Irabazi behar den partidu horietakoa jokatu zuen atzo Hernanik, Landaren, eta ez zuen hutsik egin. Aurkari zuzen bat zuen aurrean, La Vila, eta hernaniarrek 22-16 hartu zituzten mendean. Hori bai, lau puntuak lortzeko, izerdia gogotik bota behar izan zuten Polidorik zuzentzen dituen jokalariek. La Vilak ez zuen inoiz etsi eta gauzak oso zail jarri zizkion Hernaniri lehendabiziko minututik.
Partidu oso lehiatua, borrokatua, gogorra eta parekatua ikusi zuten Landarera hurbildu ziren zaleek. Hernanik aurrea hartu zuen markagailuan, baina kanpotarrek azkar erantzun zuten eta lehendabiziko minutuetan 5-7 ziren aurretik. Oier Garmendiaren lehendabiziko entseguarekin Hernani, berriz ere, aurretik jarri zen, 12-7, eta ez zuen aurrea utzi amaitu bitartean. Hori bai, atsedenaldira markagailu oso estuarekin iritsi ziren, 12-10.
Aldageletatik bueltan norgehiagoka ez zen askorik aldatu. Hernanik majo sufritzen jarraitu zuen, nahiz eta Oier Garmendiak etxekoen hirugarren entsegua eta bere bigarrena lortu. Ostikada zaila sartu zuen Elosegik eta 22-13 jarri ziren aurretik. Hala ere hamar minutu faltan sei puntura hurbildu ziren kanpokoak eta azken minutuak nerbioz josiak egon ziren. Azkenean garaipena etxean geratu zen erasoko bonusarik gabe geratu arren.
Hernanik azken postua hamabi puntura hurrundu du eta laura promozioa.