Txotx Mahaiko ordezkariek elkarlanean aurkeztu zuten atzo, Hernaniko aurtengo txotx denboraldia: Udalak, Kaxko bizilagun elkarteak eta Berriak ostalari eta merkatarien elkarteak. Berrikuntzen artean, bi azpimarratu zituzten; batetik, irekiera aurrenekoz ostiral iluntzean egingo dela, eta bestetik, iaz jarritako segurtasun eta informazio gunea zabaldu egingo dela aurten Plazan, eta Indarkeria Sexistarik Gabeko Gune berria jarriko duela Emaginek, Nafar kalean. Eraso sexisten aurrean laguntza eskatzeko telefonoa ere jarriko da martxan 24 orduz, asteburuetan: 688 685 164.
Pelota protagonista, ostiralean
Irekiera ekitaldia aurrenekoz ostiral iluntzez egingo da, eta Tilosetan; ostiral honetan, urtarrilak 18 izango da, hain zuzen. Euria egiten badu, Atsegindegin.
Aurrena, girotzeko gaztetxoen pelota partiduak jokatuko dira 18:00etan hasita, eta 18:45etatik aurrera trikitilariak ibiliko dira.
Irekiera ekitaldia 19:30etan egingo da, eta Hernaniko Pelota Mundua omenduko da. Denera, esku pelotaren 12 ordezkari, palaren 8 eta erremontearen 3 izango dira bertan, baina 4 ordezkari igoko dira oholtzara: pala ordezkatuz, Garbiñe Tijero, pala eskolako sortzailea, eta Amaia Irazustabarrena, 2018ko mundialetan zilarra irabazitakoa eta pala eskolako batzordekide gazteena; erremontea ordezkatuz, Endika Barrenetxea, jokalari profesionala eta hernaniarra; eta pelota ordezkatuz, haren ibilbidea kontuan hartuta azken momentuan aukeratuko duten jokalari bat.
Eguneko ospakizuna borobiltzeko, Errenteriako Ereintza dantza taldeak garai bateko emakumezko raketisten historia biltzen duen dantza ikuskizuna egingo du: Gu Agustina.
Segurtasuna, garbitasuna eta garraioa, indartuta
Txotx irekiera ekitaldiaren berri emateaz gain, denboraldi osoan izaten diren zerbitzuen berri ere eman zuen Txotx Mahaiak: bisita gidatuak, Sagar Lasterra herri krosa...
Guztiarekin herrira bisitari asko etortzen direnez, azpimarratu zuten, era berean, «Txotx Mahaiaren zeregin nagusia bisitariek herrian duten eraginaren antolaketa txukun eta eraginkorra egitea» dela. 2017ko datuei dagokienez, esaterako, 1.800 otordu emateko gaitasuna duten Hernaniko 12 sagardotegitan 60.000 erreserba egin zirela azaldu zuten, edota herri autobusa 8.000 lagunetik gorak erabili zuela. Zentzu horretan, gogorarazi zuten, batetik, garbiketa zerbitzua indartzen dela igandetan, eta Berriakek bi langile kontratatzen dituela bereziki Kaxkoko atariak garbitzeko. Horrez gain, komun publiko gehiago jartzen da Zinkoenean, Plazan eta Atzietan. Bestalde, udaltzainen zerbitzua haunditzen da, eta ertzaintzarekin lana banatzen da, segurtasuna areagotzeko.
Arlo horretan, iazko Plazako segurtasun eta informazio gunea indartuko da, udaletxeko bulegoekin, eta baita sexu erasoen kontrako kanpaina ere, Emaginek Nafar kalean jarriko duen Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunearekin, besteak beste. Udaltzainen eta larrialdietarako telefonoez gain (092 eta 112), asteburuetan 24 orduz zerbitzua emango duen zenbakia ere jarri da martxan: 688 685 164. Pegatinak banatuko dira, telefonoan itsatsita eramateko.
Guztiarekin, dei egin zuten «sagardoaz gozatzera etortzeko, baina garbitasuna eta biztanleen atsedena errespetatuz».
HERNANIKO TXOTX IREKIERA
Urtarrilaren 18an
18:00-19:00, Esku pelota partiduak Tilosetan; benjamin eta alebinak.
18:45-19:30, Trikitilariak, herriko kaleetan zehar.
19:30, Txotx irekiera, Tilosetan, Hernaniko Pelota Munduko omenduekin: esku pelota, pala eta erremontea.
20:00-20:30, Gu Agustina dantza ikuskizuna. Ereintza dantza taldeak emakumezko raketistek ibiliaren inguruan osatutako ikuskizuna.
*Ekitaldi guztiak Tilosetan egingo dira; euria egiten badu, Atsegindegin.
TXOTX DENBORALDIA
- XIII. Sagar Lasterra, otsailaren 23an.
- Turismo informazio puntua irekita*, larunbatetan eta Ostiral Santu egunean, 10:15-14:15/16:30-19:30 eta igandetan, 11:00-15:00.
- Bisita gidatuak* hirigune historikoan.
- Tren Berdean ibilbideak*.
- Pakete turistikoak*
- Hirigune historikoan bisita + ‘erremontista egun batez’ + erremonte partidak ikusi.
- Hirigune historikoan bisita + erremonte partidak ikusi.
*Otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetan.