Bi erronka desberdini egin behar izan diete aurre txirrindulari astigartarrek, pasa den asteburuan.
Batetik, Gipuzkoako Bioracer txapelketan aritu da Urko Semperena, 23 urtez azpikoetan. Bestetik, Jaime Romero eta Telmo Semperenak Bioracerreko jardunaldia utzi, eta Gipuzkoako Selekzioarekin, Burdeoseko Neguko Txapelketan izan dira.
Gipuzkoako Bioracerren lider, astigartarrak
Anoetako belodromoan ari da jokatzen Gipuzkoako Bioracer Txapelketa, eta pasa den asteburuan, zazpigarren jardunaldian, scratch eta puntuazio probetan aritu da Urko Semperena. Scratchean, gainera, proba ikusgarria egin eta ikaragarrizko bukaerako sprintari esker, irabazi egin zuen.
Puntuazio proban, berriz, saiatu bazen ere, ez zuen lortu ihes egindako txirindulariak harrapatzea, eta pelotoiak harrapatu zezan utzi zuen, deskantsatu eta azken sprintean erasora jotzeko. Estrategia ona, inondik ere, irabazi egin baitzuen, eta horrekin, bigarren egiteko nahikoa puntu lortu zituen. Horrela, bi jardunaldiren faltan, 23 urtez azpikoetan lider jarraitzen du Urko Semperenak.
Juniorrei dagokienez, Burdeosera joan direnez azken jardunaldia jokatu ez badute ere, astigartarrak dabiltza aurrean: lider da Jaime Romero, eta Telmo Semperena bosgarren dijoa.
Burdeosen, Selekzioarekin
Hain zuzen, Burdeoseko Neguko Txapelketan izan dira bi astigartar juniorrak, Gipuzkoako Selekzioarekin. Asier Pozo taldekideak scratch proba irabazi zuen, eta Jaime Romero bigarren izan zen. Puntuaziokoan Romerok hirugarren eta Telmok 5garren egin zuten.