Hiru txapelketa berri hasi dituzte palista hernaniarrek asteburuan, eta hiruetatik bitan, garaipenarekin hasi dira.
Aurreneko partidua ostiralean jokatu zuten eskuz binaka Amaia Araiztegi mallabiarrak eta Ainhoa Urien abadiñoarrak Emakumea Pilotari txapelketan, CD Hernanirekin, baina elkarren aurka. Zaldibian izan zen norgehiagoka. Urienek Patri Espinar izan zuen bikote, eta 22 eta 12 irabazi zuten, Arrietarekin batera aritu zen Araiztegiren kontra.
Mutilek, berriz, paleta gomaz, Udaberri txapelketari eman diote hasiera, eta 25 eta 10 irabazi zuten Real Sociedaden aurka.
Asteburuan hasitako azken txapelketa jubenilen mailako Euskal Herriko Ligakoa izan da. Hernaniren izenean ari dira Garazi eta Ekhiñe, eta aurreneko jardunaldian sailkapeneko hirugarren postua lortu dute.
Txapelketan hau hiru jardunalditan jokatuko da, eta jardunaldi bakoitzean, egun berean jokatzen dira final laurdena, finalerdia eta finala. Aurreneko jardunaldi honetan, Ogetan jokatutakoan, Adurtzari 20 eta 19 irabazi zioten, baina finalerdietan 20 eta 6 galdu zuten txapeldun geratu den Auñamendiko bikote nafarraren kontra. Hiru eta laugarren postuak jokoan zirela, 20 eta 16 irabazi zuten Aiaren kontra, eta horrela, 30 puntu bilduta, hirugarren postua lortu dute sailkapenean. Auñamendi 50 punturekin jarri da aurreneko postuan, eta Adurtza A bigarrenean, 40 punturekin. Aia laugarren dago 20 punturekin, eta Adurtza B eta Mendillorri 5 eta 6garren postuetan, 10na punturekin.
Pala ikastaroa, otsailean
Emaitza onak lortzeko, aurretik entrenatu beharra izaten da. Asmo horrekin, gaztetxoenek ere pala probatzeko, pala ikastaroa antolatu dute Hernaniko Palistek, otsailaren 5ean hasi eta ekainera arte.
Astearte edo ostegunetan, edo bietan parte hartu ahal izango dute ikastaroan, 16:45etan, 2007 eta 2008an jaiotako umeek. Izena emateko: hernanikopalistak@gmail.com.