«Niri andereño deitzen hastea ohorea izan zen»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 12a, 01:00

Urrian 50 urte bete zituen Donostiako Zurriola ikastolako ha­zia, andereño Kontxita Beitiak (Pasai Antxo, 1940) jarri zuen; andereño Elbira Zipitriaren (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) ikasle izanak. Hernanin daramazki azken 7 urteak, ha­zia ondo loratu zedin nola erein zuten ahanzturan ez erortzeko lanean. Laster zinemetan ikusi ahal izango den Maider Oleagaren Muga deitzen da Pausoa filmean ere hartu du parte, Elbira Zipitria gogora ekarriz.

Irakasle, ala andereño?

Andereño. Segitzen dut izaten andereño Kontxita, Donostian. ‘Andereño’ hitza Elbira Zipi­tria­rekin hasi arte ez nuen sekula entzun. Halako batean jendea hasi zitzaidan ‘andereño’ deika, eta nik uste nuen Elbira bakarrik izango zela andereño! Gero, beti mantendu dut. Eskola publikora joan nintzenean Beraunera, A ereduan D eredua martxan jar­tzeko, han ere andereño nin­tzen, denak erdaldunak izanda ere. ‘Irakasle’ batzuei gehiago gustatzen zaie; niretzat orokorragoa da, edo unibertsitatean ari direnentzat. Andereño, txikiagoekin, 14 urtetik beherakoekin. Oso desberdina da. Niri andereño deitzen hasi zirenean niretzako ohorea izan zen, eta ohore horrekin jarraitzen dut, ez dut utzi nahi.

Argi izan duzu beti irakaskuntzatik jo nahia?

Bai, eta magisteritza ikasi nuen. Ez euskal irakaskuntzatik, ez bainekien ezer bazegoenik. Euskera ere ia ahaztuta nuen. Etxean egiten zidaten euskeraz txikitatik, baina hura ere ahaztua neukan. Eskola nazionaletan sartzeak ez zidan graziarik egiten, praktiketan ikusi baikenuen zer zen, eta aukera hau izan nuen, aitaren lagun baten bidez. Pasaian ikastola jartzeko proposatu zidaten, eta nik, euskeraz eta ikastola zer zen jakin gabe, ezinezkoa zela pentsatu nuen. Esaten zidan erdaraz egiten zen bezala euskeraz egitea izango zela. Baina hura ez zela posible ikusi nuen, ez nion tajua ateratzen. Noski, horretarako Elbira Zipitriarengana jotzeko esan zidan, haren metodologiaren berri ikasteko; zeharo ezberdina, berria, alaia, atsegina.

Eta Elbirarenera jo zenuen?

Hori izan zen nire bidea. Lehendabizi berarengana jo nuen, eta ondo hartu ninduen magisteritza baneukalako. Asko neurtzen zuen hori. 18 urte nituen eta konturatu zen ez nuela euskera aspaldi ahaztu, baina ez nuen ia ezer ulertu ere egiten. Urtebeten errekuperatuko nuela esan zidan, eta euskera klaseak eman zizkidan; beste ohore bat. Azken finean, nor-nori-nork sistema berak asmatutakoa da, eta hori erakutsi zidan. Hurrengo kurtsoan, praktikak egin nituen berarekin urte osoan, eta hurrengoan Pasaian ikastola jarri behar nuela esan zidan.

«40 urteko diktadura baten ondoren lortzea euskaldunak izan ahal izatea, izugarrizko aurrerapena da»

Bi urteko formazioa jaso, eta ikastola martxan jartzera! Zein baliabiderekin?

Bi urtetan prestatu nintzen ikastola jartzeko eta 1960an jarri nuen Pasaian, nere etxeko gela batena, ikastola. Lurrean eserita, aulkirik gabe, mahai bat bagenuen zerbait egiteko, eta gero, bagenuen arbela, nahiko ederra. Askegunea deitzen diot orain arbela horri. Umeak arbelara joaten zirenean askatu egiten ziren erabat. Orain ez dakit, baina han bai; aurreneko urtetan arbela izatea garrantzitsua zen. Beraiek lurrean txotxekin ikasitakoa arbelara eramateak esan nahi zuen dagoeneko gai zirela. Aurreneko 8 urte haietan ni ere eseritzen nintzen lurrean beraiek bezela, ez genuen ezer. Gero hasi ginen andereñoak aulki txiki batean eseritzen, eta haurrak borobilean, baina uste dut esentzia galdu genuela. Denok lurrean bat ginen.

