Ainara Garcia argazkilari hernaniarraren Naturari begidaradak argazki erakusketaren irekiera ekitaldia egin zen atzo Biteriko erakusketa gelan. Bi asteetan egongo dira bertan ikusgai bere «50 argazki inguru», Ainarak atzo bertan zioen bezala. «Naturarekin lotutako argazkiak dira, nahiz eta azkenaldian gehiago ari naizen erretratoa lantzen».
Eskarmentu haundiko argazkilaria da. «90garren hamarkadan hasi nintzen eta garai bateko argazkiak ekarri ditut batipat, lehenengo garaikoak. Orden bat mantendu dut, urtaroen arabera, negutik udararaino». Bakarrik egiten duen bere lehenengo erakusketa da. «Orain arte kolaborazioak egin ditut, baina inoiz ez bakarrik erakusketa bat. Prestatzen lagundu didate eta argazkiak aukeratzea ez da erraza izan. Haurra izan nuenetik natura eta erretratoa gehiago lantzen ditut biak uztartuz».