Hainbat txapelketetako finalak eta finalerdiak jokatu dira asteburuan, eta Urumea bailarako pelotariak ezin finago ibili dira.
Jokatu den finaletako bat, Goizuetako Umore Ona Pilota Elkarteak antolatutako txapelketakoa izan da. Bertan, haurren mailan, Hernaniko Deskarga eta Alegriak jantzi dute txapela, Añorgari 18 eta 11 irabazita; Hernaniko pelotariek denboraldi honetan lortzen duten laugarrena. Bikote beraren aurka jokatu zuten sailkapen fasean ere, eta ordukoan galdu izanaren errebantxa polita lortu dute finalean hernaniarrek. Kimuen mailan, berriz, Apezetxea goizuetarra, Epleko Etxeberriarekin batera, azpitxapeldun geratu da, Ilunperen aurka 18 eta 10 galduta.
Bestalde, Gipuzkoako Trinkete Txapelketari dagokionez, kadete mailan, Astigarragako Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek nork bere partidua irabazi dute hernaniarren aurrean; Anartz Oiartzabali 30 eta 15, eta Unax Uitziri, 30 eta 6. Beraz, elkarren kontra ariko dira buruz buru, finalean. Asteburu borobila izan da hau, gainera, Lizeagatarrentzat. Izan ere, ostiralean, Euskadiko Ligako aureneko partiduan, 22 eta 17 irabazi zioten Munitibarren, Lea-Ibarrako bikoteari, eta igandean, Sunbillan jokatutako partidua ere irabazi egin zuten; hirutik, hiru. Hernaniko pelotarientzat, ordea, ez da hain ona izan: jokatutako partiduetatik hamaikana irabazi eta galdu badituzte ere, hiru finalerdi galdu dituzte, Gipuzkoako Trinkete Txapelketan: kadeteetako biak eta jubeniletakoa, Azkoitiaren kontra 35 eta 15 galdu baitu Mikel Lasak.
Emaitza ederrak lortzen ari den beste astigartarra Oier Gurutzealde da. Honek ere irabazi egin du Gipuzkoako Trinketeko finalerdia, seniorretan, Urnieta Kirol Elkarteko Eñaut Esnaola hernaniarraren aurrean, eta finalerako sailkatu da.