Elbira Zipitriak eskola nazionalarekin zerikusirik ez zuen metodoa asmatu zuen. Zertan nabari zenuen?

Denean! Lehendabizi egituratu egin behar zen gela umeak lurrean eseri eta lasai egoteko. Bestalde, arbelarena. Baita mahaia ere; Elbirak bazuen mahaia paretera itsatsita egoten zena, hanka bakarrekoa, eta nik ere jarri nuen etxean. Umeei poza ematen zien ‘mahaia jaistea’. Eskola nazionala zen eskola frankista bat. Hortik hasi behar da. Han zegoen entziklopedia, de Alvarez edo lehenagokoa. Eta Franco zen nagusi. Bandera espainolak leku guztietan zeuden. Neri ez zitzaidan tokatu ikustea, ni joan nintzen eskolako irakasleak beste modu batekoak izango zirelako. Baina ni hasi nintzenean 44an, Cara al sol kantatatzen zen sartu orduko, eta gero, errezatu. Ez nuen horrelako eskola batera joan nahi, baina dena dela, oposaketak egin nituen, eta tokatu zitzaidan Tolosako auzo zoragarri bat, Santa Luzia. Ia 60 haur nituen, adin guztietakoak, denak neskak. Denak euskaldunak, baserritarrak, zoragarriak. Baina 15 egun bakarrik egin nituen. Plaza hartu eta eszedentzia hartu nuen. Ikas­tola ere martxan neukan eta ez nekien nola antolatu. Bost haur nituen. Irailean eskola publikoan, nazionalak deitzen zirenak, goizez bakarrik izaten ziren, eta beraz, ikastolan arratsaldez aritzen nintzen, bi orduz. Pena eman zidan Santa Luzia uzteak, baina nik ikastolarekin konpromisoa hartua nuen. Badakizu zer izan zen 5 haur aurkitzea Pasai Antxo bezalako herri erdaldun batean?

«Badakizu zer izan zen 5 haur aurkitzea Pasai Antxo bezalako herri erdaldun batean?»

Nola lortu zenuen?

Pasaian eta Donostian desberdina izan zen. Pasaian, ama joaten zen merkatura erosketetara, eta ikusten bazuen baten bat euskeraz egiten baserritarrari, galdetu egiten zion umerik ba ote zuen, alaba ikastola jartzen ari zela-eta. Bostek baietz esan eta niregana bidali zituen, azalpen eske. 20 urte bete gabe nituen! Baina, hala ere, azalpenak eman eta... Gero, bazen familia bat Pasaian, aitari ni Elbirarenera joateko esan ziona, eramaten zuena alaba zaharrena Elbirarengana, eta esaten nien haiengana joateko. Oso familia ezaguna zen, prestigio handikoa, gizonak akademia baitzuen, neska-mutilak Luzuriagan sartzeko prestatzeko. Kontatzen zieten niri buruz eta gehienbat, amak, oso gustatuta geratzen ziren. Horrela izan zen. Baserritar batek bi semeak bidali zituen ikastolara, eta haietako bat Hernanin aurkitu dut aurten! Nafarroari buruz Beñi Agirrek emandako ikastaroan. Berak ezagutu nau! Lau urte zituen hasi zenean!

Urte gutxitan asko hazi zen ikasle kopurua...

