Jardunaldi baten faltan txapeldun, Urko Semperena eta Jaime Romero

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 12a, 01:00

Bihar jokatuko da, Donostiako belodromoan, Bio Racer torne­o­aren azkeneko jardunaldia; baina dagoeneko, matematikoki ziurtatu dute garaipena, Urko Semperena eta Jaime Romero astigartarrek, 23 urtez azpikoetan eta juniorretan, hu­rrenez hurren.
Izan ere, aurreko asteburuan borobildu zuten, txapelketa bikaina. Elkarrekin aritu ziren bi kategorietako txirrindulariak, tempo eta puntuazio probak lehiatzeko.

Aurrenekoan, Xabier Mikel Azparrenek jo zuen aurreneko erasoa, eta beste asko etorri ziren gero. Beraien artean ba­natu zituzten tarteko sprintak, Urko Semperenak bere erasoa jo zuen arte: bakarrik ihes egin, zortzi sprint jarraian irabazi, eta garaipena lortu zuen. Azparren hirugarren sailkatu zen azkenean; Romero, puntu bakarra lortuta, hamargarren izan zen, baina hirugarren ju­niorra; eta Telmo Semperena, punturik lortu ez arren, laugarren juniorra izango zen, azkeneko sprintean bigarren egin baitzuen.

Puntuazio proba, berriz, oso na­hasia izan zen, sailkapenaren lehiatik kanpo dauden txirrindulari askoren erasoekin. Horietako batean, Azparrenek buelta bateko aldea lortuko zuen, eta horrekin, garaipena. Eraso horretan zen Telmo Sem­perena ere, baina erreleboetako batean, bere aurrean zegoena indarrik gabe geratu zen, eta berak ezin izan zituen aurrekoak harrapatu; 11garren bukatu zuen azkenean. Urko anaia izan zen 10garren, eta 18garren Romero.

Bordelen gaur, Romero eta Telmo Semperena
Romero eta Telmo Semperena ez dira egongo bihar, azkeneko jardunaldian. Izan ere, Bordele­ko belodromoan ariko dira, Gi­puzkoako selekzioarekin. Edo­zein kasutan, garaipena seguru du Romerok, Bordelen izango baita Asier Pozo bigarrena ere; Iñaki Diaz hirugarrena, urru­tiegi dago. Semperenak, bere aldetik, bosgarren postuan bu­ka­tuko du torneoa.

Donostian ariko dena, Urko Semperena da, baina presiorik gabe lehiatuko du azkeneko jardunaldi hau: matematikoki ziurtatuta dauka garaipena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!