Bidez Bide programak hamar urte bete ditu, eta hori ospatzeko, ibilgailu berria erosi du. Programa horren bitartez, garraio zerbitzua eskaintzen zaie Hernani, Urnieta eta Andoaingo landa eremuetan bizi diren 65 urtetik gorakoei eta mugikortasun arazoak dituztenei, Behemendi elkartearen bitartez.
Zerbitzuarekin jarraitzeko, ibilgailu berria aurkeztu zuten atzo Urnietan, eta bertan izan ziren Behemendiko Juan Cruz Alberdi; ibilgailuaren gidaria, Begoña Berastegi; Xabier Lertxundi, Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialen zinegotzia; Mikel Pagola, Urnietako alkatea; eta Ana Carrere, Andoaingo alkatea.
45.000 euroko kostua
Ibilgailu berriak 45.000 euroko kostua izan du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailak ordaindu duena. 7-8 lagunentzat lekua dauka eta Alberdik azaldu duenez, «egokituta dago aulki gurpildunentzat».
Zerbitzuaren garrantzia nabarmenduta, Udalek
Hiru Udalek ahalbidetzen dute zerbitzua aurrera eramatea: «eskertu behar diegu Udalei urtero, hitzarmenaren bidez, txoferraren gastuak eta zerbitzuarenak ordaintzeagatik», adierazi zuen Alberdik.
Udalek, haien aldetik, zerbitzuaren garrantzia nabarmendu zuten: «zerbitzua egokitu egiten zaie beharrei», onartu zuen Mikel Pagola Urnietako alkateak.
Xabier Lertxundi Hernaniko Zerbitzu Sozialen zinegotziak erakundeen arteko elkarlana nabarmendu zuen: «hiru herrien artean lan egiteak halako emaitzak ematen ditu; bide horretan jarraitu behar dugu».
Ana Carrere Andoaingo alkateak, aldiz, oraindik erabiltzen ez duenari, erabiltzeko gonbitea luzatu zion.
«Eskerrak», baita ere, gidariari
Begoña Berastegi gidariaren lana ere goraipatu zuen Juan Cruz Alberdik: «gidari lanak baino, laguntzaile lanak egiten ditu, erabiltzailea atendituta dago».
Eskerak, telefonoz
Astelehenetik ostiralera eskaintzen du zerbitzua Behemendi elkarteak, 08:00etatik 12:00etara, aurrez telefonoz deituta.