Berritze lanak, irisgarritasuna hobetzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko urt. 4a, 01:00

Astigarragako Kultur Etxe­ko lo­rategiaren behealdean obra-la­nak martxan jartzea onartu zu­en azken Plenoak. Udal Go­ber­nu Taldeak aurkeztu zuen pro­posamena, bi helbururekin: «Anuska auzoko irisgarritasuna hobetzea, eta lorategia berritzea». 

Udalak jakinarazi duenez, «Añarbek Kale Nagusiko 51 zenbakian ur-horniduran egin­go duen berrikuntza» aprobetxatuko da lan hauek egiteko.

Bide eta lorategi berritua
Proposamenean bi lan egitea aurreikusi da. Batetik, Kale Nagusia 35tik hasita berdeguneko goiko hesira arte bide berri bat sortzea, lorategia diagonalean zeharkatuko du­ena. Eta bestetik, lorategiko beheko aldea berritzea, zati hori auzoan integratzeko. Honekin, «irisgarritasuna ho­be­tzea» espero da; «bide irisgarria eta argia egingo da, eta atseden elementuak jarriko dira. Era berean, Kale nagusia eta bide berriaren artean geldituko den espazioa hornituko da: aisialdi gunea 9-13 urte arteko umeentzat, altzari berriak, deskantsu  gunea...».

Proiektua koordinatzeko «kanpoko arkitekto batekin ari da lanean Udala», eta berak proposatu zituen aldaketak. Proposamena Kontxa Etxebe­rria Fundazioko ordezkariei ere aurkeztu zaie, Kul­tur Etxeko lurren jabea delako, eta elkarlanerako prest azal­du dira. Bide batez, lorategiko beheko aldean Kon­txa­ren Lorategia seinalea jarriko da.

Bizilagunei azalpenak
Egin behar diren tramiteekin bukatuta, auzoko bizilagunekin bilera informatiboa deituko duela jakinarazi du Udalak, obraren xehetasunen berri emateko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!