Bostekin hasi, bigarren urtean 12, hurrengoan 30 bat. Orduan hiru talde jarri nituen. Ikastoletan taldeek hamarrekoak izan behar zuten. Ba omen zegoen lege bat, esaten zuena 10 arte ez zirela eskola klase gisa hartzen, baizik eta klase partikular bezala, eta horri heldu genion. Noski, ezin genuen egun osoan klasea eman, eta gainera, egun osoa etxean, ez ziren baldintza onenak; bi orduko ikastaroak izaten ziren. Beraz, etxerako lan mordoa bidaltzen genien. Horretarako, amekin harreman haundia genuen, azaltzeko zein metodologia erabiltzen genuen, zein sistema, nola egin... Adibidez, pottokak, kanikak erabiltzen genituelako, batekoak hamarreko bihurtzeko, hamarrekoek ehuneko... Gertatzen zen gauza politena zen triangelua sortzen zela: haurra, ama eta andereño. Edozer gauza zela, amak gurekin jartzen ziren harremanetan. Umeak zerbait ulertzen ez bazuen ama­ri azal­tzen genion, eta esaten genion zer erosi behar zen: pottoka batzuk, txotxa zapalak... Hori zen Elbiraren aldaketa: nola erakutsi matematika, edo batez ere, geografia; aurrena, Donostiako mendi eta ibaiak erakusten zituen; nik, Pasaiakoak; gertutik hasita. Gero, pottoka eta txotxekin, umeek manipulazio izugarria zeukaten. 10 buztinezko pottoka kristalezko ba­te­kin trukatzen ziren, eta horretarako kantatu egin behar zuten, txoko batean; pentsa noiz hasi ziren txokoak! Han ikasle bat jartzen zen, bankuko andre Joxepa balitz bezala, eta diru-aldaketa egitera joan behar zuten, bankura bezala.

Hori guztia klandestinoa zen, eta ez-ofiziala. Nola uztartu gero hori, ikasketa ofizialekin?

Hura festa bat zen, txikiak zirenean! Gero ez hainbeste, ikasi egin behar baitzuten, batez ere etxean. Guk 9 urte arte izaten genituen haurrak, baina ondo prestatu behar ziren, gero, batxillerra egiteko sarrera proba 10 urterekin egiten baitzuten. Ikastolak klandestinoak ziren, baina zenbait kolegiotan bazekiten zer egiten ari ginen. Elbira 42an etorri zen Iparraldetik eta orduz geroztik baziren ikastolak, eta ikasleak bazeuden han­dik ateratakoak Marianistetan, Jesuitetan, Jesusen Bihotzean, San Bartolomen... Bazekiten ikastolatik joaten zirela haur batzuk, eta errespetua izan behar ziotela, batez ere, hizkuntzari. Izan ere, kolegioetan galdua zegoen errespetu hori; txikiak ginela zerbait gaizki eginez gero, esaten ziguten: ¡claro, hablas en vasco! Batez ere Donostian. Nik Pasaian ikasi nuen moja kolegio batean, orain La Anunciata izenekoa; 4 urtekin eraman ninduten haruntza, euskera besterik ez nekiela, eta ez nuen ezer sumatu. Baina Donostiara Teresianetara etortzean nabaritzen nuen ez zegoela inolako euskaltasunik. Hala ere, beste lekuetan entzuten diren gauza ikaragarriak, eraztunak eta, ez nuen bizi izan. Gehiago izaten zen hori herri txikietan.

Donostian ikastola sortzea diferentea izan omen zen.

Ezkondu nintzenean Grosera joan nintzen bizitzera. Ordurako bi ume nituen, eta ateratzen nintzen Katalunia plazara. Han ibiltzen nintzen euskeraz entzun arte. Ondoan eseri eta kontatzen nion nire proiektua, eta aurreneko urtean 10 ume izan nituen! Urte osoa pasa nuen bankuetan euskeraz hitz egiten zutenen ondoan eseritzen. 68a zen eta ikastolen kontua zabalduta zegoen: Antiguan Jakintza, Amaran Ikasbide. Mugimendua bazegoen, euskera ez genuela etxean eduki behar, kanporatu, plazaratu egin behar genuela.

«Elbirak ez zuen sufritzen eta hainbeste hitz egiten gauza baten gainean, ez bazekin oso ondo zer esa­­ten ari zen»

Horregatik sortu zenuen Zurriola ikastola?

