Udaltzaingoaren kotxe batean agertu diren pintadak salatu ditu Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramaileak. Igandean, ‘ACAB’ siglekin margotuta agertu ziren; «polizia mota guztien aurka muturreko kolektiboek erabiltzen dituzten siglak dira, eta ‘polizia guztiak sasikumeak dira’ esan nahi dute», azaldu du.
Gertaera salatzeaz gain, adierazi dute «ulertezina» egiten zaiela, «gaur egun, oraindik ere gure udaltzaingoaren kontrako horrelako ekintzak gertatzea». Era berean, «gertatutakoa argitzeko ikerketa irekitzea» espero dutela azaldu dute, eta «desberdintasunak konpontzeko hitza erabiltzean sinesten» dutela, eta «muturreko ideologien inposizioak onartzen ez» dituztela.
Bukatzeko, «orain eta beti EAJren babesa» izango duela jakinarazi diote Hernaniko udaltzaingoari, «honelako eta bestelako erasoen aurrean».