Txapelaren bila aterako dira gaur hiru astigartar: Eñaut Lizeaga, Ekain Lizeaga eta Oier Gurutzealde. Arratsaldeko 16:00etan hasita jokatuko dituzte Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalak, Irurako Ametsa trinketean.
Aurrez aurre, Lizeaga anaiak
Jardunaldiko aurreneko partidua izango da kadete mailako finala. Norgehiagoka horretan, Astigarragako Lizeaga anaiak, Eñaut eta Ekainek, elkar ikusiko dute, aurrez aurre, biak Mundarro ordezkatzen.
Laugarren partidua, Gurutzealderena
Baina ez dira finalean izango diren astigartar bakarrak. Oier Gurutzealde ere bertan izango da, nagusien mailako finalean. Laugarren partidua jokatuko du berak, Behar Zanako Eneko Maizen kontra.
Astigarragan ere, esku pelotarekin zita
Herrian bertan, Txomiñenea frontoian ere, izango da esku pelotarekin gozatzeko aukera. Arratsaldeko 17:00etan hasita, lau partidu izango dira bertan. Aurrenekoan, nagusien mailakoan, Soraluzeren kontra jokatuko du Mundarrok; alebinena izango da bigarrena, Behar Zana 3ren aurka arituko dira astigartarrak eskuz binaka. Infantilen mailan, Zazpi Iturriren kontra jokatuko dute; eta azkenik, laugarren partidua, Mundarro eta Izurunen kontra izango da.