Grosen, etxean,  bi urte egin nituen, eta gero, Ramon Maria Lili 8ra, bajera batera joan ginen. Groseko ikastola hasiko zela zabaldu zen. Bazegoen beste bat eta hitz egin nuen haiekin, baina ez ziren ausartu. Andereñoen erresidentzian egin genuen bilera bat, ahoz aho zabalduta; emakumeen papera horretan izan zen fundamentala, baina bileran ez zegoen gizona besterik! EAJko jende asko agertu zen, eta hortik sortu zen izena: Groseko ikastola, ez; Gros lehen Zurriola bazen, horrela izango zen! Ilusioa zegoen. Eta dagoeneko 50 urte pasa dira! Oso jende ausarta eta langilea egon da beti Batzordeetan. 1968ko urriaren 8an jarri genuen martxan hura, hiru andereñok (Kontxita Beitiak, Mari Tere Elolak eta Maite Garagorrik).

Andereñoen erresidentzia aipatu duzu. Elbiraren eskolen arrakastaren seinale?

Andereñoen erresidentzia sortu zen Donostian, 66an. Herrietan Batzordeak osatzen hasi ziren ikastolak sortzeko, eta andereño izan zitezen prestatzeko erresidentzia jarri zen. Eguna pasatzen zuten ikastoletan praktiketan, eta arratsaldean han. Nik euskera klaseak ematen nizkien alfabetatzeko; Joan Mari lekuonak literatura; aita Goenak psikologia... Bederatzi bat urtez iraun zuen; Donostiako Marina kalean hasi eta gero, Zabaleta 47an egon zen, eta Antigua eta Aieten. Sekulako arrakasta izan zuen, eta sekulako lana egin zen jendea prestatzeko. Baina Elbira Zipitriak ez zuen onartu. Hasieran ematen zuen ilusioa egingo ziola, baina uste dut beldurra sartu zitzaiola. Oraindik klandestinoak ziren ikastolak, eta erresidentzia ere bai.

Baina noizbait etorri zen aldaketa. Nolakoa izan zen ofizialtasunerako bidea?

Aurreneko baimena 70-71n eman ziguten. Baina 100dik gora ikasle bagenituen Zurriolan, baimena etorri zen nesken gela bakar baterako. Orduan, kolegio batzuekin hitz egin genuen; batez ere, Mariaren Bihotzarekin, aita Agirre zuzendari zela. Baimenik  gabeko ikasleen izena kolegioan ematen genuen, eta inspektoreari esaten genion tokirik ez zutelako bidaltzen zizkigutela, baina kolegioetakoak zirela. Egia da, hala ere, Zurriolako inspektorearekin ez genuela batere arazorik izan. Behin, 68an, Oltra Moltó Donostian gobernadore zibila zela, Don Jose inspektoreari deitu zion esanez dekretoz itxi egingo zituela Gipuzkoako ikastola guztiak gau hartan, eta guri inspektorea etorri zitzaiguan gaua eskolan pasatzeko esanez. Goizeko zazpietan etorri zen, ez zela itxiko jakinaraztera, baina neurri berriak jarri zirela: leku egokia bilatu behar genuen, leihorik ere ez genuen eta. Horrela joan ginen Villa Sacramentora.

«Ekintza politikoa izan zen ikastolak jartzea»

Eskola nazionaletatik publikoetara saltoa ere eman zen, eta bertan aritu zinen lanean. Nolatan?

Villar Palasí ministroak jarri zuen OHO (EGB), eta ordurako Eusko Jaurlaritza ere ari zen lanean, eskola publikoan jende euskalduna behar zela esanez. Urteetako prozesua izan zen. Guraso batzuek ez zuten nahi eskola publikoan euskerako klaserik, baina hasi ginen. Ordurako transferentzia izango zuen Eusko Jaurlaritzak eta jarri zituen A, B eta D ereduak. baina jendea ez zegoen prestatuta euskeraz egiteko, eta sortu zen Irale. Erdaldun petoak euskaldun bihurtuta ateratzen ziren. Horrela hasi ginen eskoletan euskera ematen eta Euskal Herriko irakaskuntza euskalduntzen. Zurriolan hiru urte egin nituen. 71tik 83ra-edo, etxean egon nintzen; tartean, hiru eta laugarren umeak izan nituen, eta Zorroagako unibertsitatean psikologia ikasi nuen. Giro hartan ibiltzeak indarra eman zigun gero gauza askoren kontra jarri eta beste asko onartzeko. Eta 84an hasi nintzen eskola publikoan, eszedentziatik bueltan; urtebetez Biteri Zuhaiztin, eta 85ean Beraunen. 10 bat urte egin nituen han, nahiz eta Zurriolarekin harremana beti mantendu.

