2019ko udal hauteskundeetarako zerrenda osatzeko prozesua martxan jarri du Astigarragako EH Bilduk. Horrela, gaurtik 27ra, 2019ko maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetan EH Bildu Astigarragaren alkategaiak proposatzeko epea irekiko da.
Alderdiarekin bat egiten duten astigartar guztiak animatu dituzte, «prozesu honetan parte hartu eta bere erabakia emateko».
Hautagai bakarra aurkezten bada, batzarra deituko da hautagaia berresteko edo ez. Aldiz, hautagai bat baino gehiago balego, hautagaien arteko eztabaida prozesua irekiko litzateke, eta ondoren, hautagaiaren aukeraketa egin beharko litzateke.
Prozesuan parte hartzeko, elkarrekin.ehbildu.eus atararian izena eman behar dela gogorarazi du Astigarragako EH Bilduk.
Herri programa lantzen
Bestalde, alderdiak gogorarazi du 2030ean nolako Astigarraga nahi den hausnartzeko bi saio egin dituela; «parte-hartze zabala izan zen, eta ikuspuntu eta ideia desberdinak konpartitzeko aukera paregabea izan zen».
Hurrengo hilabeteetan, hauteskundeetarako zerrenda osatu bitartean, herri programa osatzeko lanketa ere egingo dela jakinarazi du EH Bilduk.