Karmele Igartua sorkuntza beka jaso zenuen abenduaren 29an, Aretxabaletan. Nolatan aurkeztu zinen?
Idazle eskolan aritu naizelako eta banituelako gauza batzuk idatzita. Hori horrela, erabaki nuen lehiaketa batera aurkeztea. Banekien Karmele Igartua sarian modalitatez aldatzen zela, lehenago ere egin dira antzerkiarekin eta abar, eta oraingoan, poesia izango zela. Eta hori da aurkeztu dudana.
Hortaz, beste genero batzuk ere idatzita dauzkazu, ezta?
Bai, hasi nintzen beste genero batzuk idazten, baina utzi nituen… edo, hobe esanda, hor ditut. Momentu honetan ez naiz beste ezer idazten ari, serioski, behintzat.
Nork eman zizun sariaren berri? Nola hartu zenuen?
Abenduaren bukaera aldera, epaimahaikide batek deitu zidan, Idazle Eskolako zuzendariak. Esan zidan eta sorpresaz hartu nuen, izan ere, uste nuen dagoeneko epea pasa zela.
Epaimahaikideek nabarmendu zuten «oso maila altua» egon zela. Zer sentitu zenuen adierazpen hauek entzutean?
Ez dakit… Egia esan, saiatzen naiz nire egoa gehiegi ez puztutzen eta errealista izaten. Ez naiz uzten gehiegi hitz politez nire burua konbentzitzen.
Nik kontrolatzen dut makina da poesia-sortaren izenburua. Zer kontatu nahi duzu?
Ikusgarri ez diren gauzak ikusgarri egitea da lanaren funtsa.
Batetik, ikusten dut gure aiton-amonetatik gaur egun arte egon direla aldaketa asko, eta aldaketa horietako bat, guk oso asimilatuta daukaguna da makina batekin bizi garela denak gaur egun, gure aiton-amonak izan ezik. Aldi berean, gure aiton-amonek konformidadea ezagutu dute gehiago, eta gu heldu gara konforme izatetik, zoriontsu izatearen termino aldaketan. Orain ematen du horretan atzeraka goazela. Eta horretan, Nik kontrolatzen dut makina da progresua ezbaian jartzeko baieztapen bat.
Bestalde, gizartean daude aspirazio-mekanismo batzuk ez direnak erabat ikusgarriak baina eragiten dutenak. Horren barruan egongo lirateke norberaren esperientziak, eta norberak dituen pertzepzioak.
Dena den, esan daiteke dena ez dela negatiboa. Erromantikoentzat ere tartea utzi dut, eta badaude poema batzuk ‘leunagoak’ edo ‘ maitasunezkoak’, nahiz eta zauriak ere badituzten, eta ez naizen saiatu guztiz desitxuratzen.
Azkenik, tono haustura bat ere bada Nik kontrolatzen dut makina.
2.500 euro jasoko dituzu; sorkuntza beka bat da, beraz, zertarako erabiliko duzu?
Orain erabaki beharko nukeena da beste sormen prozesu batean sartzen naizen, irudien bitartez, edo gidoi bat sortuz ikus-entzunezko bati begira jarriz edo zer egin. Oraindik ez daukat oso argi ze forma eman nahiko niokeen: hau paperean argitaratu edo ez, edo gehiago osatuko nukeen… Denbora pixka bat behar dut. Dena den, interneten argitaratuko da.
Orain aurkeztu duzu aurreneko lana sariketa batera, baina noiz hasi zinen idazten?
2014-2015ean hasi nintzen Idazle Eskolan hemen-han dauden poemak idazten, eta bestela, betidanik idatzi izan dut.
Eta etorkizunera begira, nola ikusten duzu zure burua?
Egia esan, momentu honetan ez dut sentitzen zerbait berria sortu beharko nukeenik, sortu dudanetik aparte. Eta ez nuke nahi egon, ezta ere, gai berdinei bueltaka, nahiz eta idazteak badaukan bere xarma. Dena den, agian ekologiaz idazten bukatzen dut, auskalo!