«Harro nago sektorearentzako bidea zabaltzen gure tanta jarri genuelako»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 19a, 01:00

«Senzilloa» izan omen zen Hernanitik Beruetera (Basaburua bailara) mugitzea. Nekane Galartzaren osaba baten base­rria herentzian jaso, eta Angel Alvarez eta biek, senar-emazte, «kargu egitea erabaki» zuten. «Ideia zen etxerako sagardo pixka bat egitea. Sagasti txiki bat jarri, kupela bat, eta etxerako egin». Hasi, horrela egin omen zuten, eta hazi, «kasualitatez…». 

Hernani eta Astigarragatik kanpo ere, badirela sagardotegiak! Etxerako sagardoa egiten hasita, nolatan jarri zenuten zuena, Berueten?
Laguna dut Zabaloeneako Manuel Iradi, eta hark esandako sagar barietateen bila joan nintzen Normandiara. Nekazal etxe batera joan nahi nuen, eta galdetu eta Calvadosera bidali ninduten. Handik barietateak ekarri eta Iradirekin partitu eta jarri nituen. Eta handik etorrita, hemen, bailaran Normandiara beste bidaia bat egiteko aukera sortu zen. Behi eta ardiak ikustea zen asmoa, eta nik esan nuen joango nintzela sagastiak ikusteko aukera banuen, barietateren bat falta bainuen. Gero, bueltakoan, Aldundiak jakin nahi izan zuen bidaiaren berri, eta inork hitz egin nahi ez zuela eta, nik hitz egin nuen, baina sagar eta sagardoaz! Egunkarietan atera zen, eta jendea Beruetera etortzen hasi zen, sagardotegiaz galdezka. Baina Hernanin bizi ginen oraindik! Eta horrela, Hernanin genuen jatetxetik butanozko su txikia hartu, txuletetarako parrilla, arrautzak… Eta hantxe joan ginen! Hiru astetan sagardorik gabe geratu ginen, eta hurrengo urterako gehiago egin beharko genuela pentsatu genuen. Horrela, nahi gabe hasi ginen!

Nahi gabe hasi, eta ikaragarri hazi! Zein sagar barietate erabiltzen dituzue egun?
40 barietate diferente dauzkagu: nor­man­diarrak, asturiarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarren bat ere bai, eta hemengoa, errekuperatu duguna. Ia 5 hektarea sagasti dauzkagu. Sagar dezente da. Etxekoarekin egiten dugu dena; gutxi dagoenean, gutxi!

Nolakoa izan da aurtengo uzta? Nola dator sagardoa?
Lehengo urtean terriblea izan zen, eta aurten, kaxkarra! Han bezala. Sagardoa, berriz, ez dakit oraindik! Ontzi-aldaketak egin berriak ditut eta probatzean jakingo dut. Hau toki altua da, 800 metrotan gaude, eta sagardoak atzerago, lasaiago etortzen dira. Hona etortzean han bezala egiten genuen sagardoa; adibidez, gauetan freskura bila ireki egiten genituen kupelak. Baina irakiteko behar ditu 10-12 gradu, eta hemen hotza egiten du! 4, 5, 7 gradutan egiten genuen! Orain ikasi dugu, kolpeka!

Ederki ikasi ere! ETB2ko ‘Juego de cartas’ saioan irabazle atera zarete…
Hasieratik argi izan genuen natural izango ginela. Inaxio, hernaniarra bera ere, ateratzekoa zenez, hitz egin genuen eta ginen bezala aterako ginela aipatu genuen. Programa saiatzen da zirikatzen, baina ez ginen erori, eta esan ziguten programa diferentea izan zela gurea, ez ginelako bata bestea izorratzen ibili. Denak irabazten atera ginen, hori genuen helburua.

«Hiru astetan sagardorik gabe geratu eta hurrengo urterako gehiago beharko genuela pentsatu genuen»

Inguru horietan jendeak ezagutzen ditu sagardotegiak? Hemengoetatik diferenteak dira?
Inaxio arraina partitzen ibiltzen zen, eta esan nion hari ere, ez ote zen animatuko sagardotegi bat irekitzera, giro pixka bat jartzeko. Orain bagara lau sagardotegi inguruan. Jendeak orain ezagutzen ditu! Eta asko bidaltzen ditut oraindik Hernani eta Astigarragara; hango lagun askorekin mantentzen dut harremana! Hona etorri ginenean, Aldundira joan ginen lagun­tzak eskatzera, eta sa­gar­dotegia zer zen ere ez zekiten ia! Ostatu edo bentetan ere ez zen sagardorik izaten. Neronek era­maten nituen Hernanitik ekarritako kaxak! Orain etxe guztietan partitzen dute, normal. Harro nago, sektorea­ren­tza­ko bidea zabaltzen gure tanta jarri ge­nuelako. Gaurko egunean sagardoa nor­ma­la da hemen ere. Neroni harrituta na­go urte gutxitan zein arrakasta izan duen ikusita, hemen hasi eta Erriberaraino! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!