Gipuzkoako buruz buruko trinkete txapelketan murgilduta dabiltza Ekain eta Eñaut Lizeaga anai astigartarrak, kadete mailan. Igandean Irurako Ametsa trinketean jokatu zituzten final laurdenak, eta biek lortu zuten garaipena. Horrela, finalerdietarako pasea lortu dute. Urtarrilaren 13ko asteburuan jokatuko dituzte finalerdi horiek. Hain zuzen, Unax Uitzi eta Anartz Oiartzabal hernaniarrak izango dituzte aurrez aurre, hauek ere final laurdenetan arerioak gainditu baitzituzten. Kasu honetan, hernaniarrak izan zituzten aurkari, baita ere; Uitzik 30-13 irabazi zion Jon Jarari, eta Oiartzabalek 30-28, Xabier Apaolazari. Jubenilei dagokienez, Mikel Lasa finalerdietarako sailkatu da, 35-32 irabazita, eta seniorretan, Endika Arizmendik galdu egin zuen final laurdenekoa, 40-30, Pagazperen aurrean.