Ikastola vs. eskola publikoa; euskera batua... Gatazka urteak izan ziren? Hernanin sumatu zen...

Gatazka ikaragarria izan zen, bai. Hernanira etorri zen lehenengo andereñoa, Maritxu Mariezkurrena, Elbirarekin aritu zen prestatzen. Pasaian ikastola jarri nuenean etorri zen praktikak egitera. Ez dut Hernaniko bilakaera ezagutu, baina gatazkak izugarriak izan ziren. Elbirarekin euskera batuaren bueltan zenbat sufritu genuen, ezin daiteke esan! Berak nahi zuen batua, baina ez egin zen moduan. Ez nuen sekula jakin, ordea, nola. Dena den, andereñoen erresidentzian klaseak ematen nituenean Elbirak markatutako bidea jarraitu nuen. Gero, Zurriolan, 70ean, hasi nintzen konturatzen ez zela posible. Elbirak beste guztia barkatzen zuen, baina ‘h’, ezta pentsatu ere! Asko nahasten zuen politikarekin. Izango zituen bere arrazoiak. Ez zuen sufritzen eta hainbeste hitz egiten gauza baten gainean, ez bazekin oso ondo zer esaten ari zen. Oso zorrotza zen denontzako, eta bere buruarekiko. Eta 93an, publiko-pribatu gatazkan, beste hainbeste. Ikastola guztietan sortu zen sakabanaketa bat, eta gainditu da, baina kostata. Ni eskola publikoan ari nintzen lanean, baina Zurriolako Batzordeko kide nintzen, eta joan nintzen pribatutasuna gordetzearen aldeko hitzaldia ematera. Uste dut asmatu genuela.

Borrokaz borroka, hurrengoa izan zen klandestinitatean lan egindakoa kotizatzea lortzea.

Borroka latza! 15 urte, hasi ginenetik bukatu arte! Hasieran ez ziguten politikoek batere kasurik egiten, baina Jaurlaritzan horretarako pertsona bat jartzean hasi ginen martxan. Rajoy sartu zenean akabo dena; Jaurlaritzari begira bakarrik egin genuen lan. Eta gero, sozialistak jarri zirenean, oso ondo. Caldera ministroa jarri zutenean lortu genuen. Lau andereño hasi ginen, eta lauak bizirik ginela lortu genuen: Itziar Arzelus, Karmele Esnal, Nekane Auzmendi eta laurok. Sekulako poza izan zen, eta sariak alde guztietatik. Ederrena, gainontzeko andereñoek egindakoa. Gure lankideak.

Zein erronka ditu gaur egun, irakaskuntzak?

Ez nago oso pesimista. Euskeraz ikasita ateratzen dira haurrak eskolatik. Denok daukagu aukera euskaldunak izateko, eta hori asko da; 40 urteko diktadura baten ondoren lortzea euskaldunak izan ahal izatea, izugarrizko aurrerapena da. Zer gertatzen da bestalde? Bi hizkuntza erraldoi dauzkagula ezker-eskubi. Ezin dugu gure burua zigortu ez dugulako asmatzen. Beharbada ez dugu gehiago asmatuko. Bes­tal­de, lehen izan genuen inmigrazioa, Espainiakoa. Hemengoekin joaten ziren eskolara. Beraunen pentsatu nuen ezinezkoa izango zela euskeraz erakustea, baina ikusi nuen ilusioa guraso haiengan. Seguru oraingoek izango dutela ilusio bera. Sentimendu politiko pixka bat eduki behar dugu. Lehen ez nuen esaten, baina orain bai: ekintza politikoa izan zen ikastolak jartzea. Inspektoreak gaua ikastolan pasatzeko esan zigun gau hartan, gobernadoreak idatzi omen zion Nafarroakoari esanez: «ten mucho ojo con las ikastolas. Estáis a tiempo, tenéis pocas. Yo he intentado cerrarlas, pero no he podido, y no podré».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!