Azaroan hasitako txapelketari gaur emanen diote bukaera, Goizuetan; goizeko 10:00etan hasita jokatuko dira Umore Ona Pilota Txapelketako finalak, eta tartean izanen da Apezetxea goizuetarra, kimuen mailan. Haurren mailan, berriz, Hernaniko bikotea ariko da Añorgakoaren kontra.
Denera, lau partidu jokatuko dira. Umeen mailan, Epleko E.Iturain eta O.Bergara ariko dira, Aurrerako A.Ugartemendia eta E.Bidarten kontra. Kimuetan, Apezetxea goizuetarra, Epleko Etxeberria lagun duela, Ilunpeko Labaka eta Artetxeren kontra. Haurretan ariko den Hernaniko bikotea Deskargak eta Alegriak osatuko dute, eta Añorgako E.Oliden eta M.Bertiz izanen dituzte aurrez aurre. Azkenik, 22 urtez azpikoen mailan, Bergara eta Andoainen artekoa izanen da norgehiagoka: Etxaniz-Gartzia, Etxezarreta eta Arrateren aurka
Finalerdietan aise irabazita, aurrera
Bi finalerdi jokatu dira, pasa diren bi asteetan, eta finalera iritsi diren goizuetar eta hernaniarrek dezenteko aldearekin irabazi zuten, finalerako txartela lortzeko.
Kimuen mailako goizuetarraren kasuan, 18 eta 9 irabazi zion Hernaniko Pascual eta Azpeitiak osatutako bikoteari, abenduaren 28ko finalerdietan. Ilunpe eta Epleren arteko lehian, berriz, umeen mailan, azken horiek izan ziren garaile, 18 eta 14, eta 22 urtez azpikoetan, finalerako txartelaik gabe geratu ziren Umore Onako Aizkorbe eta Apezetxea, andoaindarren aurrean 22 eta 14 galduta.
Gaurko finalerako txartela lortu duten haurren mailako hernaniarrei dagokienez, Umore Onako Legarreta eta Elizegiri 18 eta 11 irabazita lortu zuten, lehengo asteko ostiralean. Haurren mailako finalerako beste txartela añorgarrek lortu zuten, Aurrerako bikoteari 18 eta 13 irabazita. Kimuetan, Ilunpek irabazi zion Aurrerari 18 eta 4; umeetan Aurrerak, Bortzirietako bikoteari, 18 eta 17; eta 22 urtez azpikoetan Bergarak, estu-estu, Buruzgaingo Gaskue eta Irurtzungo Olaetxeari: 22 eta 21.
Gazteenetik zaharrenera
Gaurko finalak jokatzen aurrenak gazteenak, umeak izanen dira; eta kimuak, haurrak eta 22 urtez azpikoak, segidan.