Izenematea irekita, beste sei ikastarotan

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 7a, 01:00

Garai honetan ohikoa den bezala, Hernaniko Udalaren Berdintasun Sailak dagoeneko aurkeztu du Emakumeen­tza­ko Jabetze Eskolaren 2019­ko udaberriko programa. Denera sei ikastaro izango ditu. 

Horietako lau sei hileko honetan hasi eta bukatuko  dira: Gure gorputzaren jabe, Harreman parekideak eta tratu onekoak, Mindfulness edo momentuan presente ego­tea eta Eskalada tailerra: has­tapena. Beste biak urte osoko programak dira, baina izena eman daiteke: Batukada femi­nista eta Munduko ema­ku­meen literatura.

Horretarako, gaurtik eman daiteke izena: Plaza Feminis­tan, 043 33 70 17 zenbakian edo berdintasuna@hernani.eus.

- Gure gorputzaren jabe. Tailerraren zati teorikoan, gorputzaren anatomia, funtzionamendua eta hormonen bidea landuko dira, besteak beste. Zati praktikoan, aldiz, gorputza sentitzen ikasteko tresnak eskuratuko ditugu hainbat ariketen bitartez; gernu jarioentzako baliagarriak diren hipopresiboak ere landuko dira. Otsailaren 14tik apirilaren 11ra, ostegunetan, 17:30etatik 19:00etara. Biterin. Irakaslea: Laida Marco Salaberria. Hizkuntza: euskera. Prezioa: 14 euro.

- Harreman parekideak eta tratu onekoak. Saio honen bidez harremanen inguruan hausnartzeko gune bat sortzen saiatuko gara, harreman horiek gure bizitzetan dituzten ondorioak ikusteko eta aldaketa positiborako tresnak bultzatzeko. Urtarrilaren 18tik martxoaren 19ra, ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara, Biterin. Irakaslea: Pepa Bojó Ballester. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 22 euro.

- Mindfulness edo momentuan presente egotea. Mindfulness momentuan presente egotea da, norbera berekiko presente, eta ez soilik besteentzako. Une bakoitzean gertatzen ari dena modu egokienean kudeatu ahal izateko tresnak eskaintzen ditu, gure emozioak eta beharrak kontuan hartuz. Mundu frenetiko honetan gure barne erritmoa bertopatzeko aukera eskaintzen digu praktika eta jarrera honek, gu nola gauden sentitzeko eta arnasteko tresna bat. Horrez gain, gure errealitatea den bezala ikusten laguntzen digu, eta hortik abiatuta, gure beharrak argiago identifikatzen ditugu. Otsailaren 8tik apirilaren 5era, ostiraletan, 09:15etatik 10:45e­tara. Irakaslea: Clara Wolfram Perez. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 12 euro.

- Eskalada tailerra. Eskaladan, beste hainbat kiroletan gertatzen den modu­an, emakumeen parte-hartzea txikia da; eta praktikatzeko garaian gizonezkoen laguntza edo dependentzia agerikoa da kasu gehienetan. Tailer honetan kirol eskaladaren hastapenerako oinarriak emango dira. Irakasleak: Patri Espinar Labian eta Arantxa Arrieta Garces. Maiatzaren 10etik ekainaren 14ra bitarte, ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara. Hizkuntza: euskera. Prezioa: 18 euro.

- Batukada feminista. Zein da helburua? Hainbat musika-tresna jotzen ikasteaz gain, gozatzea, emakumeon artean harremana izatea, talde lanean eta elkarrekin ikastea, irudimena lan­tzea, sortzea, gidaritza hartzea, mu­sikaz disfrutatzea eta gozaraztea, emakumeak eta feministak ikusiak eta entzunak izatea, aldarrikapenak plazaratzeko espazioak okupatu eta erabiltzea... Irakasleak: Arantxa Vicedo Rubio eta Ainara Sarasketa Alberdi. Ostiral hauetan: urtarrilak 11 eta 25; otsailak 8 eta 22; martxoak 8 eta 22; apirilak 5; maiatzak 3 eta 17; ekainak 14; eta festetako irteera. Arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara, Langile ikas­tolako Laubidietan. Prezioa: 22 euro.

- Munduko emakumeen literatura. Beste emakume askok garbitu eta sendotu dute gu orain egiten ari garen bidea. Gurekin batera beste hainbat emakume ere antzeko bidean dabiltza. Haien pausoak neurtzea eta aprobetxatzea da modurik onena beren esperientziari, gozamenari eta sufrimenduei balioa emateko. Haiek ezagutuz geure burua hobetoxeago ezagutuko dugu. Munduko Emakumeen Literatura amaierarik gabeko bidaia batean murgiltzea da, hainbat herrialdetako idazleen lanetan murgildu eta euren kezka eta baldintzen leihoetatik begiratzea. Irakaslea: Mertxe Tranche Iparragirre. Ostegun hauetan: urtarrilak 17, otsailak 7, martxoak 7, apirilak 8, maiatzak 2, ekainak 13. Arratsaldeko 18:30etatik iluntzeko 20:30etara, Plaza Feministan. Prezioa: 12 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!