Lau milioi euro inbertituko ditu Udalak, «herria uholdeen eraginetik 100 urtez babesteko»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 12a, 01:00

Astigarraga uholdeen eraginetik babesteko, zenbait neurri zehaztu ditu Udal Gobernuak. Hala eman zuen aditzera, Uhol­deen Aurkako Batzordean, eta txostena aurkeztu zuen: «URA agentziak aurreikusi dituen obrak osatzeko, neurri osagarriak planteatzen ditu txostenak, gure herria 100 urtez ba­besteko uholdeen eraginetik».

URAk, dagoeneko, «inbertsio potoloa» egin du Urumea iba­iaren behe-ibilguan, eta horrek «hobekuntza nabaria» ekarri du, uholdeen arriskuari begira. El Pilar auzoaren eta Martu­te­nen ordezkatu zuten zubiaren artean egin dituzte lanak, 800 metroko tartean. Lehenengo fasea izan da hori, eta bigarrena ere, dagoeneko ate­ra zuten lehiaketara, azaroan. Ibaiaren zabalera bikoiztuko dute, 50 me­trokoa izan arte, Mar­tu­te­nen, zubitik 27 poligonora. Euri-uren biltzaile berriak ere jarriko dituzte, eta ekaitz tanke bat, euri-uren hustuketa hobetzeko.

Ergobiako tartea, hurrengoa
Aurreneko fasea bukatu eta bigarrena hastean, Ergobiako tarteari helduko dio URAk: «18 aukera aztertu ondoren, bost milioi euroko inbertsioa egingo du URAk zati horretan», jaki­na­razi du Udalak; eta lan garran­tzitsuenak zein izango diren ere aurreratu du: «Ergobiako zubitik ibaian behera 2,9 metro­ko plataforma egingo da, ibaia za­bal­tzeko eta emariaren hustubidea errazteko, ur altuak ematen di­renean. Zubian laugarren begia jartzeko aukera alde batera utzi da, baina ezkerreko ertzeko begia egonkortu egingo da. Eta Ergobiako zubitik ibaian gora, Akarregi auzorantz abiatuta eta meandrora iritsi baino lehen, 2,9 metroko beste plataforma bat sortuko da. Gainera, ibaia zabalduko da eskuineko aldetik, 20 metrora iritsi arte».

Erdiguneko eta Ergobiako drainatze sistemen azterketa, txostenak
Edozein kasutan, Udalak dio neurri osagarriak behar direla, URAk egingo dituen lanak apro­betxatuz: «ekimen horiekin ere, euri ugariko epe batean, gure herrian jaso daitekeen ura nahikoa izango litzateke ibaia hazteko, eta ondorioz, uholde arazoak sortzeko Ergobia-Txa­la­ka tartean». Horregatik, Uhol­deen Aurkako Babesa hobetzeko Plana jarri du martxan.

Martuteneko lanak bukatuta, Ergobiako tarteari ekingo dio  URA agentziak, eta horiek osatzeko neurriak hartuko ditu Udalak.

«Txostenak jasotzen du, erdi­guneko eta Ergobiako drainatze sistemen azterketa. Ergobian, gainera, zubiaren ondoan ekaitz tankea jartzea planteatu da; zazpi ur-biltzaile izango lituzke, Ergobian erortzen den euri-ura jasotzeko, irtenbidea izateko ibaia altuagoa denean urbanizazio-kota baino, eta beraz, ezin denean beste era batera hustu», azaldu dute. Bestalde, ekimen ezber­dinak jarriko dituzte mar­­txan, erdigunea «100 urtetako uholdeetatik babesteko». Ibaia bideratzeko lanak egingo dira, eta euri-uren irteerako norabidea aldatu: «gaur egun Tomas Albara ateratzen da, eta arazoak eragiten ditu, urbanizazio-kota 6,8 metrokoa delako soilik. Galtzaur ubideko azterketa ere egin da, ezkerreko ertzeko ponpaketa-sistemak biltegiratze arazoak izan dituelako. Egungo biltzailea aztertuko da eta kaudalimetroa jarri, Goiko Iturriko errekako ura ez iristeko Pelo­ta­ri kalera», diote.

Lan osagarri horiek, lau mi­lioi euro inguruko inbertsioa suposatuko dute: «uholdeak, gure herriak historikoki izan duen arazoetariko bat dira, eta beharrezkoa da irtenbideak bilatzea, arazoari konponbide eraginkorra emateko. Neurri hauek, 100 urtez babestuko dute Astigarraga. Udal Gobernu Tal­detik, konpromisoa hartu dugu herria zaintzeko uholdeen aur­ka, eta finantzaketa bilatzen ari gara, neurrien gastuak ordain­tzeko, kontuan hartuta udal aurrekontuaren %46a suposa­tzen dutela», adierazi dute.


Asfaltoa berritzeko lanak, Bidebitarte poligonoan
Beste obra lan batzuei ere ekingo die laster, Udalak. Bide­bitar­te poligonoko asfaltoa berrituko dute, zati batean: Donostia Ibilbideko 260 metro, Urumea Berri edo Astigarragako sarrerako errotondatik, Bidebitar­te­ko errotonda zentralera. «Hon­da­tuta dago errepidea, eta me­moria bat eskatu genuen, zo­nal­deko kalteak ezagutu eta be­harrezko konponketak egiteko. Donostia Ibilbideko zati ho­rrek, dauzka pitzadurak, zuloak... Izan ere, poligono barruan trafiko gehieneko kalea da», dio Udal Gobernuak.

Asfaltoaren kalteak ikusita, proposatu dute oraingo geruza fresatzea, eta ondoren, errodadura kapa berri bat botatzea. Kapa berri hori, bitarteko kareharrizkoa izango da, kaltetuen dauden zonaldeetan. Lurra ego­kitzen dutenean, egokituko di­tuzte bordilloak, seinalizazioa, pintura, irtenguneak... 

Baden bat jartzea ere au­rre­ikusi dute, errotondan, Trans­por­te Donos­tiarra enpresaren aldean. Plan­teatu dute hormigoizko badena jartzea, 15 me­tro­ko luzera eta 60 zentimetroko lodiera izango duena.
Obren memoria laster onar­tuko dute, eta behin lanak es­lei­tuta, hiru asteko iraupena izango dute. Guztira, 135.000 eu­roko kostua izango dute lanek, eta bi fasetan burutuko dituzte. Obrek iraun bitartean, ez dute trafikoa desbideratuko. Horren ordez, fase bakoitzean errepidearen alde bat berrituko dute, eta bestetik trafikoa ahalbidetuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!