«Eskatzen dugu animalien babeserako araudiaren hobekuntza erreal eta eraginkorra»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 5a, 01:00

«Inolako alderdi politikorekin loturarik gabeko» hainbat astigartar biltzen dira Plataforma A+ elkartean, eta «modu informalean 400 sinaduratik gora» bildu dituztela jakinarazi dute, udaletxeari eskatzeko animalien babeserako araudia hobe­tzeko; «1.000 txakur inguru dago egun erroldatuta».
Abenduaren 14an egin zu­ten bilketa, «bizilagun, taberna eta komertzioetako elkarlanari esker», eta egun horretan bertan, Joseba Barandiaran plazan bildu eta 25 txakur inguruk lagunduta udaletxera gerturatu ziren, sindaurak alkateari eta udaltzain buruari eramatera; «biak bertan egotea esker­tzen dugu, lan ordutegitik kanpo sinadurak biltzeagatik», azaldu dute.

Proposamenen zain
Ekintza honekin «egungo egoera onartezina ikusarazi» nahi izan dute, eta era berean, «beste kolektibo batzuekin bat» egin dute, «udaletxeari eskatzeko, dagoena dagoela, eta alderdi guztiak arduradun eginez, animalien babeserako araudiaren hobekuntza erreal eta eraginkorra».
Era berean, gogorarazi nahi izan dute badirela «gai sozialetan premiazko beharrak, oso premiazkoak, bizilagun gehienon ustez, animalistak izan edo ez, garrantzitsuagoak direnak. Horregatik, eskatzen dugu jarrera profesional eta serioa, liskarretatik aldendua; ideiak eta hobekuntza proposamenak egingo ditugu, baina era berean, zuen proposamenak espero ditugu, ahal dela, idatziak eta  lotesleak».


Apirilean, festa
Egindako eskaera horien berri emateaz gain, taldeak jakinarazi du apirilaren 27 eta 28an jaialdi animalista antolatzekoak direla Astigarragan, eta par­te hartzera animatu dituzte he­rritar guztiak, «animalien ba­beserako gaien inguruan he­zi eta kontzientzia sortzeko».
Interesa duen edonor jarri daiteke harremanetan taldearekin: p.animalista.astigarraga@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!