Urnietako Gazte Informazio puntuak 2. Bidaien diaporama lehiaketa jarri du abian herriko gazteen mugikortasuna sustatzeko helburuz. Modu honetan, gazteek azken urte hauetan bizi izan dituzten esperientzia interesgarrien berri emateko modua izango dute.
2011 urtetik aurrera egindako bidaia baten kontaketa
Buruntzaldeako Udaletan (Urnieta, Hernani, Astigarraga, Usurbil, Andoain eta Lasarte) bizi, ikasi edo lan egiten duten eta 2003a baino lehenago jaiotako gazte bidaiazaleek aukera paregabea dute haien bidaiaren bat ezagutzera emateko: nolako esperientzia izan zen, nola antolatu zuen bidaia, zein ibilbide burutu zuen, zer ikusi eta ikasi zuen…
Diaporamak 2011 ondorengo bidaiei buruzkoak izan beharko dute eta ikus-entzunezko materiala eta 30-45 minutuko ahozko aurkezpena izan beharko dute. Aurkezpenak banaka edo taldean egiteko aukera eskainiko da, baina hori bai, taldeko gehienezko parte hartzaile kopurua lau pertsonakoa izango da.
Izena emateko epea urtarrilaren 25era arte
Izena emateko eta lanak aurkezteko epea urtarrilaren 25ean amaituko da eta ondorengo lekuetan egin daiteke: Lekaio kultur etxea, Gazte Informazio Puntua eta Urnietako Udalaren webgunea.
Sari potoloak banatuko dira
Aurkezten diren guztien artean hiru pertsona hautatuko dira bidaien originaltasuna eta aurkeztutako materialaren kalitatea kontuan izanik, eta horiek beraien diaporama aurkezteko aukera izango dute. Puntu horretara iristen direnek 100 euroko sari bat eskuratuko dute, baina ondoren, hiru hautatuen artean irabazlearen saria (300 euro) banatuko da ondorengo irizpideak baloratuta: Aurkezpenaren erakargarritasuna, arintasuna eta argitasuna. Erakusketaren kalitatea eta originaltasuna. Aurkezpena bere osotasunean eta erabilitako materiala.