Nazioarteko Jaialdia antolatu zuen abenduaren 22rako Goizuetako Udalak, Kultur taldea eta Gizarte Zerbitzuekin batean, etxeetan zaintza lanetan aritzen diren emakume atzerritarrak omentzeko.
Jaialdiari hasiera emateko, Maite Perurena, Gizarte Zerbitzuetako gizarte langile eta integrazio sozialeko teknikariak gidatuta, hainbat testigantza entzuteko aukera izan zen. Hain zuzen, etxeetan helduak zaintzen lan egiten duten Nicaragaua eta Honduraseko 12 emakumeek beren esperientzia eta sentipenen berri eman zuten. Hitz xume eta goxoak egin zituzten, eta horrez gain, sorpresaren bat ere prestatu zuten: bildutako herritarren aurrean kantatu zuten Honduraseko lau emakumek beren herrialdeko ereserkia, eta Nicaraguako beste batek, bertako dantza tradizionala dantzatu zuen.
Horren ondoren, esker oneko hitzez gain, Udalak «beraien lana errekonozitu» nahi izan zuen, eta oroigarri bana banatu zien, «kanpotik etorritako emakume hauek egiten duten zaintza lana baloratuz eta herrian ematen duten zerbitzua eskertu asmoz».
Jaialdia zapore onarekin bukatzeko, Honduras, Brasil eta Nicaragauako jaki eta edariak dastatzeko aukera izan zuten herritar guztiek, Hego Amerika eta Ertamerikako musikak lagunduta.