Estrategikoak ateak zabalduko dizkie, bai Udalari bai merkatarien elkarteari, proiektuak Hirigune programaren diru-laguntzetara aurkezteko. Hirigune Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, hiri merkataritza dinamizatzeko helburua du eta urtero helburu hori duten ekintzak eta aktuazioak finantzatzeko diru-laguntzak ateratzen ditu.
Ikertaldek proposatutako ikuspegia
Luis Intxauspe alkateak azpimarratu zuen «Hernaniko identitate berezia aprobetxatuko da merkataritza eredu berezia eskaintzeko». Azaldu zutenez identitate sozioekonomiko propio eta berezituaren ezaugarriak dira: «Jasangarritasuna: ingurumen, gizarte eta ekonomia eredua; Herriko erabakietan herritarren partaidetza eredua; eta Euskal kulturak eta euskarak herrian garrantzia duten elementuak dira eta hori merkataritzan ere islatzea eta sustatzea..».
Telefonoz inkestak egingo dira hernaniarrei eta webgunea ere martxan jarriko da
Herriko merkataritzaren argazkia ahalik eta zehatzena izateko sektorearen eragile nagusiekin batera osatzen ari da diagnostikoa, garapena eta lanketa sozializatzeko tresnak ere aurreikusten dira. Mertxe Jimenezek garrantzi berezia eman zien webguneari (prozesu osoaren jarraipena egin eta ekarpenak egiteko aukera eskainiko duen tresna) eta herritarrei eta merkatariei egingo zaizkien inkestak (saltokietan, kalean).