Herriz herrikako kanporaketa fasea jokatzen ari da orain, Euskal Herriko XI. Mus Txapelketan. Herrialdeetako finalak otsailaren 23an jokatuko dira, eta final nazionala martxoaren 16an, Nafarroan.
Horraino iristeko, ordea, kanporaketa gainditu behar da, aurrena, eta Hernanikoa ostiral honetan jokatuko da, hilak 18, gaueko 22:00etan hasita, Zikuñagako Txintxua hotelean. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira. Dena den, kasu honetan, musean aritzeaz gain, bertan afaltzeko aukera ere izango da, 40 euroan.
Sariak, denentzat
Hernaniko kanporaketa irabazten duen bikotearentzako sari potoloena herrialdeko finalerako sailkatzea izango da. Han, besteak beste, Ereñotzuko Joxan eta Hodei Egaña aita-semeak izango dituzte aurkari, kanporaketa irabazita sailkatu baitira. Baina, horrez gain, izango dira sari gehiago ere: Hotel Txintxuako jatetxean 4 lagunentzako afaria, 2 botila ardo eta kafea.
Bigarren sailkatuek ere izango dute saria: bi botila ardo eta kafea. Era berean, parte-hartzaile guztiek eramango dute botila ardoa etxera.