Hernanin etxebizitza alokairuan hartzeko diru-laguntzen eskaera egiteko epea zabalik dago, urtarrilaren 7, datorren astelehenera arte.
Diru-laguntza hauek Hernaniko Udalak ematen ditu, urtebeteko alokairua ordaintzen laguntzeko; kasu honetan, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra artekoa.
Hainbat baldintza
Laguntzak eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira.
Alokairuari dagokionez, alokairuak urtebeteko iraupena izan beharko du gutxienez; EAEko hiri-finken errentamendu-kontratuen erregistroan inskribatua egon behar du; eta gehienez, 650 euroko alokairu gastua izango du hilean.
Eskatzaileei dagokienez, gutxienez duela urtebetetik Hernanin erroldatuta dagoena izan beharko da, eta diru-sarrerak, urtean, ezingo dira izan 25.000 euro baino gehiagokoak, laguntzaren eskatzailea bakarra den kasuetan, eta 39.000 euro baino gehiagokoak bi eskatzaile edo gehiago diren kasuetan.
Eskaerak, udaletxean
Eskaerak egiteko orriak Hernaniko udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan (HHZ) edo www.hernani.eus webgunean lortu daitezke, eta eskaerak ere HHZ zerbitzuan bertan egin behar dira, goizeko 08:00etatik 19:00ak arteko tartean. Azken eguna, datorren astelehena izango da.