«Sagardogile beterano hauek eman zioten buelta, galtzen ari zen sagardo munduari»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 19a, 01:00

«Ixten ari ziren sagardotegiak, 1960ko hamarkadan, asko ari ziren gutxitzen. Eta hauek, gure sagardogile beteranoe­nak, izan ziren buelta eman ziotenak», dio Joxemi Saizarrek. 65 urtetik gorako 19 sagardogile elkarrizketatu ditu berak, argazkitan erretratatu ditu Joseba Urre­tabizkaiak, eta liburua osatu dute, sa­gardogileei buruz, haien lana balioan jarri eta azaleratzeko asmoz.

«Asko idatzi da sagarra eta sagar­doaren inguruan, eta aldiz, ezer gutxi sagardogileei buruz. Horregatik, sagar­do­gile beteranoenak hartu ditugu, eta beraien testigantzak, bizimodua eta ikuspegia jaso nahi izan dugu», azaldu du Urretabizkaiak. Horrela jaio zen Sagardogile liburua.
«Jaso nahi genuen beraien trasmi­sioa nola izan den; beraiek nola eza­gutu zuten sagardogintzaren mundua, eta gaur egunera arte nola bideratu duten», dio Saizarrek.

«Nahiko erraza izan da liburua aurrera eramatea, eta oso polita; eskuzabal hartu gaituzte»
Bat datoz Urretabizkaia eta Saizar, lana nolakoa izan den definitzeko garaian: «topaketa atseginak izan dira. Beraien etxeko ateak zabaldu, eta eskuzabal hartu gaituzte. Tragotxoren batera ere gonbidatu gaituzte...», dio Saizarrek. «Nahiko erraza izan da liburua aurrera eramatea, eta oso polita», nabarmendu du Urretabizkaiak.

Eta argazki saioetarako, «modelo onak» izan direla ere kontatu du berak: «ez daude ohituta argazkietara, baina ikusten dutenean zer egiteko asmoa daukazun, eskertzen dute beraien lana eta bizimodua azaleratu nahi izatea».

Hamar bat orrialde eskaini dizkiote sagardogile bakoitzari, liburuan: «erre­tratu ba­tekin hasten dira guztiak, erre­tratu­za­lea bainaiz. Pertsona bera da pro­tagonista, berak kontatuko digu dena», azaldu du Urretabizkaiak. Eta hortik aurrera, sagardotegietako txokoetan, xirian... erre­tratatu ditu sagardogileak; baita iloba eta seme-alabekin ere, «etor­­­ki­zu­neko ikuspegia ere garran­tzi­tsua dela­ko». Sagasti­en edota saga­rron­­doa­ren loreen argaz­kiak ere jaso ditu libu­ruan. Liburuko argazkiak dira, bi orrial­de hauetan ageri diren lauak.

«Salto haundia eman du sagardo munduak, 40-50 urtetan»
Saizarrek, bere aldetik, nabarmendu du «salto haundia» eman duela sagar­dogintzaren munduak: «duela 40-50 urte nola zegoen, eta nola dagoen gaur egun, ez daukate zerikusirik. Asko za­bal­­du da, askoz ere sagardotegi gehiago daude, eta produkzioa ere nabarmen haunditu da. Modernizatu egin da, ka­li­­tatea hobetu da... Aurre­rapen haun­dia ezagutu du. Produktu ezaguna da orain, atzerrira ere zabaldu da. Eta hori horrela izateko, lan haun­dia egin zuten sagardogile hauek».

Sagardoaren ekoizpenaren atzean da­goena azaleratu nahi izan dute libu­ruan. Eta zer dago atzean? «Gehie­ne­tan baserritar familiak dira», argitu du Saizarrek: «baserriarekin oso lotuta dago sagardotegia, eta familiako lana izaten da normalean, beraiek aurreko belaunaldietatik jaso dutena. Izan ere, askok mendetan zehar egin dute sagardoa, etxerako; batzuek erabaki zuten arte, saltoa eman, zabaldu eta produkzioa haunditzea».

«Lanbide asko ezagutu behar izan dituzte, baserritar xumeak zirenek»
Salto harekin, «aldaketa haundia» bi­zi­tu zuten baserritar familia haiek ere, urte gutxitan: «pasa dira baserritar iza­tetik, ostalari eta enpresari izatera, komertzializatzera, kalitate aldetik ere ezagutza batzuk jasotzera... Lanbide asko ezagutu behar izan dituzte, base­rritar xumeak ziren haiek», kontatu du Saizarrek. Eta azaldu du, «nahiko ger­tu­koa» dela sagardogintzaren mun­dua, baina jaso dituztela zenbait detaile eze­zagun, liburuan: «menu tra­di­zional itxi bat egiteko ideia, Anda­lu­zia­tik eka­rri zutela kon­tatu digute; garai batean edo­zein botila erabiltzen zela, txotx egitea­re­na nondik datorren...».

Xibarit argitaletxeak kaleratu du liburua, eta bi tokitan esku­ratu dai­teke: Astigarragako Sagar­doe­txe­an; eta Donostian, Hontza liburu­dendan.

Hauek dira, 19 sagar­do­gileak: Juan Jose Aburuza (Abu­ruza); Juan Goi­koe­txea Altzueta (Altzueta); Jose Gregorio Be­giristain (Be­giristain); Jose Miguel Bereziartua (Bereziartua); Jose Cruz Ca­longe (Ca­lon­ge); Rufino Cipitria (Eguz­kitza); Juan Bautista Goi­ko­etxea (Elo­rra­bi); Felix Garmendia (Etxe zuri); Isi­dro Iguaran (Eula); Jose Goñi Urreaga (Gurutzeta); Juan Ignacio Astiazaran (Iruin-Astia­za­ran); Jose Mari Lasa (Isas­tegi); Asentxio Intxauspe (Itxas-buru); Sebastian Zaba­legi (Oiar­bide); Jose Anto­nio Iparragirre (Otatza); Joaquin Otaño (Petritegi); Ro­sa­rio Arru­ti (Txindurri iturri); Miguel Zapiain (Za­pi­ain); eta Jose Antonio Gaince­rain (Zelaia). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!