Saharako errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko, material bilketa martxan jarri du aurten Xaguxar aisialdi taldeak. Gaur emango zaio hasiera eta zita desberdinak jarri dira material bilketa egiteko. Herri Eskolak ere bat egiten du ekimenarekin.
Herri Eskolako patioan, Isa Coviranen eta Joseba Barandiaran Plazan
Honela gaur, 16:30etan, Herri Eskolako patioan egingo da bilketa. Isa Coviran merkatal dendara ere eman daiteke materiala; gaur, bihar eta etzi ostegunean. Herri Eskolan ere ostegunean egongo da bilketa, 16:30etan patioan eta Joseba Barandiaran plazan ere bai, ostegunean, 18:30etan.
Oraingoan osasun eta eskola materiala eskatzen da Dajla kanpamenturako
Saharako errefuxiatu kanpamenduetan, baldintza penagarrietan bizi dira eta honek osasun arazo larriak sortzen dizkie, batez ere, ume eta haurdun eta bularra ematen ari diren emakumeei. Horregatik osasun materiala bilduko da eta hezkuntzaren alde egiteko ere eskola materiala.
Dajla kanpamentura joango da bildutako material guztia eta eskatzen dena ondorengo materiala da: arkatzak, margoak, reglak, papera eta koadernoak. Osasun materialari dagokionez: ibuprofenoa, paracetamola, Dalsy, gasak, sueroa eta tiritak.
Bere garaian, herriko komertzioetan edota kultur etxean egin izan dute bilketa, eta azkenaldian, Herri Eskolan hasi dira egiten. Hala ere, azpimarratu nahi da, herritar guztiei irekia dela bilketa, eta denak animatu dituzte, parte hartu eta ikastolara hurbiltzera, janaria ematera.