Sagardotegietara autobusez joateko deia egiten dute urtero erakundeek, eta horretarako, autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte Hernani eta Astigarragako Udalek, txotx denboraldian zehar.
Hernaniko zerbitzua, gaur hasita
Gaur jarriko da martxan Hernaniko zerbitzua, hain zuzen, Osiñagako sagardotegiak biltzen dituena: Itxas-Buru, Otsua-Enea, Olaizola, Altzueta, Iparragirre, Elorrabi eta Goiko-Lastola.
Ostiral iluntzean eta larunbat eguerdi eta iluntzean izango dira autobusak, eta Zinkoeneako geltokia izango dute elkargune (Astigarragarantz).
Ordutegiak aldatu egiten dira garaiaren arabera; gehigarri honen atzealdean daude, ikusgai.
Horrez gain, Larre-Gain sagardotegiak ere, badauka autobus-zerbitzu propioa.
Otsailaren 1etik aurrera, Astigarragatik
Udalak, Behemendi Elkarteak eta eta sagardogileek sustatuta, aurten ere Txotx busa eskainiko dute Astigarragan, otsailaren 1etik aurrera. Astelehenetik ostiralera gauez besterik ez da egongo; eta larunbatetan, aldiz, eguerdietan eta gauetan izango da autobus zerbitzua, joan-etorria egiteko. Zerbitzu honen ordutegiak ere, atzealdean aurkitu daitezke.
Astigarragaren kasuan, zerbitzua doakoa da.