Urumea Berriren atzealdean, frontoia eta kirol kantxen ondoan jarriko da bizikletentzako 1.000m2 izango dituen parkea. Hala jakinarazi du Udalak.
Hasiera batean ibai parkean kokatzea aurreikusi zen, baina «Ura Euskal Agentziarekin hitz egin ondoren, ez dirudi toki egokiena. Ibai parkea uholde eremu gisa katalogatuta dago, eta horregatik, metro bakarreko altuerako oztopo naturalak bakarrik eraiki ahal izango lirateke».
Hasiberrientzako parkea
Azkenean, Urumea Berri auzoa eta Bidebitarte poligonoaren arteko frontoi eta kirol kantxen ondoan jarriko da 1.000 metro karratuko bizikletentzako parkea, eta hainbat gune izango ditu.
Bizikletentzako ez ezik, patin edota monopatinetarako guneak ere izango ditu, eta asfaltoa izango du, horrela, «euria egiten badu ere segurua izaten jarraitu dezan».
Parkea egokia izango da bi urtetik aurrerako umeentzat, eta bereziki, hasiberriei zuzendutakoa izango da. Gobernu taldeak jakinarazi du aztertu egingo duela «aurrerago beste ezaugarri batzuetako bizikleta parkea eraikitzeko aukerarik legokeen, behin parke honen erabilera eta eskaera neurtuta».
Proposamen bozkatuena
Udalak gogorarazi du bizikleta parkea 2018ko aurrekontu partehartzaileetan «proposamen bozkatuena» izan zela. «Astigarragan gero eta kirol eta aisialdi aukera gehiago dago».