Mozioa, auzoetako ekimenak bideratzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 12a, 01:00

Auzoetako ekimenak bidera­tzeko asmoz, mozioa aurkez­tu du Astigarragako EH Bilduk, Udalean. Izan ere, konpromiso hori hartu zuen auzotarrekin, urrian. Urtero bezala, hainbat bilera egin zituen EH Bilduk, auzoetan, 2019ko Udal Aurre­kon­tuak lan­tzeko. Eta azpimarratu du, «auzotarren ezinegona nabarmena» izan zela, eta «urtero gauza be­ra eskatzen egon arren, Uda­letik ezer iristen ez dela ikusteak, auzotarren etsipena» eka­rri duela. 

Horregatik, bi konpromiso hartu zituen: bileretako eskaerak aurrekontuetan jasota ez bazeuden, emendakin moduan aurkeztea; eta auzoetan dauden eskaera ezberdinen harira, udal talde politikoek duten konpromiso maila ikusarazteko, mozio bat aurkeztea. Biga­rren horri erantzun dio orain.

Eskaerak, auzoz auzo
Bertan jasotzen diren eskae­rak, auzoka multzokatu ditu. San­tio­mendin, 2019an auzoaren hiri­tartze proiektua idaztea au­zotarren partehartzearekin, gutxienez jasoko dituena auzo-biltokia, zoladura berritzea, kableatu guztia lurperatzea, euri uren ja­sotze egokia, iturria eraberritzea... Proiektu ho­rren lanak, 2020an hasi beharko liratekela nabarmendu du.

Perurenan, aurten frontoiko auzo-biltokia egokitzea es­ka­tu du; alegia, proiektua ida­tzi, lanak esleitu eta gauzatu. Eta Floreaga bidea eraberritzea ere jasota dago mozioan, 2019ko aurreneko hiruhilekoan.
Ergobian, berriz, eskatu du Akarregi-Ergobiako uholdeen aurkako lanak egiteko, URAren esku utzi beharreko lurrak 2019 urtean zehar lortzea Udalak; eta era berean, Ergobia, Oken­dotegi eta Txalaka arteko eremuaren hiritartze proiektua 2020an esleitu eta idaztea, gu­txienez bilduko dituena aisialdi gune estali bat, Ergobiako zu­biaren eraberritzea, eta herri baratzak egokitzea.

Anuska auzoa eraberritzeko, hiritartze proiektua ere 2019an esleitu eta idaztea jaso du mozioan, eta 2019-2023 arte­an gauzatzea, urtero gutxienez 150.000 euro bideratuz.

Txalakatik Oialumerako lo­tunea, bi norabideetarako egokitzea ere badago, 2019rako es­kaeren artean. Eta azkeneko bi eskaerak, landa eremurako dira orokorrean: baserrien atariak energia berriztagarriko argiteriarekin argitzeko plana idaztea 2019an, eta gehienez lau urtetan gauzatzea; eta baserri, sagardotegi, nekazaritza etxe eta abarren seinaletikaren diseinua gauzatzea aurten.

EH Bilduk dio, «auzotarren bizi-kalitatea hobetzea» dutela helburu guztiek, eta «udal talde guztiak ados» azaldu beharko liratekeela, horiek aurrera era­matearekin: «auzoetan aspalditik zintzilik dauden beharrak dira, eta auzotarrek eskatzen du­te­na atzeraezina da. Prest gaude gainerako alderdiekin negoziatzeko, mozioaren nondik-norakoak. Baina argi dago, erantzun bat be­har dutela au­zotarrek», dio EH Bilduk. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!